Koronabirusa

Hirugarren sektoreko eragileek baliabideak eskatu dizkiete instituzioei

Sareen Sareak txosten bat igorri die Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarreko taldeei. Izurriaren «inpaktu soziala» gutxitzeko neurriak galdegin dizkie

Etxegabeak Gasteizko frontoi batean, martxoko itxialdian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
edurne begiristain
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiak bereziki eragin die egoera zaurgarrian daudenei, eta, ondorioz, baita haien eskubideak babesteko eta bermatzeko lan egiten duten erakundeei ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hirugarren sektore sozialeko erakundeak batzen ditu Sareen Sarea elkarteak, eta ohar batean azaldu du osasun larrialdiaz gain «larrialdi soziala» ere jasaten ari dela gizartea, eta ezinbestekoa dela instituzioak eta eragile guztiak elkarlanean aritzea, «beharrezko kontingentzia neurriak» diseinatzeko eta aplikatzeko. Hala, hainbat eskaera batzen dituen dokumentu bat igorri die Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari: besteak beste galdegin die aurrekontuetan pandemiaren «inpaktu soziala arintzera» bideratutako programak eta ekintzak lehenesteko, eta hirugarren sektore sozialaren finantzaketa ez murrizteko. «Gure lana ezinbestekoa da, baina baliabideak behar ditugu segurtasun osoz egiten jarraitzeko».

Garapenerako lankidetzan, gizarteratzean, adinekoen arretan edota desgaitasunen bat duten pertsonekin lan egiten duten 4.000 erakundek osatzen dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hirugarren sektore soziala, eta horien bilgunea da Sareen Sarea. Elkarteak azpimarratu du COVID-19aren krisiaren ondoriozhirugarren sektoreko zerbitzu asko itxi edo egokitu behar izan dituztela, eta horrek ondorio kaltegarriak izan dituela gizartean. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari proposatu dio pandemiaren eraginez sortutako larrialdi soziala kudeatzeko «talde eragile bat» sor dezala. Halaber, eskatu dio krisia kudeatzeko «funtsezko zerbitzutzat» jo dezala hirugarren sektorea, eta murrizketarik ez egiteko haren finantzaketan. Eskariekin batera, Sareen Sareak iragarri du erakundeen lana ikusarazteko kanpaina bat abiatuko duela Pandemiaren aurkako txerto soziala gara lelopean.

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.