Parisek beste hilabete bat hartuko du erretreten erreforma negoziatzeko

Ostegun honetan aurkeztu beharrean, urtarrilaren 10ean egingo du. Madrilen, gurasoen kotizazio etenak hobetzea eskaini du Escrivak

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, atzo, Eliseon. GONZALO FUENTES / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Pentsioen erreforma eztabaidatuak esku artean dituztela amaitzen ari dira 2022. urtea Frantziako eta Espainiako gobernuak, eta bata zein bestea izerditzen ari dira sostenguak aurkitzeko. Bere buruari arnas pixka bat emateko, Parisekoak erabaki du erreformaren aurkezpena atzeratzea: etzi aurkeztu beharrean, urtarrilaren 10ean egingo du, sindikatuekin, patronalarekin eta oposizioko alderdiekin gehiago negoziatu ondoren. Negoziazio betean ari da, berriz, Madrilgoa, baina aurrerako urratsik egin gabe.

Erreforma baten zein bestearen helburu ofiziala da pentsio sistemak baby boom-aren belaunaldiaren erretiroari egokitzea. Ezer egin ezean, biek ala biek defizit handiak pilatuko dituztela diote gobernuek, eta horiek estaltzeko formulen bila ari dira.

Frantziakoak pentsioa jasotzeko adina atzeratuz lortu nahi du kontuak orekatzea. Gaur egun, 62 urtekoa da erretretaren adin ofiziala Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, baina erreformaren bidez 64 edo 65 urtera gibeleratu nahi du adina Parisek. Hori egingo ez balitz, pentsio sistemak 100.000 milioi euroko defizita pilatuko duela argudiatu du gobernuak.

Zenbaki horiek zalantzan jartzen dituzte sindikatuek, eta sistema orekatzeko beste modu batzuk badaudela diote. Ezohiko batasuna erakutsi dute, gainera: gobernuak gibelera amore ematen ez badu, mobilizazioetara deituko dutela iragarri dute.

Urtarrilaren 2ko astean berriro biltzekoa da gobernua sindikatuekin, baina aurretik, gaur eta bihar, talde parlamentarietako buruzagiekin mintzatuko da Elisabeth Borne lehen ministroa. Alderdi politikoekin ere lana egin behar du, gutxiengoan gobernatzen ari delako.

Ikusita oposizioko bi talde handienak erabat aurka dituela —ezkerreko Nupes eta eskuin muturreko FN Batasun Nazionala—, LR Errepublikanoa da erreformak aurrera egiteko botoak ziurta diezaiokeen bakarra. Baina LR buruzagirik gabe egon da igandera arte, eta negoziazioak luzatzeko arrazoietako bat izan da eskuinari denbora ematea bere burua antolatzeko.

Eric Ciotti da lider berria, eskuin muturretik gertuen zegoen hautagaia, eta jada jarri dizkio baldintza batzuk gobernuari. Horien artean daude, pentsio txikiak Smic gutxieneko soldatarekin parekatzea eta lan gogorrak izan dituztenek erretreta aitzineratu ahal izatea.

Bilera, Madrilen

Espainiako Gobernuak, aldiz, ez du erretiroa hartzeko adina gehiago atzeratuko —67 urtera luzatzeko prozesuan dago—, baina luzatu egin nahi du pentsioa kalkulatzeko kontuan hartu beharreko kotizazio urteen aldia. Hamabost urtetik 25era luzatzeko prozesua bukatu berritan, beste bat zabaldu nahi du 30 urtera iristeko. Hori bai, 30 urte horietan bi urterik okerrenak kentzeko aukera izango luke langileak.

Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroaren arabera, bere proposamenak mesede egiten die lan bizitzaren azken urteetan lana galdutakoei edo lan ibilbide hautsiagoak izan dituztenei. Gainera, ziurtatu du efektu neutroa izango lukeela kontuetan, hau da, batetik aurreztutakoa bestetik gastatuko litzatekeela. Ez da hori, ordea, sindikatuen iritzia: erreforma baztertu dute uste dutelako kotizazio aldia luzatuta pentsio gehienak apaldu egingo liratekeela.

Proposamen horri eutsi zion atzoko bileran Escrivak, baita pentsio handienen kotizazioek eta kopuruek gaur egun dituzten mugak gutxika kentzeko eskaintzari ere. Baina berritasun batekin iritsi zen ministroa: guraso izateagatik lana utzi behar izan dutenen pentsioak eta amak (eta aita batzuk) azken urteetan jasotzen ari diren gehigarria handitzea eskaini zuen. Sindikatuen ustez, motz geratu dira proposamen horiek.

Hurrengo egunotan berriro bilduko dira, akordio bat lortzeko epe laburra baitute. Next Generation funtsen beste zati bat jaso ahal izateko, erreforma abenduaren 31 baino lehen aurkeztuko zuela agindu zion Madrilek Bruselari. Edonola ere, epe hori ez da guztiz itxia, eta ez da baztertu behar aste batzuk luzatzea, baldin eta negoziazioetan aurrerapausoak baldin badaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.