EH Bilduk oinarriei galdetuko die zer bozkatu Sanchezen inbestiduran

Azken hauteskundeetan koalizioan «konfiantza» jarritakoek erabakiko dutela diote. Jaso dituzte Espainiako Gorteetako aktak

EH Bilduren hautetsiak, aktak jaso baino lehen, atzo. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
EH Bilduren Mahai Politikoak erabakia du nola aukeratuko den Espainiako presidentearen inbestidura saioan emango duten botoa: Mahai Politikoak proposamen bat egingo du, eta, hori onartu edo ez erabakitzeko, batzar bat egingo dute koalizio subiranistaren oinarriekin. «EH Bilduk batzar horretan parte hartzeko deia egingo die azken hauteskundeetan beren konfiantza indar subiranistan jarri zuten herritarrei», azaldu dute. Horrenbestez, EH Bilduk Espainiako presidentearen inbestiduran emango duen botoa oinarrien esku egongo da. «Nafarroako Gobernua aukeratzerakoan ere gauza bera egin zen», azaldu du Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak.

Atzo eman zuten presidentea erabakitzeko aukera edukitzeko lehen pausoa. Izan ere, EH Bilduk Espainiako Gorteetan izango dituen bost diputatuek eta bi senatariek aktak jaso dituzte. Akreditatu aurretik, gogoan izan zuten Josu Muguruza, atzo 30 urte bete baitziren eskuin muturrak diputatu zena hil zuela.

Pedro Sanchezen inbestidurari dagokionez, Aizpuruak esan du oraindik ez diela deitu eta, gobernua osatu nahi badute, zertarako izango den esatea izango dela garrantzitsuena. «Azken egunetan ikusitakoak ez gaitu baikor sentiarazten, Sanchezek oraindik ez baitu onartzen Kataluniarekin eta Euskal Herriarekin dagoen arazo politikoa», nabarmendu du. Gainera, aurreakordioan Kataluniari buruz jasotzen denarekin ere ez daude ados: «Bizikidetza arazoaz hitz egiten da, eta uste dugu hori aldatu egin beharko litzatekeela». Horri aurre egiteko, berriz, bi aukera daudela esan du: orain arte bezala geratzea edo «agenda aurrerakoiaren» alde egitea, «gizartearen eskaerei» erantzuteko. «Ez dakigu zein Sanchez aurkituko dugun: 155. artikuluarena edo nazio aniztasunarena, galdeketak debekatu nahi dituena eta estatu kolpe digitala mantentzen duena edo auto batera igo eta estatuan barrena nazio aniztasunaren alde ibili zena», gaineratu du Aizpuruak. PSOEren eta Podemosen arteko akordioa argitu eta garatu beharko litzatekeela pentsatzen du, eta Sanchezek zer egin nahi duen esan beharko lukeela. «Ekintzak behar ditugu, eta ez hitzak», zehaztu du. Eskuin muturra ere izan dute hizketagai: «Voxi ez zaio atea ixten politika epelekin».

EH Bilduren jarreran eragiteko gakoa zein izango den ere azaldu du: «Sanchezek irmoki elkarrizketaren, demokraziaren eta nazio aniztasunaren errespetuaren alde egiten badu, EH Bilduk erantzukizunez jokatuko du». Horren aurka eginez «eskuinak zehaztutako bidetik» joaten bada eta «bere iraupen politikoa» soilik lortu nahi badu, berriz, aurrez aurre edukiko dituztela nabarmendu du. Gaineratu du orain duela «ausart» izateko aukera, «erantzukizunez» jokatzekoa eta eskuinaren aurrean ez «makurtzekoa». «Oraintxe bertan ez dugu horrelako ezer ikusten PSOEn, baina oraindik badago denbora», nabarmendu du.

Subiranisten garrantzia

Aitortu du gustatuko litzaiekeela Llotja de Marreko akordioa sinatu zutenek posizio bera izatea inbestiduran, baina, Aizpuruaren arabera, horrek ez du esan nahiERCren boto bera emango dutenik: «Gure akordioa inbestidura saio bat baino harago doa, eta indar subiranisten hitzarmenak ibilbide luzea edukiko du».

Oraingoa une erabakigarria dela ere ziurtatu du: «Estatuak ez badu momentu hau aprobetxatzen gauzak ondo bideratzeko, egoera berean jarraituko dugu». Konponbiderako, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako indar subiranisten batasuna ezinbestekoa dela deritzo. Aldi berean, Sanchezi eskatu dio EH Bildu kontuan hartzeko: «Talde parlamentarioa lortu eta Euskal Herrian botoak gehitzea lortu duen alderdi handi bakarra gara, eta lau parlamentari edukitzetik bost edukitzera pasatu gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.