Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia espero baino gehiago haziko da urte amaierarako. Eusko Jaurlaritzak hazkunde aurreikuspena berrikusi du, eta uste du igoera hamarren bat gehiagokoa izango dela, barne produktu gordinaren %1,6rainokoa. Gainera, gobernuak iritzi dio ekonomiak hobera egingo duelako aurreikuspenek lan merkatua hauspotuko dutela: espero du aurten 11.000 lanpostu sortuko direla, eta datorren urtean beste 16.000, hau da, martxoan kalkulatu baino 6.000 gehiago.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi du ekonomiaren susperraldia sendotzeko baldintza egokiak daudela, baina ohartarazi du «ziurgabetasuna» ez dela desagertu oraindik: «Ukrainako gerrak segitzen du oraindik, eta inflazioari aurre egiteko interes tasak igotzen jarraitzeak ere ekonomia motelduko du». Halere, ez du uste Alemania eta eurogunea atzeraldi teknikoan egoteak eragin nabarmenik izango duenik. «Ekonomia nahiko ondo doa», esan du Azpiazuk.
Are gehiago, sailburuak azpimarratu du testuinguru ekonomikoa «aldekoa edo positiboa» dela, eta datorren urtean are hobea izango dela. Horregatik, urte hasieran iragarritako %2,1eko hazkundeari eutsi dio Jaurlaritzak 2024rako. Langabeziari dagokionez, aurten %8,2koa izango dela espero du, eta datorren urtean %7,5era jaitsiko dela. «Agintaldiaren hasieran, %10etik jaistea jarri genuen helburutzat, eta alde handiarekin beteko da. Oso garrantzitsua da».
Horiek horrela, Jaurlaritzak espero du ekonomiaren susperraldia sendotzen jarraitzeko moduko aurrekontuak egin ahalko dituela datorren urterako. Inbertsioei eusteko nahia azaldu du Azpiazuk, eta muga handirik gabe gastatuko duela iragarri. Atea oraindik zabalik dagoela baliatu nahi du horretarako, Bruselak, Madrilek eta Gasteizek adostu gabe baitute nola ezarriko diren zerga arauak. «Ahalik eta gehien baliatuko dugu», azpimarratu du Azpiazuk.
Dena den, kontuak orekatzen hasteko garaia iritsiko zaie administrazio publikoei 2024an, Europak iragarri baitzuen Egonkortasun Ituna betearaziko duela urtarriletik aurrera. Azken hiru urteetan etenda egon da itun hori, Bruselak erabaki zuelako koronabirusaren krisiari gastu publikoarekin erantzutea.
Bada, sailburuak aitortu du finantza publikoen iraunkortasuna «erronkarik handienetako bat» izango dela Jaurlaritzarentzat datorren urtean, kontuen oreka eta «inbertsio premia izugarria» uztartu beharko baitituzte. Halere, Azpiazuk nabarmendu du aski baliabide izango dituela aurrekontuak nahierara egiteko, aurreratu baitu 2023rako onartutako aurrekontuaren zenbatekoa gaindituko duela 2024koak.
Gazteak eta ingurumena
2024. urteko aurrekontuak prestatzeko lehen urratsa egin du Jaurlaritzak, horien irizpide nagusiak onartu baitzituen atzoko gobernu bileran. Bigarren urratsa uda ostean etorriko da, aurrekontuen oinarri izango den koadro makroekonomikoa berritzen duenean. Eta urrian, Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran zehaztuko dute zenbat diru izango duen administrazio bakoitzak gastatzeko. Hain zuzen ere, Jaurlaritzaren asmoa da aurrekontu proiektua urriaren 24an onartzea, Eusko Legebiltzarreko tramitazioari ekiteko gero.
Legealdi honetako azken aurrekontuak izango dira, baina Azpiazuk nabarmendu du ez dela berritasun handirik egongo ildo nagusiei dagokionez. Halere, aurten arreta gazteengan eta ingurumenean jarriko dute bereziki, arrakala demografikoari eta klima larrialdiari aurre egiteko estrategiari erantzunez. Industria politika «proaktiboa», mugikortasun jasangarria eta energia berriztagarriak sustatzeko «apustu irmoa» ere egingo duela berretsi du sailburuak.
Jaurlaritzak hamarren bat igo du hazkunde aurreikuspena, %1,6raino
Uste du aurten 11.000 lanpostu sortuko direla, eta 2024rako beste 16.000. Azpiazuk esan du inbertsioei eusteko ahalegina egingo duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu