CIEren apustua Indian dago datozen urteetan

CIE Automotiveko presidenteak esan du autogintza sektoreak Indian gorakada izan dezakeela etorkizunean. Halaber, aurreratu du AEBen eta Txinaren arteko gerra komertzialak ez diela eragingo

Anton Pradera, atzo. M. DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Indian gustura dago CIE Automotive konpainia bizkaitarra. Aurten bertan Aurangabad Electricals enpresa indiarra bere egin zuen, eta Anton Pradera presidenteak atzo esan zuen aurrerantzean ere estrategikoa dela herrialdean jarraitzea. «Uste dugu euren mirarizko hogei urteak egin behar dituztela; demokrazia handi bat da, eta segurtasun juridiko handia dago bertan». Deustuko Unibertsitateak eta Deloitte aholkularitza kabineteak antolatutako hitzaldi-bazkarian hitz egin zuen, eta irabazien arabera inbertitu behar dela nabarmendu: «Beti horrela egin izan dugu; aukera handiren bat ikusi dugunean bertara joan izan gara, eta orain Indian egon behar da». Maiatzean aurkeztu zuen 2020-2025 plan estrategikoa, eta bertan Indiak indar berezia edukiko du.

Sektorean ez du krisi baterako arriskurik ikusten Praderak, are gutxiago Txinaren eta AEBen arteko gerra komertzialaren eraginez. «Guri ez digu ezertan eragingo, eta, sektoreari dagokionez ere, ezer gutxi, Txinak ez baitu autorik esportatzen apenas; AEBek bai, ordea, Txinara». Hori bai, Trumpek Europara begiratu eta «automobilen esportatzaile handia dela jabetuko balitz, orduan arazoa handiagoa izango zen». Halere, CIEko buruak argi utzi du horrek apenas eragingo liekeela eurei, apenas egiten baitute lan Mercedes, Audi eta BMWrekin. «Horiek izango lukete galtzeko gehien». Horregatik, lasaitasun mezua zabaldu nahi izan zuen, eta euren aurreikuspenak onak direla berretsi zuen: 2020rako 4.000 milioiren salmentak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.