Irakasleak trebatzeko eskatu dute hezkuntza lantaldearen azken saioan

Digitalizazioa software librea erabilita egin behar dela azpimarratu dute zenbaitek. Eskola segregazioaz ohartarazi du Eusko Ikaskuntzak

Iratxe Esnaola, atzo, Eusko Legebiltzarrean. BERRIA.
Javi West Larrañaga.
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun

Azken txanpa. Etorkizuneko euskal hezkuntza sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko lantaldearen azken saioa izan zen atzo. Orotara, 90 eragiletik gora izan dira prozesuan.

 

Etorkizuneko erronkei buruz jardun ziren hainbat aditu. Digitalizazioak hezkuntzari hainbat aukera eskaintzen dizkiola nabarmendu zuen Arrate Ugaldek, Orokieta herri eskolako zuzendariak. Etengabeko formaziorako eta ebaluaziorako baliabidea izateaz gain, ikasleei egoera errealak proposatzeko tresna ere badela esan du. Irakasleen formazioa da digitalizazioaren gakoetako bat, haren arabera, eta «metodologia kolaboratiboen» beharra aipatu du: «Irakasleen arteko harremanak sustatu behar dira praktika onak partekatu ditzaten».

EH Bilduko Ikoitz Arresek galdetuta, software librea hobesten saiatzen direla adierazi du Ugaldek, baina askotan programa «korapilatsuak» direla: «Enpresek egiten dituztenak errazagoak dira erabiltzeko, eraginkorragoak eta intuitiboagoak, nahiz eta gure hausnarketek software librea lehenestera garamatzaten».

Ideia horren kontra hitz egin du Iratxe Esnaola Deustuko irakasleak bere aurkezpenean. Doktorea da hezkuntzan, eta Olaso Dorrea fundazioko presidentea. Haren ustez, «mito» bat da software librea zailagoa dela, eta irakasleak formatu behar direla esan du: «Ikasleak ez da arazoa; bata zein bestea ikasiko lukete. Irakasleak dira kontua, eta hor inbertitu egin behar da». Esnaolak «hezkuntzaren digitalizazioaren pribatizazioaz» ohartarazi du, eta utzikeriari eta epe laburrerako hartutako erabakiei egotzi die erantzukizuna, ez berariaz egindako hautuei.

Esnaolaren arabera, erabiltzen diren Googleren eta Microsoften produktuak ez dira auditagarriak eta gardenak, eta ikasleen datuak biltzen dituzte. Hezkuntza lege berriak hezkuntza sistemaren digitalizazioaren oinarriak adostu behar dituela esan du, eta oinarrizko bi baldintza bete beharko lituzkeela: datuen burujabetza bermatzea, eta tresna digital auditagarri eta demokratikoekin egitea. Esnaolarentzat software librea da horretarako erreminta, eta programa horien iturburu kodea zabalik egoteak euskaratzeko eta moldatzeko aukera gehiago ematen dituela azaldu du. Esnaolak nabarmendu du administrazioak baduela gaitasuna alternatiba bat eraikitzeko: «Katalunian, 140.000 eurorekin Google pakete osoaren alternatiba bat sortu dute software librea erabilita». Hezkuntzaren digitalizazioan «politika adostu bat izan gabe» inbertitu den dirua alternatiba libre bat egiteko erabil zitekeen, haren ustez. «Ez dakit merkeagoa izango litzatekeen edo ez. Askoz garestiagoa ez, baina hori ez da kontua», argudiatu du. Izan ere, tokiko alternatibak garatzean balio ekonomikoa «hemen» geratzen dela azpimarratu du, eta ez Estatu Batuetan.

Finantzaketa eta formazioa

Beatriz Akizuk hitz egin du Eusko Ikaskuntzaren izenean, eta gizartean hezkuntzari buruz hitz egiteko beharraz aritu da. «Kritikotasunez hausnartzeko tresna eraldatzaileak» sortu behar direla adierazi du. Belaunaldien arteko komunikazioan jarri du arreta: «Gazteen ahotsa ezinbestekoa da, eta gazteak subjektu erabakitzailetzat hartu beharko genituzke». Segregazioa izan da beste aipagaietako bat, eta eskola segregazioa gizarte segregazioaren isla dela esan du. Esku hartze «integrala eta adostua» eskatu du: «Finantziaketa eta profesionalen formakuntza behar ditugu».

Egungo jantoki eredua aldatzea aldarrikatu dute Gure platera, gure aukera plataformako Eneko Viñuelak eta Miren Lourdes Imazek. «Jantokiak zerbitzu osagarriak dira gaur egun, baina oinarrizko zerbitzu bihurtu behar dira». Janariaz gain, jantokiaren arlo pedagogikoa ere jorratu behar da, haien ustez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.