Kanpaldi bat egin dute Aroztegiko proiektua geldiarazteko

Lekaroz herrian 228 etxe, hotel bat eta golf zelai bat egiteko proiektua geldiarazi nahi dute. Gaur elkarretaratzea egingo dute Lekarozen

Aroztegiako proiektuaren aurkako kanpaldia, atzo. IÑIGO URIZ/ FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Aroztegiko proiektua bertan behera uztea nahi du Aroztak mugimenduak; hots, Lekaroz herrian (Baztan, Nafarroa) 228 etxebizitza, hotel bat eta golf zelai bat egiteko proiektua geldiaraztea. Horretarako, kanpaldia egin zuten atzo, eta, gaur, 17:00etan hasita, elkarretaratzea egingo dute Lekarozko plazan. Gainera, maiatzaren 15ean, 17:30ean, manifestazioa egingo dute Elizondoko plazatik abiatuta (Baztan, Nafarroa). Aroztak mugimenduko kide Aintzane Ariztegik argi du mobilizazioen helburua: «Gure helburua betidanik izan da proiektu hau gelditzea. Horretarako, gobernuak eta agintari politikoek ez badigute kasurik egin nahi, hau gelditzeko gure eskuetan dagoena egitea dagokigu, benetan gure bailararen etorkizun duin eta jasangarri batean sinisten badugu eta bertan bizi nahi badugu».

Ariztegik azaldu duenez, dagoeneko sartu dituzte makinak Aroztegia proiektua egin nahi duten eremuan: «Hasi ziren arbolak botatzen, makinak pasatzeko bideak irekitzen, lurra mugitzen eta aztertzen...». Haren hitzetan, hasierako mugimendu horiek nahikoa izan ziren herri mugimendua mobilizatzen hasteko. Izan ere, azpimarratu duenez, proiektuak aurrera jarraitzeak «ondorio aunitz» utziko dizkie: Lekaroz herriaren biztanleria «hirukoiztea» egun 350 biztanle ditu, antolatzeko era eta balioak galtzeko arriskua, euskararen erabilera arriskuan jartzea, zerbitzuak «turismoaren mesedetara» jartzea... Halaxe dio: «Baztango ekonomia, orokorrean, turismoaren menpeko bihurtuko litzateke, horrek beti ekarri dituen ondorioekin: etxebizitzaren arlokoak, lan guztiz prekarioak...».

Nafarroako Gobernuak izan duen jarrera ere gaitzetsi du Ariztegik: «Nafarroako Gobernuak erabaki du hau inposizio bat izatea». Haren irudiko, UPNren bide bera hartu zuten Geroa Bairen eta PSNren gobernuek, eta «oso antidemokratikoki» jokatu dute. Haren arabera, ez dute aintzat hartu baztandarren hitza: «Enpresak ekarri zuen proiektua mahai gainera; Baztango herriak hitz egin zuen, eta erakutsi zuen ez dagoela proiektu honen alde, eta gelditu behar dela». Gainera, azaldu duenez, proiektua Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plan gisa bideratuta, Baztango Udalari eskumenak kendu dizkiote. «Salatu izan duguna da neurri hau erabili dela, batez ere baztandarron ahotsa isiltzeko eta gure aurkaritza zapaltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.