Lanaldi partzialekoen pentsio kalkulua ezbaian, sexu bazterketa dela eta

EBko Justizia Auzitegiak ebatzi du Espainiako araudia ilegaltzat jo beharko dela frogatzen bada emakumeak baztertzen dituela zeharka bada ere

LAB, pentsioen kalkuluaren sexu diskriminazioaz kexu, 2013an. A. C. / FOKU.
Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi du Espainiako araudia, lanaldi partziala daukaten langileen pentsiorako kalkulua erregulatzen duena, legez kanpokoa dela, baldin eta frogatzen bada «bereziki kaltegarria» dela kalkulu hori emakumeentzat. Sexu diskriminazioaz ohartarazi du Luxenburgoko epaitegiak, eta badaude zantzuak analisi hori babesteko; Hego Euskal Herrian, esate baterako, lanaldi partzialen %80 inguru emakumeek egiten dituzte, Emakunderen eta Nafarroako Gobernuaren datuen arabera. Dena dela, legediak sexu diskriminazioa dakarren ala ez erabakitzea Espainiako Justiziaren esku laga du Luxenburgok: zehazki, Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiaren esku.

Espainiako auzitegi horrek egindako galdera bati erantzunez eman zuen ebazpena, atzo, EBko Auzitegi Nagusiak. Gaztela eta Leongo herritar batek inpugnatu egin zuen Gizarte Segurantzak bere pentsioa zehazteko egindako kalkulua; auzitara jo zuen, argudiatuz zeharkako sexu diskriminazioko kasu bat zela berea, lanaldi partziala duten langileek eta lanaldi osoko langileek tratu ezberdina jasotzen dutelako pentsioaren kalkulua egiterakoan, eta lanaldi partzialean diharduten behargin gehienak emakumeak direla.

Gaztela eta Leonek du hitza

Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak ontzat eman zuen salatzailearen argudioa, aitortuz Espainiako legediak zeharkako sexu diskriminazioa dakarrela emakumeen kaltetan. INEren 2017ko datuen arabera, Espainian lanaldi partziala zeukaten langileen %75 emakumeak ziren. Nolanahi ere, auzitegiak Luxenburgora igorri zuen kontsulta.

Pilota berriz ere Gaztela eta Leongo auzitegiaren gainean jarri du Luxenburgok, adieraziz hari dagokiola ebaztea ea zeharkako sexu diskriminaziorik badagoen ala ez. Edonola ere, EBren irizpideak argi utzi dizkio: legez kontrakoa da «itxura batean neutroa dirudien irizpide batek» sexu jakin bateko pertsonak desabantaila egoeran uztea. Eta zehaztu du desabantaila egoera hori gertatzen dela «araudi batek proportzionalki nabarmen kalte handiagoa egiten dienean sexu jakin bateko pertsonei».

EBren irizpide argiak

Luxenburgoko auzitegiak gogora ekarri du araudiaren helburua sistema kontributiboan oinarritutako gizarte segurantza bermatzea dela; beraz, kalkulua egiterakoan lanaldiaren partzialtasuna aintzat hartuta erretiro pentsioa «behar baino gehiago murriztea» ezingo da «objektiboki justifikatu».

Zuzeneko zein zeharkako sexu diskriminazioa detektatzeko irizpideak zeintzuk diren azaldu eta gero, Luxenburgoko auzitegiak uste du Gaztela eta Leongoari dagokiola ebaztea ea «balekoak, adierazgarriak eta esanguratsuak» diren errekurtsoa aurkeztu duen herritarrak aurkeztutako datu estatistikoak, zeintzuek erakusten baitute zer proportziotan ari diren lanaldi partzialean gizonezkoak eta emakumeak.

Luxenburgok gaineratu du ezen, Gaztela eta Leongo auzitegiak ondorioztatzen badu Espainiako legediak emakumeak diskriminatzen dituela, EBko araudiaren aurkakotzat jo beharko duela, «baldin eta ez badago objektiboki justifikatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.