Salatu dute komunikazioak eten dituztela 30 kartzelatan

Sarek eta Etxerat-ek azaldu dute presoen senideek aro «oso zaila» bizi dutela. Ontzat jo dituzte espetxe politika aldatzeko egitasmoak

Joseba Azkarraga eta Patricia Velez, Sare plataformako eta Etxerat elkarteko bozeramaileak, atzo. BERRIA.
jon olano
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
COVID-19aren izurriak herritar askoren bizimodua zaildu du, eta, espetxeetan, zailtasun horiek komunikazioaren esparrura ere iritsi dira. Horren berri eman zuten atzo Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak eta Sare Herritarra plataformak; Espainiako Estatuko 44 espetxetan sakabanatuta daude euskal presoak, eta, horietatik 30etan, eten egin dituzte bisean biseko komunikazioak. «Joan den udaberriko osasun larrialdiak eragindako inkomunikazioan izandako beldurrari, ziurgabetasunari eta hutsuneari, orain, hainbat espetxetan komunikazioak etetea gehitu zaie, COVID-19aren positiboak espetxe barruan daudelako».

Patricia Velez Etxerat-eko bozeramailearen eta Joseba Azkarraga Sareko eledunaren hitzetan, presoen senide eta lagunek «garai oso zailak» bizi dituzte komunikazio gabezia horren ondorioz, eta nabarmendu dute «beste behin» presoei «oinarrizko eskubideak» urratzen ari zaizkiela: «Urruntze politikari eusteak eta euskal presoei salbuespenezko erregimena aplikatzeak etengabeko urraketa eragiten dute, eta, gainera, COVID-19-aren pandemiak larriagotu egin du presoen eta haien senideen egoera hori».

Bi seme-alaba edo gehiago dituzten familien kasuei erreparatu diete bi elkarteek. Izan ere, bisean bisekoak baimenduta dauden espetxeen kasuan, pertsona bakar bat edo bi joan daitezke bisitan, eta, beraz, haur guztiek ezin dituzte elkarrekin bisitatu guraso presoak: «Sei hilabete baino gehiago daramatzate haurrok beren aita edo ama, edo biak, bisitatu gabe». Velezen eta Azkarragaren esanetan, espetxeetako arduradunek «adingabearen alde egin beharko lukete, eta ez lukete ahaztu behar familia lotura sendotzearen garrantzia».

Horrez gain, salatu dute zenbait espetxetan asteburuetan egin beharrean astegunetan egiten direla bisean bisekoak. Ohartarazi dute horrek «asaldura larria» sorrarazten diela bisita egiteko lanorduak galdu behar dituzten senideei.

Adierazpen baikorrak

Halere, «urruntze politika eta horrelako egoerek dakartzaten eskubide urraketak» amaitzeko bidean, Sarek eta Etxerat-ek positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarraren gehiengoak eginiko adierazpena, Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotzaren harira Espainiako Kongresuko eta Senatuko hamar talde politikok bestelako espetxe politika baten alde izenpetutako testua, eta sindikatuek «salbuespen politika amaitzeko» hartutako konpromisoa: «Uste dugu erakunde, politika eta gizarte konpromisoaren bidea egin beharko dela, baita mobilizazioarena ere».

Hori horrela, bi elkarteek euskal gizarteari eskatu diote «bakearen eta bizikidetzaren bidean parte hartzen jarraitzeko»; lehenik, etzidamu hileroko azken ostiraleko legez herriz herri egin ohi diren mobilizazioetara joanez, eta, bigarrenik, urriaren 3an Sarek 650 mendi tontorretara joatera eginiko deiarekin bat eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.