Itsas mailaren igoeraren ondorioak neurtzeko tresna bat aurkeztu du AZTIk

Marlit proiektuak olatuen talken eragina neurtzen du, besteak beste. Miarritzen, Bermeon, Donostia eta Zarautzen ari dira neurketak egiten

Kostako irudi bat. AZTI.
jone arruabarrena
Donostia
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Lurraren berotzearen ondorioz kostaldeko herrietan sortutako arriskuei irtenbideak bilatzea. Hori da azken bi urteotan AZTI zentro teknologikoak sortutako Marlit proiektuak izan duen helburua. Eta pauso garrantzitsuak eman ditu helmuga horretara iristeko bidean: olatuen parametroak eta horien talka neurtzeko tresnak, talka horien indarra neurtzen duen sentsore bat eta olatuen uholde prozesuak modu fidagarrian erreproduzitzeko gai diren eredu informatikoak sortu dituzte, besteak beste. Horretarako, 2020. urtetik, probak egin dituzte Euskal Herriko eta Kataluniako kostaldean, eta teknologia berri horiek jada martxan daude Miarritzen (Lapurdi), Bermeon (Bizkaia), Donostian eta Zarautzen (Gipuzkoa).

«Baliteke berotze globalarekin batera datozen ondorioek, hala nola itsasoaren batez besteko maila handitzeak eta fenomeno meteorologiko kaltegarriek, eragin handia izatea kostaldeko zerrendan dauden populazioetan», azaldu dute AZTIko kideek. Esan dutenez, horregatik, «erronka handia» da arrisku hori kudeatzea. Pedro Liria AZTIko Marlit proiektuaren koordinatzaileak azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak, Donostiako Kursaalean egin duten aurkezpenean. Hainbat erakunderekin elkarlanean osatu dute proiektua.

Ekaitzek kostaldean duten eragina ebaluatu eta aurreikusteko bazeuden tresnak lehendik ere, baina horiek «hobetu eta automatizatzea» izan du helburuMarlit proiektuak, teknologia berriak erabilita. Era horretan modua izango dutelako kostaldeko uraren maila igotzeak sortuko dituen ondorioak arintzeko neurrien diseinua hobetzeko.

Bideometria

Zehazki, Euskal Herrian eta Katalunian ekaitzek duten eraginariburuzko informazioa bildu, eta datu base bat osatu dute. Liriak nabarmendu du horretarako bereziki interesgarriak izan direla bideometrian oinarritutako aterabideak. Kostaldeko leku jakin bati begira hainbat kamera berezitu jartzean datza behaketa mota horrek, gero puntu jakin bat erakusten duten perspektiba anitzeko irudiak osatzeko. Horren bidez, kostaldean olatuek, uhinek eta ekaitzek daukaten inpaktuaren parametroak monitorizatu daitezke.

Miarritzen, esate baterako, algoritmo berezi bat sortu dute, eta horren bidez zehatzago kalkula daiteke olatuak noraino heltzen diren, non egiten duten talka, eta itsasoak noiz egingo duen gainezka. Zarautzen, ordea, metodo bitxi bat erabili dute hondartzen goiko aldearen inguruko informazioa biltzeko: hondartzetan lanean ibili ohi diren traktore bati lotu dizkiote eremu hori monitorizatzeko gailuak, eta traktoreak egunero egindako ibilbidea oinarri hartuta atera dituzte datuak.

Gainera, beste teknologia bat ere landu dute: olatuen uholde prozesuak modu fidagarrian erreproduzitzeko gai diren eredu informatikoak garatu dituzte, hain zuzen. Liriak azaldu du behaketa horiek oso lagungarriak direla kostaldean izan daitezkeen kalteak eragozteko: «Datu eta soluzio horiek konbinatuz gero, kostako arriskuak tokian-tokian nola eboluzionatuko duen ebaluatu ahal izango dugu, eta, gainera, neurri espezifikoak identifikatu ahal izango ditugu, lurralde bakoitzeko administrazio publikoek ezar ditzaten».

Neurrien katalogoa

Behin olatuek egin ditzaketen kalteak kalkulatuta, horiek arintzeko neurriak diseinatzen jardun du taldeak. Hala ere, azaldu dutenez, kostaldeko eremu bakoitzak bere ezaugarri propioak dauzka, eta Euskal Herrian, zehazki, kostaldeko eremuek askotariko baldintzak dituzte: «Gure kostan mota askotako hondartzak daude, esaterako. Eremu urbano asko dago kostan, eta, beraz, neurri berezituak behar dira eremu bakoitzean».

Hori horrela, eremu bakoitzari hobekien egokitu zaizkion neurriak ezartzeko katalogo bat osatu dute, «aplikazioaren bideragarritasuna baloratuz eta administrazio publikoei ekar diezaiekeen kostu ekonomikoa simulatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.