BC3k trantsizio energetikoaren Otea behatokia aurkeztu du

Klimari, ingurumenari, energiari, ekonomiari eta gizarteari buruzko datuak eskaintzen ditu, grafiko bidez. Adituek eskatu dute pandemiak trantsiziorako sortutako aukerak baliatzeko

Parte hartzaileak, atzo goizean telematikoki egindako saioan. IREKIA.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
BC3k (Basque Centre for Climate Change) Otea aurkeztu du: trantsizio energetikoaren eta klima ekintzaren behatokia. Atzo telematikoki egindako aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Teresa Ribera Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroa, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Mikel Gonzalez Egino BC3ko ikerlaria. Behatoki horren bidez, herritarrek eskura izango dute klimaren, ingurumenaren, energiaren, ekonomiaren eta gizarteko hainbat aldagairen inguruko datu base bat, datuak urtez urte eta grafiko bidez ematen dituena.

Parte hartzaileek behatokiaren zeharkakotasuna azpimarratu dute; izan ere, behatokiak kontuan izango ditu, esaterako, arrakala digitala eta genero ikuspegia. BC3ren hitzetan, ekinbide berriak informazio «fidagarria, eguneratua eta eskuratzen erraza dena» eskainiko die herritarrei, «Espainiako trantsizio energetikoaren jarraipen zehatzagoa egiteko».

Behatokia aurkeztearekin batera, Otearen 2020ko txostenaren berri ere eman du Gonzalez Eginok. Alor honetan ere ezin zen bestela izan, eta pandemiak baldintzatu egin du egoera. Azaldu du nola joan-etorrien mugen ondorioz «jaitsiera historikoa» izan duten berotegi efektua eragiten duten gasen isuriek. Espainiako Estatuko datuak izan zituen esku artean: %13,6 murriztu dira, aurreko urteko kopuruarekin alderatuta. Eman dituen datuen arabera, jaitsieraren %70 pandemiaren eraginez izan da, eta %30, beste faktore batzuengatik; besteak beste, zazpi ikatz zentral ixteagatik. Gainera, azaldu duenez, urte batetik bestera energia berriztagarrien kuotan egon den igoerarik handiena izan zen iazkoa. Energiari begira jarraituta, azken energia kontsumoan, iturri berriztagarriak %21,4 izan ziren iaz, Europako Batasunak ezarritako %20ko helburua beteta. Ibilgailu elektrikoek ere salmenten igoerari eustea lortu dutela nabarmendu du, haien matrikulazioak %27ko igoera izan baitute.

Baina dena ez da positiboa izan: 2020 urterik beroena izan zen, 2017arekin batera. Pobrezia energetikoaren alorrean ere, berri on gutxi egon ziren: Gonzalez Eginoren irudiko, «joera positibo arin bat» atzeman zen, baina uste du hobekuntza ez dela «pozik egoteko modukoa». Horrez gain, gogorarazi du oraindik ere emakumeak %28,5 direla energia enpresen langileen artean —2020ko datuak oraindik eguneratzeko dituzte—. Klimaren ekintzan ere hainbat jarduera abiarazi direla nabarmendu du, baina gogorarazi du bost urte igaro direla Parisko akordiotik, eta estatuek bidali behar zituzten «helburu indartuak» ez zaizkio nahikoa iruditu: «Helburuen berritze horretako emaitza nahiko etsigarria da».

Pandemiaren abagunea

COVID-19aren pandemiak sortutako abaguneez eta etorkizuneko erronkez hausnartzeko, mahai inguru bat ere egin dute. Bertan parte hartu dute SEO/Birdlife elkarteko Asuncion Ruizek, Espainiako Enpresa Erakundeen Konfederazioko Cristina Riverok, Lanaren Nazioarteko Erakundeko Joaquin Nietok eta Comillasko Unibertsitate Pontifizioko irakasle Pedro Linaresek, eta Cristina Monge soziologoa aritu da moderatzaile lanetan.

Egungo egoeratik abiatuta, etorkizunean jarri dute begirada. Mongek adierazi duen gisan, pandemiak eragin ditu aldaketak; beste joera batzuk, ordea, egiturazkoak dira: «Argiak dauden garai batean gaude: ikusten dugu trantsizio energetikoa martxan dagoela. Baina badaude itzalak ere: ikusten dugu segur aski ez dela behar lukeen bezain anbiziotsua eta azkarra».

Ruizek uste du pandemiaren aurretik ere piztuta zegoela egungo sistema aldatzeko grina, eta pandemia horretarako aukeratzat hartzen du. Baina ohartarazpen bat egin du pandemiari buelta emateko erabili beharreko moduaz: «Indarberritze espres horiek arriskua daukate egitasmo makroegietara joateko, eta badakigu horiek batzuetan ez direla erresilienteak». Linaresen irudiko, «oso memoria txikia» du gizarteak, eta, pandemia garaiko aldaketei eutsiko bazaie, beharrezkoa da laguntzea: «Gakoa da ez ohitura aldaketetan konfiantza izatea soilik, baizik eta baita horiek indartzea ere, seinale egokiekin». Gainera, hirigintza eta mugikortasun politikei erreparatu beharra dagoela azpimarratu du.

Europako Batasunak pandemiaren harira sustaturiko Next Generation funtsak ere izan dituzte hizpide. Rivero enpresa txikienei begira jarri da: «Erronka bat da enpresek —batez ere, txikiek— sarbidea izatea laguntza hauetara guztietara». Nietok, berriz, hirietan, mugikortasunean eta garraioan jarri du fokua, baina baita nekazaritza eta abeltzaintza sisteman ere: «Erabateko erreforma behar du: oso sistema erasokorra da ingurumenaren ikuspegitik, eragin txar asko dituena ingurumenean eta klima aldaketan».

Ruizek indarberritze planaren funtsari eusteko aldarria zabaldu du, eskaera bat eginez: «Garrantzitsua da plan honek indarberritze jasangarrirako balio izatea: funts horien %37 trantsizio ekologikotarako egitasmoetara bideratzeaz harago, %63 horren aurka ez joatea». Trantsizio ekologiko horretarako, sektore guztiak aldatu beharra dagoela ikusten du: «Trantsizio ekologikoa ez da soilik trantsizio energetikoa; buelta eman behar diegu bizitzeko moduei eta sektore guztiei». Gainera, hizpide izan du «zerga sistema berdearen» garrantzia ere: «'Kutsatzen duenak ordaintzen du' horri 'eta ez du kobratzen' gehitu behar zaio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500