Udalbiltzak egitura berritu du. Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen ostean, aldaketak izan dira udalen osaketan, eta, horren ondorioz, Udalbiltzako karguak ere berritu dituzte. Udalbiltzako kideek iragan ostiralean egin zuten ezohiko Kontseilu Nagusia, Usurbilen (Gipuzkoa). Egindako bideari buruz hausnartu zuten, eta lehendakari berria hautatu: Jabi Asurmendi Sainz Arakaldoko (Bizkaia) alkateak Haritz Alberdi Arrillagari eman zion lekukoa. «Ilusioz eta datorrenari heltzeko gogoz» hartu du getariarrak (Gipuzkoa) lekukoa.
Batzorde eragile berriaren berri ere eman dute, ohar baten bidez. Zazpi kidez osatua dago: Begoña Enbeita Maguregi (Muxikako alkatea, Bizkaia), Ioritz Berra Juaristi (Zaldibiako alkatea, Gipuzkoa), Andoni Lariz Bustindui (Ziortza-Bolibarko alkatea, Bizkaia), Garazi Urdanpilleta Astibia (Oiartzungo zinegotzia, Gipuzkoa), Agurtzane Solaberrieta Mesa (Usurbilgo alkatea), Karlos Renedo Lara (Bilboko zinegotzia) eta Iban Verdugo Markotegi (Etxarri Aranazko zinegotzia, Nafarroa).
Orain arteko ibilbidearen errepasoa egin ondoren, Udalbiltzak adierazi du gogoeta fase batean sartuko dela, aro berri bati ekiteko asmoarekin. Partzuergokideekin batera zehaztuko dituzte Udalbiltzaren eginkizunak, «gaur egungo beharrei egokitu nahian». Heldu den urtearen hasieran izango dira ikusgai eztabaida horren fruituak.
Udalbiltza duela 24 urte eratu zuten, bost printzipioren gainean: Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzea eta haren egituraketa politikoa eraikitzea; nazio eraikuntza bultzatzea; herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, eta nazioartean adieraztea Euskal Herria nazio berezkoa dela eta hala izan nahi duela.
Haritz Alberdi Arrillaga Getariako alkatea Udalbiltzako lehendakari
Ezohiko kontseilu nagusia egin dute, eta batzorde eragilea berritu. «Ilusioz eta datorrenari heltzeko gogoz» dago Alberdi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu