ETS Euskal Trenbide Sareak atzo jakinarazi zuenez, Donostiako metroaren obretan beste zulo bat aurkitu zuten, Kontxako hondartzaren kabinen forjatuaren azpian, Zaragoza plazaren parean. Ohar bidez azaldu zutenez, estoldetan ohiko ikuskapen bat egiten ari zirela ikusi zuten langileek, 12:00ak aldera. Haien hitzetan, obrako eta Donostiako Udaleko teknikariek ziurtatu dute zuloak ez duela eraginik izan kabinak oinarrian duen forjatuaren egituran. Atzo bertan hormigoiz bete zuten.
Lehen azterketa egin ondoren, «itxura guztien arabera», duela urtebete inguru sortu zen beste zuloarekin lotuta dago, ETSk adierazi duenez: «Mugimendu horrek inguruko hareen deskonpresioa eragin zuen, eta baliteke deskonpresio hark egoera hau sortu izana. Gertakari haren ondoriozko hondar mugimenduak dira». Eta joan den ekainekoa ez zen izan Donostiako metroaren lanetan agertutako zulo bakarra: azaroan, bi metroko diametroko beste zulo bat azaldu zen Zubieta kalean.
Berriro martxan
Hainbat hilabetean bertan behera egon ziren Donostiako metroko Mirakontxa eta Easo arteko obrak, eta abenduaren amaieran berrekin zioten prozesuari, ETSk Mirakontxa-Easo lanen 2. fasea eraikitzeko lanak lizitatu ostean. Proiektuak 50,9 milioi euroko oinarrizko kostua izango du. Orduan ETSk azaldu zuenez, «lanekin aurrera egin ahal izateko teknikak oso motelak eta garestiagoak» direlako egin behar izan zuten adjudikazio berria. Batetik, zundaketetan harri iragazkorra topatu dute hilabeteotan, eta, bestetik, Zubieta kaleko zuloei egin zien erreferentzia ETSk. Urrian iragarri zuten kontratazioa bertan behera utziko zutela, kontuan hartuta bi gertakari horiek konpontzeko lanek legez onartutakoak baino gainkostu handiagoak eragiten zituztela. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak aitortu zuen obrak %50 eta %70 artean garestituko zirela, eta metroa aurreikusi baino bi urte beranduago jarriko zela martxan. ETSren oraingo kalkuluen arabera ere 2024ko hasieran hasiko da funtzionatzen.
EH Bilduko Donostiako udal taldeak ohar bidez azaldu duenez, bizilagunen abisuen bidez izan dute gertatutakoaren berri, eta «bereziki larria» iruditzen zaie EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak egoeraren berri ez eman izana. «EH Bildutik salatu egin behar dugu, beste behin ere, metroko lanekin lotutako guztiaren inguruan dagoen iluntasuna».
Gainera, haien hitzetan, zuloak argi erakusten du «zailtasunak» daudela eremu horretan: «Lehen zuloa agertu ondoren martxan jarri ziren euste lanek ere ez dute emaitzarik eman, gaur ikusi dugunez». Horrenbestez, EH Bilduk Donostiako metroa gelditzeko eskaria berretsi du: «EH Bildutik berriro eskatzen dugu zentzugabekeria hau gelditzeko, atzerapenak eta gainkostu handiak pilatzeaz gain arrisku larrian jartzen ari baita Donostiako herritarren eta langileen segurtasuna».
Beste zulo bat agertu da Donostiako metroaren obretan, hondartza alboan
Kontxako kabinetan agertu da zuloa, forjatuaren azpian. Euskal Trenbide Sarearen arabera, ez du eraginik izan haren egituran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu