Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2023-2024ko ikasturterako matrikulazioan egongo diren aldaketak jakinarazi zituen herenegun, eta jaso dituzten erantzunen berri emateko eskatu zioten atzo kazetariek Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari. Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian esan zuenez, uste du eskola komunitate guztiak onartuta daukala ikastetxe denek —haien jabetza edozein izanda ere— berdin erantzun behar diotela zaurgarritasunari. Gainera, ez du sumatu «errezelorik» itunpeko ikastetxeen aldetik.
Dena den, aitortu du «kezka» badutela, «aldaketa handia» delako: «Guztiok daukagun bezalako kezka dago». Besteak beste, herenegun iragarri zuten zentroek ez dituztela toki gutxiegi edo gehiegi eskainiko eta diru publikoz hornitutako guztiek toki kopuru jakin bat gorde beharko dutela ikasle zaurgarrientzat.
Adierazpenok egitearekin batera, bilkuran onartutako zenbait diru laguntzaren berri ere eman du sailburuak. Diru gehiena ikastetxe publikoetarako baliabide digitalak eskuratzeko erabiliko dute; hain zuzen, esparru akordio bat onartu dute 54,4 milioi euro jartzeko eskolak material informatikoz hornitzeko, horiek instalatzeko eta konfiguratzeko. «54,4 milioi euroko aurrekontu aurreikuspenarekin, ikasgela digitalak osatzeko beharrezko material informatikoa eta ekipamendua erostea jasotzen du». Adibidez, pantaila interaktiboak, ordenagailu eramangarriak eta mahai gainekoak, gelako web kamerak eta tableta digitalak erosiko dituzte.
Digitalizazioan ez dira hutsetik hasiko. Bildarratzek azaldu duenez, lehendik hartua duten bideari jarraituko diote. Haren hitzetan, aurten ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako gela guztiak hartuko dituzte —1.802 ikasgela—. Eta horretan segitu nahi dute goragoko mailetan ere: «Ikasgelak digitalizatzeko prozesua osatzen jarraituko da, goragoko mailetan: Lehen Hezkuntzako gainerako mailetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan». Gaur onartutako esparru akordioak bi urteko indarraldia izango du, eta beste bi urtez luzatu ahal izango da. Esparru akordio honetarako bideratuko denaren %52 Europako Next Generation funtsetatik etorriko da.
Diru sail gehiago
Digitalizaziora bideratuko dutenaz gain, beste zenbait diru sail ere onartu dituzte hezkuntzarako. Besteak beste, 14, 5 milioi euro ikerketa zentroetan garatzen ari diren eta Ikur estrategiarekin
—biomedikuntza, neurozientziak...— bat egiten duten «bikaintasuneko ikerketari» lotutako hainbat egitasmori laguntzeko; 29,3 milioi euro Arabako eta Bizkaiko eskola garraioa kontratatzeko; zortzi milioi euro gehiago jarriko dituzte lehen onartua zuten beka deialdirako; eta Euskal Herriko Unibertsitateari egiten dioten ekarpen arrunta 17,5 milioi euro handituko dute.
Bildarratzek dio eskolek onartua dutela zaurgarriari erantzun egin behar zaiola
Zenbait diru laguntza onartu dituzte gobernu kontseiluan: 54,4 milioi jarriko dituzte eskola publikoentzat baliabide informatikoak eskuratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu