Altsasuko gazteek Estrasburgora jo dute

Defentsak hainbat helegite ezarri ditu eskubide urraketengatik. Auzitan jarriko dituzte Auzitegi Nazionaleko epaileen inpartzialtasuna, prozesu justu baterako eskubidea eta proportzionaltasuna

Joan den azaroan Altsasun egindako ekitaldia. IDOIA ZABALETA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Altsasuko gazteek hasieratik beretik salatu izan dute euren aurkako auzia ez zela justua izan, baina Espainiako auzitegiek ez dituzte aintzat hartu salaketok, eta, beraz, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo du defentsak. Azkeneko helegitea Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarri zuten, baina tribunalak ez zuen tramiterako ere onartu, eta Estrasburgoko auzitegiarengan daukate esperantza jarrita orain: azaroan hala eginen zutela jakinarazi ondotik, gazteen abokatuek hainbat helegite jarri dituzte, prozesuan auzipetuen giza eskubideak urratu zituztela argudiatuta. Bertzeak bertze salatu dute gazteek ez zutela prozesu justu baterako eskubiderik izan, ezta epaile inpartzialek epaitzeko aukerarik eduki ere. Proportzionaltasun faltagatik ere jarri dituzte helegiteetako batzuk.

Gazteetako batzuen defentsa lana egiten ari den Amaia Izko abokatuak BERRIAri erran dionez, Estrasburgok ez du epe zehatzik haien demandak tramiterako onartzen dituen ala ez erabakitzeko. Dena den, abokatuak espero du tramiterako behintzat onartuko dituztela: «Guk egin ditugu demandak konbentzituta gaudelako urraketa horiek eman eman direla, eta konbentzituta gaudelako nahi izanez gero Estrasburgok zuzentzen ahal dituela, beste kasu batzuetan egin duen moduan».

Eskubide urraketetako baten oinarrian dago Altsasuko auzia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Concepcion Espejel epaileak eraman izana. Koronel batekin ezkonduta dago Espejel, eta Merezimenduzko Saria eman zion Guardia Zibilak. Akusaturiko zortzi gazteen defentsak helegite bat jarri zuen 2018an Auzitegi Nazionalean, argudiatuta epaileak Guardia Zibilarekin «ageriko lotura afektibo eta psikologikoak» dituela, eta, beraz, haren inpartzialtasuna zalantzan jarrita; baina kasu hartan auzitegiak ez zuen helegitea onartu, Espejelek berak ebatzita eskakizuna epez kanpo egina zela. Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio salako Eloy Velasco eta Jose Ramon Navarro epaileen aurka ere joko du abokatuetako batek.

Prozesu justu bat izateko eskubidea urratu izanagatik ere jarri dute helegitea, bertzeak bertze, hainbat froga ez zizkietelako onartu. Neurriz kanpoko zigorrak jarri izana ere salatu dute Europan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.