EEPk konstituzioa aldatzeko lege bat eskatu dio Macroni

Murgiltze ereduaren «arrakasta» nabarmendu dute hizkuntza gutxituen erakundeek, Frantziako presidenteari bidalitako gutunean

Euskarazko hezkuntza defendatzeko ikasleen protesta bat, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legearen kontra hartutako ebazpenarekin «haserre» agertu da EEP Euskararen Erakunde Publikoa. Bretoieraren, katalanaren eta okzitanieraren erakunde publikoetako buruekin batera, Emmanuel Macroni gutun bat bidali dio Antton Kurutxarri EEPko presidenteak, eta eskaera argi bat egin diote Frantziako presidenteari: «Aitzinkaririk gabeko hondamendi hau saihets ezazu, proposa ezazu lehenbailehen lege proiektu konstituzional bat, Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko». Izan ere, artikulu horrek dio frantsesa dela estatuko hizkuntza bakarra, eta murgiltze eredua haren aurkakoa dela ebatzi zuen Konstituzio Kontseiluak iragan astean.

Ebazpenak sortutako harrabotsa ikusita, hizkuntza gutxituen alde mintzatu zen Macron herenegun Facebooken, baina lau erakundeek erantzun dute «intentzio adierazpen soil batekin» konformatzea «ezinezkoa» zaiela, eta murgiltze ereduan oinarrituriko irakaskuntza babesteko neurriak eskatu dizkiote. Gutunean ohartarazi dute murgiltzea desagertzea «hondamendia» litzatekeela, eta «eskualdeetako hizkuntzen biziraupena eta garapena» dagoela jokoan: «Ez dezakegu onar gure hizkuntzei beren garapenerako hain garrantzitsua zaien baldintza debekatzea, gibel egitera kondenatzea bailitzateke».

Hala, sinatzaileek defendatu dute murgiltze eredua «arrakastatsua» dela: «Bi hizkuntzak, frantsesa eta tokikoa, transmititzeko, eta hiztun elebidun orekatu eta eleaniztasunerako gai direnak ekoizteko eraginkortasuna frogatu du». Eta erantsi dute adostasunez eraiki dutela sistema hori: «Badira hamarkadak politika horiek instituzioen, hautetsien, familien eta gizartearen onespena eskuratzen dutela. Hamarkadak, gure hizkuntzen transmisioaren lorpen-baldintzak sortzen ari garela, testuinguru handizki frankofonoan. Murgiltze bidezko irakaskuntza tresna erabakigarria da horretarako, eta hizkuntzen aldeko politika publikoen oinarri saihetsezina».

Era berean, erakundeetako presidenteek gogora ekarri dute Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua «frantsesa ingelesetik babesteko» idatzi zela: «Gure eskualdeetako hizkuntzen aurka baliatua da, ingelesetik babestea lortu gabe. Ezin dugu anomalia hori onartu, ezin dugu onartu bere helburua lortzeko ezgaitasuna erakutsi duen eta gure hizkuntzendako bereziki kaltegarria dela frogatu duen artikulu hori». Ildo horretan, Konstituzio Kontseiluak estatu zibileko dokumentuetan ñ-a eta halako zeinu diakritikoak erabiltzea ere debekatu duela eta, ohartarazpena egin diote Macroni: «Kontseiluaren ebazpenetik landa, William edo Steve izenak idazten jarraitzen ahalko dugu, baina Beñat edo Fañch, Ròsa edo Martí, ez».

Larunbateko manifestazioa

Euskalgintzako eragileek murgiltze ereduaren alde larunbatean Baionan egingo duten manifestazioak EH Bilduren eta EH Bairen babesa izango du, alderdiek atzo adierazi zutenez. Ebazpena «euskararen eta euskaldunen aurkako eraso bat» dela adierazi zuten, eta horri «kolektiboki» erantzuteko beharra azpimarratu. Euskarak eta gainerako hizkuntza gutxituek beren iraupena bermatzeko «estatus juridiko berezi bat» behar dutela ere nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.