Trumpek muga zerga berriekin zirikatu du Txina, negoziazio betean

Aste honetako potentzia bien arteko bilera baldintzatuko du azken mehatxuak. 290.000 milioi euroren balioko tarifa berriak iragarri ditu

Donald Trump aurten, artxiboko argazki batean, Etxe Zurian. JIM LO SCALZO / EFE.
xabier martin
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Trumpek berriro egin du. Negoziazio betean ari direla, aurrez aurre duen mahaikidea mehatxatu du publikoki, hain berezkoa duen estrategiarekin. Txinaren eta AEBen arteko gerra komertziala neurriz gain atera, eta munduko merkataritzari eta ekonomiari eragiten ari zaien partida arriskutsuan ari da Etxe Zuria aspaldian. Pekinekin iaztik dago negoziatzen Trump administrazioa, munduko bigarren potentzia ekonomikoa negoziazio mahaira eraman ondoren muga zergen kolpeen bidez; bi eragileek elkarri jarritako tarifa bereziak kentzeko eta berriak jartzea saihesteko ari dira goi mailako bileretan. Baina negoziazioa baldintzatzeko mugimendu oldarkorra egin berri du AEBetako presidenteak Twitter bidezko iragarpen baten bidez, bere estiloan: «Txinarekin 500.000 milioi dolar galtzen ditugu. Sentitzen dut, baina hau ez da berriro gertatuko!».

Literatura horrek zer mehatxu dakarren berarekin? Bada, 179.000 milioi euroren balioa kalkulatuz Txinaren produktuen aurka jarritako %10eko muga zergak %25era igotzea. Ez hori bakarrik, orain arte muga zergei ihes egindako Txinako hainbat inportaziori %25eko zerga bereziak jartzeko asmoa jakinarazi du Trumpek. Tarifa berri horien bidez, 290.200 milioi euro jasoko lituzkete, eta asteazken honetan sartuko lirateke indarrean, herrialde bien ordezkaritzak batzartuko diren egunean. Orain egun batzuk negoziazioak «oso bide onetik» zihoazela esan zuen Trumpek txoriaren sare sozialean.

Txinaren erantzuna

Muga zergei muga zergekin erantzuteko gurpil eroa baztertu egin du Pekinek, oraingoz, eta esan du negoziazioak aurrera jarraitzen duela, herenegun Trumpen mehatxuak ezagutu ostean. Laster Asiako erraldoiaren batzorde bat AEBetara joango dela erantsi du, baina egunik jarri gabe —asteazkenean zen hitzordua—. Xi Jinpingen gobernuak nahiago izan du zuhurtzia Etxe Zuriaren mehatxu berriaren aurrean.

«Indar berarekin erantzuteko» neurriak hartu izan ditu Pekinek AEBen tarifa berezien iragarpenak iritsi ondoren, muga zergen gerra hasi zenetik, iaz. «Muga zergen igoera askotan egin dute AEBek, eta gure posizioa beti izan da argia; AEBena ez da hain argia izan», esan zuen Geng Shuang Atzerriko gaietarako bozeramaileak.

Horiek horrela, Washingtonek eta Pekinek aste honetan bertan egingo dute beste bilera bat. Aditu askok diote orain arte akordioa ez egotea eragin duten desadostasunak gainditu nahian egin duela presioa Trumpek bilkuraren bezperan, beste hordago bat botata; ikusteko dago, ordea, Pekinen erantzun zuhurrak horrela jarraitzen duen, ala Trumpi bere errezetarekin erantzuten dioten, muga zerga berriekin. Hala balitz, oso gertu legoke berriro ekonomia potentzia bien arteko gerra komertzial orokorra.

Martxoaren 1erako akordioa nahi zuen Etxe Zuriak, abenduaren 1ean bi herrialdeek su-etena adostu ondoren, baina epemuga hori luzatzea erabaki zuen gero, ikusita ez zela hain erraza txinatarrak azpiratzea. Laster ikusiko da Trumpen azken hordagoak zein emaitzak lortzen dituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.