Atzo goizaldean Errusiak Ukrainaren kontra hasi zuen erasoak erreakzio ugari piztu ditu nazioartean, eta baita Euskal Herrian ere. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gertakari larritzat jo du, eta kezka adierazi du ukrainarren egoerarengatik. Aurka agertu dira EAJ, EH Bildu eta Ezker Anitza ere. Erasoaren berri izan denetik, guztiek Vladimir Putin Errusiako presidenteari eskatu diote atzera egiteko. EAJk iritzi dio «nazioarteko legediaren urraketa argi bat» dela; EH Bilduk, berriz, «gogor» gaitzetsi du Putinen estrategia, eta bide «baketsu eta diplomatikoa» babestu du. Antzera mintzatu dira PSE-EE, Ahal Dugu eta Ezker Anitza ere.
Sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean, Urkulluk Europako Batasunean jarri du itxaropena, eta adierazi du espero duela erantzun «bateratu eta irmoa» emango duela erasoaren aurrean. Errusiaren jarrera erabat gaitzetsi du, eta nazioarteko legedia gutxiesten duen ekintzatzat jo du.
EAJko Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanen esanetan, berriz, ezin da «ezer gertatu ez balitz bezala jokatu. Errusiaren jarrerak ondorio batzuk izan behar ditu; Mendebaldeko munduak erabaki bat hartu behar du». Hedabideei eginiko adierazpen batzuetan, azaldu du Errusiak egin duena «erabateko erasoa» dela: «Ez dabiltza ezeren defentsa egiten; ezta Errusiari laguntza eskatu dioten ukrainarrena ere». Gehitu du «drama bat» dela «XXI. mendean» horrelako erabakiak hartzea, eta arazoak «herritarrei galdetuz» konpondu beharko liratekeela. Halaber, gogorarazi du 1991n Ukrainan egin zen erreferendumean «%90ek baino gehiagok» egin zuela Ukrainaren independentziaren alde.
Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentariak erasoen «larritasuna» azpimarratu du BERRIAri egindako adierazpenetan, eta beharrezkotzat jo du horiek salatzea: «Gatazkaren lehen momentu honetan oso garrantzitsua da gerraren kontrako mezuak zabaltzea, eta Errusiari eskatzea tropa militarrak Ukrainatik ateratzeko». Era berean, NATOri eta AEB Ameriketako Estatu Batuei eskatu die eraso hau ez erabiltzeko Errusiaren aurka neurri «gogorragoak» ezartzeko aitzakia gisa: «NATOk bere asmo espantsionistak gelditu behar ditu. Nazioarteko zuzenbide justu bat jarri behar dugu martxan, ez orain arte NATOk eta AEBek ezarri dutena bezalakoa».
Bereziki kezkatuta agertu da Ukrainako herritarrengatik: «Egoera honek krisi humanitario latza ekar dezake, eta Europako Batasunak prestatuta egon beharko luke horretarako».
Diplomaziaren defentsan
Hain justu, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak elkartasuna agertu die ukrainarrei: «Indarkeria presente dagoenean, ez dago arrazoirik eraso hori justifikatzeko. Gerra da gizateriaren adierazpenik okerrena».
Ahal Dugu-k, berriz, azaldu du biztanleria zibila ondorioak nozitzen ari dela, eta alderdia «nazioarteko zuzenbidea aplikatzearen eta bide diplomatikoen alde» agertu da: «Europak bere interesak defendatu behar ditu, eta bakearen alde borroka egin, betiere Nazio Batuen esparruan». Ezker Anitzak, berriz, dei egin du bide militarretik aldentzera eta «nazioarteko zuzenbidea eta diplomazia» defendatzera. Espainiako Gobernuari ere dei egin dio gatazka «zuzenean edo zeharka» ez elikatzeko.
Gerra Ukrainan. Euskal Herriko erreakzioak
Euskal eragileek nazioarteko legedia babestera dei egin dute
Alderdi politiko gehienek atzera egiteko eskatu diote Errusiari, eta gatazka konpontzeko bide demokratikoak defendatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu