Koronabirusa

«Egonkortze fasean» egon arren, beste 664 pertsona kutsatu dira, eta 42 hil

Guztira 10.686 euskal herritar kutsatu ditu koronabirusak, eta 597 dira hildakoak. Jaurlaritzak proba gehiago egin izanari egotzi dio igoera

Bilboko Basurtuko ospitalea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
COVID-19ak ez du etenik. Euskal Herrian beste 664 pertsona kutsatu dira, eta 42 gehiago hil. Horrenbestez, guztira 10.686 lagun daude gaitzak jota, eta 597 pertsona hil dira. Esperantzarako tartea irekitzen duten datu bakarrenetako bat da sendatuena: 2.736 laguni eman diete sendagiria.

Gaitzak ez die berdin erasan lurralde guztiei. Atzo emandako datuei erreparatuz, Bizkaian daude gaixo gehienak: 4.024 ostegunean baino 342 gehiago—; horietako 1.193, ospitalean. Nafarroan, berriz, 2.836 positibo daude (+154); horietako 1.284, ospitalean. Hasieran foku nagusietako bat bazen ere, kasu kopurua motelago hazten ari da orain Araban. Hain zuzen, 2.447 pertsona daude gaixo (+100); horietako 313, ospitalean. Gipuzkoan eragin txikiagoa izan du birusak: 1.356 gaixo daude (+68); horietako 335, ospitalean. Ipar Euskal Herriko datuak jakitea ez da erraza. Izan ere, Akitania Berriko datuak ematen dituzte. Hala ere, ezaguna da Baionako ospitalean 21 gaixo daudela koronabirusarekin, eta zuberotar bat Paueko ospitalean (Akitania) dagoela.

Hildakoen kopurua da gaixotasunaren benetako hedapena jakiteko daturik fidagarrienetako bat. Atzo jakinarazi zuten beste 42 pertsona hil direla. Ostegunean emandako datua baino positiboagoa da; izan ere, 54 pertsona gehiago hil zirela jakinarazi zuten orduan. Herrialdez herrialde, 205 pertsona hil dira Bizkaian ostegunean baino hemezortzi gehiago, 176 Araban (+9), 151 Nafarroan (+10), 63 Gipuzkoan (+5) eta bat Lapurdin; zuberotar bat ere hil da, Paueko ospitalean.

Egunero gisa, atzo ere prentsaurrekoa eman zuten datu horiek azaltzeko. «Ikuspuntu epidemiologikotik, COVID-19aren ondorioak ordoki batera iritsi dira» ziurtatu zuen Mikel Sanchez Jaurlaritzako Osasun Planifikaziorako zuzendariak. Hori berresten dute datuek ere. Kutsatu kopuruari dagokionez, aurreko ostegunean iragarri zuten kasu berrien kopururik handiena (994), eta, ordutik, beheranzkoa da joera. Hala ere, dezenteko igoera egon zen asteartetik asteazkenera 422 kasu berri jaso ziren asteartean, eta 711 asteazkenean. Hildakoei dagokienez, berriz, egun batean hildako kopururik handiena asteazkenean iragarri zuten (61), eta ostegunean eta atzo kopuru txikiagoak eman dituzte.

Kasu positibo gehiago agertu izana proba gehiago egiteari egotzi dio Sanchezek. Guztira 19.627 proba egin dituztela esan du, ostegunean horietako 1.576 egun batean inoiz egindako gehiena, eta %32k eman zuten positibo. Azken hiru asteetan erregistratutako daturik baxuena dela azpimarratu zuen Sanchezek. Zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) ere egoera «egonkortu» egin dela nabarmendu zuen. Ospitaleratuen kopurua ere jaitsi egin da. Gaur, 2.552 pertsona daude ospitaleratuta Hego Euskal Herrian, bezperan baino 54 gutxiago. Halere, esan du datuak «zuhurtasunez» ematen dituztela, eta «egunez egunez, orduz ordu, hobetzeko bokazioz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.