Mikel Albisuk salatu du haren kontrako akusazioa torturetan oinarritzen dela

Preso ohiak Ordoñezen hilketaren auzian deklaratu du; Espainiako Estatutik irtetea debekatu diote. Sortuk dio «kartzelak bete» nahi dituztela

Mikel Albisu, Donostiako Auzitegira iristen, atzo. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jon olano
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
ETAk Gregorio Ordoñez zinegotzi eta PPko Gipuzkoako orduko presidentea hil zuen 1995eko urtarrilaren 23an, Donostian, eta, hilketa hari lotuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zuen atzoko Mikel Albisu Iriarte. Donostiako Auzitegian deklaratu zuen, bideokonferentzia bidez. Auzi saioa amaitzean, Albisuk azaldu zuen epailearen aurrean esandako «hitz bakarrak» izan direla gogorarazteko hogei eta bost urteko zigorrak bete zituela Frantziako Estatuan, «gaizkile talde» batean aritzea egotzita. Horrez gain, azaldu du haren aurkako akusazio berriak «torturen eta gezurren bitartez» eskuratutako elementuetan oinarritzen direla.

Auzitegi Nazionalak jakinarazi duenez, Alejandro Abascal epaileak badaezpadako neurri batzuk ezarri dizkio Albisuri: auzitegiaren oniritzirik gabe Espainiako Estatutik irtetea debekatu dio, pasaportea kendu, eta harremanetarako helbide baten eta telefono zenbaki baten berri emanarazi, jakinarazpen judizialak helarazi ahal izateko.

Epaileak argudiatu du delituaren «larritasunari» eta akusatuari jar diezaioketen zigor handiari erantzuten diola badaezpadako neurri horiek ezartzeko beharrak. Albisuren abokatuak hiru eguneko epea dauka erabakiaren kontra helegitea jartzeko.

Albisu 2004ko urriaren 3an atxilotu zuten, Biarnon, ETArekin lotuta. Hamabost urte eman zituen preso, eta, Frantziak ezarritako zigorra osorik beteta, 2019ko urtarrilean askatu zuten. Orain, Dignidad y Justicia elkarteak eskatu du auzibide batzuk irekitzeko, zenbait atentaturen «egile intelektualak» ikertzeko.

Atarian, babesa

Deklaratzera deitu dutela eta, Sortuk elkarretaratzea egin du epaitegiaren atarian, elkartasuna eta babesa adierazteko, Konponbidea eta bakea, Mikel Albisu gurekin lelopean: «Herri honetan bakeak, elkarbizitzak eta konponbideak Mikel gure artean egotea eskatzen du». Haimar Altuna Sortuko Nazio Kontseiluko kideak adierazi du Albisurena ez dela «kasu bakan bat» eta horren atzean «salbuespeneko legedian oinarritzen den Espainiako Auzitegi Nazionala» dagoela: «Hiru urte luze igaro dira Mikelek espetxea atzean utzi zuenetik, eta deialdi berri honek erakusten du berriro ere kartzelak bete nahi dituztela, Euskal Herria iraganera kateatuta mantentzeko».

Altunak gaineratu du«bakea eta elkarbizitza» erdiesteko lanean segituko dutela, Espainiako Estatuarekiko «gatazka politikoari irtenbide justu bat» emateko: «Beste batzuk, aldiz, kontrako norabidean ari dira. Bide hori oztopatu nahi dute, herri honi berriro ere sufrimendua eta mina eragin eta erabateko ukazioa ezartzeko».

Carlos Iturgaitz EAEko PPko buruak «iraingarritzat» jo du Antzari babesa agertu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.