Gobernuak ez dio helegitea jarriko euskararen aurkako epaiari

Maria Txibite lehendakariak PSNren irizpidea lehenetsi du. UGTk ontzat jo du erabakia; Kontseiluak eta EH Bilduk, berriz, txarretsi dute

Kontseiluak eta hainbat sindikatuk epaiaren kontra larunbatean eginiko elkarretaratzea. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Jakina zena berretsi zuen atzo Maria Txibite lehendakariak: Nafarroako Gobernuak ez dio helegiterik jarriko euskararen dekretuaren kontrako sententziari. Kontseiluak eskari hori egin zion larunbatean, bai eta gobernuko bazkideek ere —Geroa Baik eta Ezkerrak zehazki eskatu zuten helegitea jartzeko, eta Ahal Dugu-k «lotsagarritzat» jo zuen epaia—. EH Bilduk ere horren aldeko jarrera zuen, eta helegitearen aldeko mozioa aurkeztu zuen atzo legebiltzarrean. Azkenean, ordea, PSNren irizpidea nagusitu da: gobernuak ez du joko sententziaren aurka. Ontzat jo du, de facto, epaileen ebazpena. Atzo, Txibitek «segurtasun juridikoa» eman zuen argudiotzat: euskararen inguruko arau sorta berri bat prestatzen ari da gobernua, epaileek bertan behera utzitako artikuluak ordezkatzeko; beraz, lehendakariaren irudiko, ez legoke helegitea aurkezteko beharrik.

Erabakiaren kontra azaldu zen Kontseilua, eta auzia «birpentsatzeko» galdegin zion lehendakariari: «Gobernuak kasazio helegitea jarri behar du, baldin eta epai horrekin desadostasuna agertu nahi badu. Horrela egin ezean, ondoriozta liteke epaiak jasotakoekin bat egiten duela», esan zuen Paul Bilbao idazkari nagusiak. Haren esanetan, «helegitearen aukera baztertuta, uler daiteke ez dagoela arrazoirik epaiak agertzen dituen tesi murriztaileei aurre egiteko». Kontseiluko buruaren ustez, baina, sententziak badu nondik heldu, eta «gobernuak aukera guztiak baliatu behar lituzke».

EH Bildu kontra, UGT alde

Erabakia txarretsi zuen EH Bilduk ere. Bakartxo Ruiz legebiltzarkidearen esanetan, gobernuak «helegitea jartzeko betebeharra dauka», eta «PSNren aurrean amore eman izana» leporatu zien gobernuari eusten dioten gainerako indar politikoei. Ruizen ustez, epaiari aurre ez egiteak «kaltea» ekarriko die hizkuntza politikei: «Ez bada helegiterik aurkezten, epaia irmoa izanen da, eta, beraz, baita auzitegiak ezarritako doktrina ere».

UGT sindikatuak, berriz, kontrako ikuspegia azaleratu zuen. «Pozik» azaldu ziren atzo sindikatuko ordezkariak, eta «kontsentsu politikoa eta sindikala» eskatu zioten Nafarroako Gobernuari, lan deialdietan euskara meritu gisa aintzat hartzeko tenorean. Sindikatuko ordezkarien esanetan, UGT ez dago «euskara balioestearen kontra», baizik eta «aurreko gobernu nazionalistak ezarritako baremazioaren kontra». Meritu lehiaketetan, euskarak puntuazio txikiagoa izan dezala eskatu zuten; gainerakoan, «euskara ez dakitenek ez baitute lanpostuak lortzeko aukerarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.