Kantu zaharrei jarraikiz

Euskal Herria Kantuz egitasmoak herrialde guzietako kantuzaleak bilduko ditu bihar Iruñean. Geroz eta gehiago dira gisa horretako egitasmoak herri eta auzoetan. Antolatzaileek uste dute bat-batekotasunak eta erabat irekiak izateak egiten dituela erakargarri. Kanta zaharrak bizi-bizi dira kaleetan.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Kantuz sortu eta kantuz bizi dira Euskal Herriko hamaika txokotan euskal kanta tradizionalen inguruan antolatzen diren egitasmoak. Hogei urte baino gehiago dira lehenbiziko egitasmoekin hasi zirela, baina, hala ere, ez da bolada pasatu. Kantuak batzen ditu, eta kantuan batzen dira; aho batez, eta euskaraz. Horiek dira kalean kantatzeko egitasmoek duten ezaugarri komuna, nagusiki. Bihar, han eta hemengo kantuzaleak elkartuko dira Iruñean, Euskal Herriko Kantuzaleen Elkarteak antolatutako bestan. Zortzigarren urtez eginen dute Euskal Herria Kantuz egitasmoa, eta jendetza espero dute. Bazkarirako mila lagunek baino gehiagok eman dute izena.

Baionan loratu zen gero Euskal Herri osora zabaldu den jarduera. Duela 21 urte hasi ziren, ikastolek hiriko erdigunean presentzia izan zezaten. Angelun (Lapurdi) mutxikoekin egiten zutenaren antzeko egitasmoa antolatu zuten, baina kantuz: Lakarre plazan lehenik, merkatuan gero, eta merkatuko galerian azkenik. «Aski fite hartu zuen garrantzia. Galeria oso toki goxoa zen kantatzeko», gogoratu du Guillaume Irigoien Baionan Kantuz egitasmoarenantolatzaileak. Hiriko bestetan ere hasi ziren kalean kantatzen. «Baionari irudi euskalduna eman genion. Orain, ahantziak dira, baina, orduan, oraindik, euskara gehiegi ikusten zelarik segidan esaten ziguten 'Baiona gaskoia da, ez euskalduna', eta horrelakoak». Euskara plazara ateratzea lortu zuten, baita Baionan Kantuz hiriko irudietako bat bihurtu ere.

Gero etorri zen Donostiako Kantu Jira, 2003. urtean. Otsailaren 20an Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak inolako oinarririk gabe hala aginduta. Berehala hasi ziren elkartasun eta babes keinuak han eta hemen. Donostian kantu jira antolatu zuten Egunkaria-ren itxiera salatzeko.

Garai hartan, hainbat lagun elkartu ohi ziren Intxaurrondo auzoko Larrotxene kultur etxean kantu zaharrak ikasteko.Protestan parte hartzea erabaki zutenean, hori zen eskura zutena: kantua. Halaxe egin zuten. Dena den, bi kantu ez ziren aski Bulebarrera protesta egitera joaten zirenentzat, eta, normalki, afera luzatu egiten zitzaien. «Ezin ginen etxera joan», onartu du Itziar Zamora Donostiako kantu Jiraren antolatzaileak. Azkenean, salaketa gisa hasitakoa, hilean behineko hitzordu bilakatu zen.

Horien ondotik sortu ziren Iruñean Kantuz, Gasteizko Kantu Jira eta Bilbo Kantari. Iruñean,Baionako egitasmoari jarraikiz antolatu zuten, 2005ean hiriburuko hainbat elkartek egin zituzten bileren ondorioz. «Kantatzea zen helburua, ez besterik. Bat-bateko ekitaldia da, eta hori mantentzen da: erabat librea da, ez dago erakunde bat atzean. Deia aspaldi egina dago, eta jendeak, deus esan gabe ere, badaki lehenbiziko larunbatean elkartuko garela kantatzeko», azaldu du Mikel Aranburu Iruñean Kantuz-en antolatzaileak.

Gasteizen duela bederatzi urte abiatu zuten kalean kantatzeko egitasmoa; Korrika bertan bukatzen zela aprobetxatuta atera ziren kalera kantatzera. Bi urte lehenago egin zuten lehenbiziko saiaaldia, baina horrek huts egin zuen. Bigarrenean, bai. Gaur egun, jende anitz biltzen da hilean behin Gasteizen kantatzeko. Ez hori bakarrik, dantza ere egiten dute, eta beti izaten dute txistulari talde bat lagun. Gainera, hilean entsegu bat edo bi egin ohi dituzte, baina ez sobera zurrunak.

Bilbo izan zen kantatzeko egitasmoa bultzatzen azkena. Hala ere, kalean kantatzea ez zen berria Bizkaiko hiriburuan. «Bilboko kaleetan biltzen ziren talde batzuk, Erandiokoak, Deustukoak eta Santutxukoak. Beste batzuk eurekin elkartzen hasi ginen», azaldu du Ainhoa MarkinezBilbo Kantariren antolatzaileak. 2006an konpartsekin bat egitea proposatu zuen Tasio Erkiziak, eta geroztik Bilboko bestetan kantatzen dute. Azkenean, hitzordua finkatzea erabaki zuten: «Hiriburuetan hilean behin kantatzen hasi ziren, eta gu izan ginen azkenak. Askotan ateratzen ginen, baina nahi genuenean».

Errealitate oso ezberdinak dituzte Euskal Herriko hiriburu nagusiek, nahiz eta guzietan badauden errepikatzen diren osagaiak: euskara, kantatzeko gogoa eta bat-batekotasuna. Baionan kantatzeko ohitura tokirik gabe geratzen ari zen: «Euskaldunek beti izan dute kantuz aritzeko gogoa, baina hori ari zen ttipitzen espazioak ttipitzen ari zirelako», azaldu du Irigoienek. «Kantuak espazio soziala galdu du. Orain, ostatuetan musika badago, eta edozein egitasmo edo animazio egin, lehen egiten dena musika ematea da, eta horrek kultura herrikoia mugatu eta trabatzen du». Hori horrela, euskal kantuari espazio bat eman diotela uste du Irigoienek.

Iruñean ere kantatzeko ohitura galtzen ari dela antzeman du Aranburuk, eta are gehiago euskaraz kantatzekoa. «Hirietan ez da hain usu gertatzen gazteak kalean kantatzea». Hala ere, arrakasta handiko egitasmoa bihurtu da Iruñean Kantuz. Hasierako hitzorduan 40 lagun inguru biltzen badira ere, bukaeran ehundik gora izaten dira; inoiz 300 ere izandirela nabarmendu du Aranburuk. Kopuruak ez du hainbeste inporta, hala ere: «Guretzat kantatzen dugu».

Bilbon bestelakoa da egoera. «Bilbon kantatzeko ohitura handia egon da, baina gehienbat bilbainadak. Euskaraz ere baten bat, baina beste estilo bat zen. Honekin zabaldu da euskaraz kantatzeko ohitura», azaldu du Markinezek. Gasteizi dagokionez, kantatzea bezain garrantzitsua da euskararentzako espazioak berreskuratzea. «Hizkuntza dago guztiaren gainetik, dena euskaraz egiten dugu», nabarmendu du Kandi Andak, Kantu Jiraren antolatzaileak. «Nahiz eta kanta ez izan erabat perfektua, kalean ari gara, eta euskaraz». Antzera ikusten du Zamorak: «Euskararen kultura zabaltzea eta ikastea da helburua. Baina, funtsezkoena, euskaraz ondo pasatzea da».

Arrakastaren gakoak

Arrakasta handiko egitasmoak dira kalean kantatzeko hitzorduak. Jende anitz mugitzen dute han eta hemen. Antolaketa lanetan dabiltzanei galdetuta, arrakastaren gakoak azaldu dituzte. Batetik, ekitaldi irekiak dira, eta parte hartzen duenari ez zaio deus ere eskatzen. Bestetik, euskal identitatea aldarrikatu eta berresteko balio dute. Gainera, Zamorak gogorarazi du kantuek bat egiteko balio dutela: «Jendearekin haserrea, poza... partekatzeak elkartzen gaitu pila bat». Bide horretan, azaldu du kantuen hitzei garrantzia handia ematen dietela: «Izugarria da ikustea duela ez dakit zenbat urteko hitzak zer gaurkotuak dauden oraindik ere».

Dena den, egitasmo hauek erakargarriagoak dira adin batetik aurrera. Hala nabarmendu dute denek. Ez dute kezkarik, baina. Uste dute gazteak aurrerago batuko direla. «Beste martxa eta ohiturak dituzte. Ez gara horrekin kezkatzen», dio Aranburuk. Bizkaian, gazteek haien egitasmo propioak sortu dituzte. «Berena sortu dute, beste modu batean, beste kanta batzuk sartuz, eta beste estilo biziago eta alaiagoan. Oso giro polita sortu dute», dio Markinezek. Hala egin dute Balmasedan edo Sopelan, adibidez. «Zorionez, aurrera egin dute».

Bihar Iruñean agerian geratuko da kalean kantatzeko hitzorduek duten sasoia. Asfaltoan berpiztuko dira kantu zaharrak. Irigoienek uste du hiria toki aproposa dela euskal kultura tradizionalarentzat: «Beti badago plaza bat, eta hirian jendea elkartzeko erraztasunak badaude». Argi du egitasmo hauek jarraituko dutela, baita transmisioan lagundu ere. «Agian transmisioa ez da lehen bezala, mihitik belarrira, baina transmisioa bada, eta honek eginen du bidea». Markinezek berak onartu du hasieran ez zuela uste hainbeste luzatuko zenik kontua: «Pentsatzen nuen boom bat zela, eta jaitsiko zela, baina ez, luze doa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.