Euskal hiztunen eskubideen alde egin dute hamar gizarte eragilek

Nafarroako Gobernuaren dekretuarekin oso kritiko agertu dira, eta, agiri bateratuan, bat egin dute Kontseiluak deitutako manifestazioarekin

Adierazpena aurkeztu duten elkarteetako kideak, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
«Harriduraz hartzen dugu Nafarroan euskal hiztunek pairatzen duten, dugun, egoera». Atzo, Iruñean, hainbat esparrutan eskubideen berdintasunaren alde lan egiten duten zortzi eragilek adierazpen bateratua aurkeztu zuten. Euren eremuetan politika inklusiboak garatu daitezela eskatzen duten bezala, euskararen arloan ere euskal hiztunen eskubideak berma daitezela galdegin dute. Izan ere, «ulertezina eta onartezina» iritzi diote oro har Nafarroan euskarak duen egoerari, eta horren inguruan euskaldunak are gehiago baztertzeko azkenaldian hartzen ari diren neurriei.

Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat du izenburu adierazpenak. Feminismoaren esparruan, ekologismoan, bestelako jai ereduan, sexu aniztasunean, pentsio duinen aldeko borrokan edo gazteen esparruan dihardute sinatzaileek. Oraingoz hamarrek izenpetu dute, baina hurrengo egunetan erakunde gehiagok bat egitea espero dute. Atxikimendua adierazi dutenen artean daude Auzoak Iruñeko jai batzordeen plataforma, Geltoki, Saharako Kabiak elkartea, Teatrolari antzerki eskola, Oneka emakume pentsiodunen plataforma, Nafarroako Neska Gazteak, Euskal Herriko Bilgune feminista, Orreaga fundazioa, Ernai eta AHT Gelditu Nafarroan taldea. Azken talde horretako kide Bea Aranak irakurri zuen agiria guztien izenean.

Gizartearen ertzetatik eskubideen berdintasunaren aldeko aldarriak batzen dituela nabarmendu nahi izan dute. Hain zuzen ere zubi-lan horretan datza agiriaren indar eta mezu nagusia. «Aliantza berriak eraikitzeko garaia da. Egoera gutxituan dauden kolektiboen arteko zubiak eraiki behar ditugu. Beste gizarte eredu berdinzaleago, kohesionatuago eta bidezkoago baten alde lan egiten dugunon arteko enpatiak ehundu behar ditugu», irakurri du Bea Aranak. Izan ere, haien hitzetan, egungo gizartea antolatuta dagoen moduaren arabera, bazterrean kokatzen dituzte erdigunean beste eredu baten alde egiten dutenek. «Ulertezina da eskubideak eskualdearen arabera aitortzea. Ez genuke onartuko gure esparruetan pertsona kopuruaren arabera zehaztea eskubideak aitortu behar diren ere».

«Kezka handia» azaldu dute Nafarroako Gobernuak administrazio publikoko lan deialdietan euskararen meritua baloratzeko proposatu duen dekretuaren inguruan. Ez dira aritu dekretuaren xehetasunez, baina kezkagarria iruditzen zaie Nafarroakoak ez diren hizkuntzek euskarari baino «garrantzia handiagoa ematea».

Manifestazioarekin bat

Hori guztia aintzat harturik, Kontseiluaren deialdiarekin bat egin eta datorren maiatzaren 7rako Iruñean, 17:30etatik aurrera, Antoniutti parketik aterako den manifestazioan parte hartzeko animatu dituzte herritarrak. Haien ustez, salagarria da euskal hiztunekin gertatzen ari den gutxiespena. Gizarte mugimenduek ez ezik, sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin. Iragan astean, Behatokiak gobernuaren dekretuaren aurkako 1.200 sinadura erregistratu eta aurkeztu zituen.

Agiria ez da mugatzen manifestaziora soilik, eta aurrera begirako lanketa baten lehen urratsa izateko itxaropena agertu zuten sinatzaileek. Espero dute balioko duela ehuntzeko herritar guztientzako eskubideen aldeko borroka: «Seguru gaude, bide honi jarraituz, berandu baino lehen berriz agertu beharko dugula modu kolektiboan beste esparru batean egoera gutxituan dagoen kolektiboaren alde, eta egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.