Eusko Jaurlaritza, Balorazio Batzordearen oniritziz, atzera botatzen ari da zenbait poliziak eta guardia zibilek egindako eskaerak 12/2016 legearen karietara kalte ordainak jasotzeko. Lege horren xedea da «motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa» ematea, eta Poliziaren edo talde parapolizialen indarkeria jasan dutenak aintzat hartu nahi ditu, baina zenbait polizia eta guardia zibilek, legearen idazkeraren anbiguotasunaz baliatuta, eskaerak aurkeztu dituzte beraiek ere kalte ordainak jasotzeko asmoz. Eskatzaileei igorri dizkieten ebazpenetan, Balorazio Batzordeak argi uzten du horrelako eskaerak onartzeak «legearen xedea diluitzea» ekarriko lukeela.
Joan den abenduaren 26an, Gara egunkariak informazio bat argitaratu zuen, zeinaren arabera bazegoen plan bat 12/2016 legea edukiz hustu eta «barrutik sabotatzeko». Guardia Zibilaren zenbait elkartek mezuak bidali zizkieten indarkeria pairatutako guardia zibilei eskaera aurkez zezaten, eta, zenbait kasutan, aholku juridikoak emateko prest ere agertzen ziren. Informazio horren arabera, poliziek eta guardia zibilek bidalitako 300 eskaera inguru iritsi dira horretaz ebazpena eman behar duen Balorazio Batzordera. Efe berri agentziak atzo berretsi zuenez, guztira 1.220 lagunek egin dute kalte ordainak lortzeko eskaera, eta horietatik 300 bat dira poliziak.
«Inkontrolatuak»
Legezko amarru bat erabiltzen zuten horretarako. Legearen asmoetako bat zen talde parapolizialen indarkeria pairatu duten biktimei erreparazioa ematea, hots, Euskal Herrian inkontrolatuak izendapenaz ezagutu diren taldeen biktimei. Hori bermatzeko, legean jasotzen zen bazutela kalte ordaina jasotzeko eskubidea «taldeka edo bakarka, modu indibidual eta inkontrolatuan aritzen ziren partikularren indarkeria» pairatutako biktimek. Eskaera aurkeztu duten polizia eta guardia zibilek zirrikitu hori erabili nahi izan zuten argudiatzeko beraiek ere, ETAren edo kale borrokaren indarkeria pairatu zutenean, legean aipatzen den bortxa mota hori jasan zutela, eta, beraz, bazegokiela kalte ordaina jasotzea.
Kalte ordainak emateko eskumena Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza sailburuorde Jose Antonio Rodriguez Ranzi dagokio, baina hark batzorde independente batek egindako balorazioari jarraitu behar dio.
Juana Balmaseda abokatuak zuzentzen du Balorazio Batzorde hori, eta beste hamar kidek osatzen dute: Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendari Monika Hernando, Sabino Ormazabal biktimen arloko aditua, Jon Mirena Landa legelaria, Francisco Etxeberria auzitegi medikua eta beste zenbait aditu daude han.
BERRIAk jakin duenez, Balorazio Batzordeak aho batez erabaki du horrelako eskaerak atzera botatzea, eta eskatzaileei bidaltzen ari zaizkien ebazpenetan agertzen dira horretarako arrazoiak. Batzordearen iritziz, 12/2016 legea aplikatu ahal izateko, eskubideen urraketak «zuzeneko edo zeharkako lotura eduki behar du Estatuaren eta botere publikoen jarduerarekin». Legea beste modu batera ulertzeak «horren helburua diluitzea» ekarriko luke, Balorazio Batzordearen arabera. Ebazpenean zehazten denez, 12/2016 legea 107/2012 dekretuaren jarraipena da. Dekretu horrek «motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan 1960tik 1978ra izandako giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa» ematea zuen helburu. «Hark, argi eta garbi, agente publikoek eragindako giza eskubideen urraketen biktimak» hartzen zituen aintzat, eta, beraz, legea horren «jarraipena» izanik 1978-1999 eperako, ulertu behar da dekretuaren xede berbera duela.
Hortaz, Balorazio Batzordeak ebatzitakoaren arabera, legearen asmoa da «botere publikoak edo haren agenteek, ordezkariek edo agintariek esku hartu duten urraketak» aintzat hartzea, eta hori ez da mota horretako eskaerak aurkeztu dituztenen kasua.
Poliziek eta guardia zibilek egindako eskaerez gain, dagoeneko ETAren biktimatzat aitortu dituzten zenbaitek ere eskaerak egin dituzte; horiek ere atzera bota ditu Balorazio Batzordeak.
Helburua, «argi»
Herenegun, Rodriguez Ranz sailburuordeari elkarrizketa egin zioten Euskadi Irratian, eta, gaiaz galdetuta, baieztatu zuen mota horretako eskaerak jaso dituztela, baina ez zuen horren inguruko iritzirik eman nahi izan, hori Balorazio Batzordearen zeregina delakoan. Edonola ere, berretsi zuen berak «oso argi» zeukala zertarako egin zen lege hori, eta zer helburu duen: «Estatuaren indarkeriaren biktimak aintzat hartzea eta defendatzea». Esan zuenez, orotara mila eskaera inguru jaso dute Balorazio Batzordean.
Estatuaren biktimatzat aurkezturiko poliziei ordaina ukatu die Eusko Jaurlaritzak
Eskaerak aztertzen dituen Balorazio Batzordearen ustez, legearen asmoa da«agente publikoek eragindako urraketak» aintzat hartzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu