Arrantzale ontzi baten eta Lampedusa Irratiaren arteko elkarrizketa baten filtrazioak eman zion bide herenegun gauean Mediterraneoko uretan izandako erreskate operazioari. Hain zuzen, Aita Mari erreskateontziak irrati uhinen bidez jaso zuen abisua: arrantzale ontziak jakinarazi zuen txalupa bat ikusi zuela noraezean, barrenean jendea zuela. Aita Mari kokaleku horretara joan zen. Behin txalupa aurkituta, Espainiako, Maltako eta Italiako agintariei eman zien gertatutakoaren berri.
Migratzaileak Lampedusa uhartetik (Italia) hogei bat miliara aurkitu zituzten. Aita Mari-k eta Italiako Kostaldeko Guardiak zabaldutako informazioaren arabera, 280 migratzaile inguru ziren ontziaren barrenean; txalupa hamabost bat metro luze zen. Itsasoaren egoera franko konplikatua zela iritzita, Italiako agintariek Aita Mari ontziari eskatu zioten ez zitezela txalupara gerturatu; Italiako Kostazainen hiru erreskateontzik hartuko zuten ardura. Zazpi migratzaile hilik aurkitu zituzten ontziaren barrenean. Lehen zantzuen arabera, hipotermiagatik zendu dira. Kontrara, beste 270ek erdietsi dute lur hartzea. Lampedusa uhartean porturatu dira.
Ez da azken egunetan egin den erreskate bakarra. Geo Barents ontziak 439 lagun erreskatatu ditu azken egunetan egindako sei operaziotan, eta haiek lehorreratzeko baimenaren zain dago. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak adierazi duenez, ontzian dauden migratzaileen laurdena inguru adingabeak dira, eta asko zaurituta daude, Libian jasandako torturen ondorioz. Antzeko egoeran dago Louise Michel ontzia ere: 58 migratzaile ditu hark, porturatzeko agindua jaso zain. Italiara iristea lortu dute, berriz, Mare Jonio ontziak erreskatatutako 208 lagunek.
Lanetan aurrera
Aita Mari itsasontziak, berriz, erreskate eta monitorizazio lanekin jarraitu du. Mediterraneo erdialdean da aurreko astetik, «beharrezko erreskate misioak burutzeko prest». Aurrez, azken misioan, Aita Mari ontziko tripulazioak 105 lagun erreskatatu zituen. Haiek porturatu aurretik, ordea, sei egun egin zituzten itsasoan, Erromako Koordinazio Zentroak Trapaniko portuan (Italia) lehorreratzeko baimena eman zien arte. Iazko urrian izan zen hori. Erreskate haren ostean, Burrianarako (Herrialde Katalanak) bidea hartu zuen, ohiko mantentze lanak egiteko.
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak, Aita Mari itsasontziaren kudeaketaz arduratzen denak, adierazi du Libiako egoerak ez duela hobera egin azken hilabeteetan: «Kaos politikoak kalean jarraitzen du». Hala, azaldu dutenez, herrialdean ohikoak dira migratzaileen, iheslarien eta asilo eskatzaileen aurkako atxiloketa arbitrarioak. Horrez gain, erakundeak salatu du migratzaileak Afrikara itzultzeko «kanporaketa bortitzak» errazten ari dela Europako Batasunaren jarrera: «Gure erabateko arbuioa helarazi nahi diegu, milaka pertsonak arrisku egoerak eta sendatu ezin diren traumak jasan behar baitituzte». Izan ere, IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, aurreko astean 604 migratzaile atzeman zituzten Libiako kostatik gertu, eta herrialde hartara itzularazi, nahiz eta hura toki «ez-segurutzat» jotzen duten.
Zazpi migratzaile hil dira 'Aita Mari'-k parte hartu duen erreskate batean
280 migrante zihoazen itsasontzian, Mediterraneoa zeharkatzeko asmoz. Italiako Kostazainek eraman dituzte Lampedusako portura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu