Ukraina

Ukrainan menia hautsita are gehiago larritu da indarkeria

Eskuin muturreko taldeak eta Polizia suzko armekin aritu dira elkarren aurka; gutxienez, 75 pertsona hil dira astearteaz geroztikBarne Ministerioaren arabera, 67 polizia bahitu dituzte gobernuaren aurkakoek

Atzo hildako manifestari batzuen gorpuak, Kieveko Independentziaren plazan bilduta. SERGEY DOLZHENKO / EFE.
mikel rodriguez
2014ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Ukrainan gerra zibilaren egosteaz, gerra zibila hasteko osagaiez mintzo ziren mundu osoko hedabideak herenegun, arratseko orduan ezusteko berria etorri zenean: su-eten hitzarmena gobernuaren eta oposizioko alderdien artean. Ordu batzuen buruan, ordea, menia ezerezean gelditu, eta arestiko egoera baino are larriagora egin du jauzi gatazkak. Eskuin muturreko taldeek ez dute menia errespetatu Kieven, eta borrokak erabateko gordintasunarekin piztu ziren atzo. Hildakoak dozenaka dira: Osasun Ministerioaren arabera, denera 75 astearteaz geroztik; Batkivstxina (Aberria) oposizioko alderdi nagusiaren arabera, 100 «borrokak hasi zirenetik». Atzora arte hildako kopuru ofiziala 26koa zen. Jada suzko armak bilakatu dira borrokarako tresna nagusiak.

Barne Ministerioak baimena eman dio Poliziari «borrokarako materiala» erabiltzeko. «Gaur poliziei suzko armekin egin zaie tiro», adierazi zuen atzo arratsaldean Vitali Zakhartxenko Barne ministroak. «Karriketan ez dira soilik poliziak hiltzen, baita herritar baketsuak ere. Kieven eta Ukrainako mendebaldean pogrom-ak hasi dira». Zakhartxenkok «muturreko ekintzaileei» exijitu zien armak entregatu «eta protesta baketsuetara» itzultzeko. 67 polizia bahituta zeudela ere erran zuen Barne ministroak, eta ez zutela haien egoeraren berririk. Irudi anitzetan ikusi ahal izan zen atzo eskuin muturreko ekintzaileek nola sartzen zituzten indarrez hainbat polizia Kieveko Independentziaren plazako kanpalekuan.

UNN agentziaren arabera, Eskuin Sektorea eta Autodefentsa muturreko taldeek euren gain hartu dituzte bahiketak, eta su-eten baterako baldintzak paratu dituzte. «Poliziak su-etena egiten badu eta parlamentuak Janukovitxen diktadore botereak bertan behera uzten baditu, odol isurketa gelditzeko ahal dugun guzia eginen dugu eta ofizialen [polizien] segurtasuna bermatuko dugu». UNNren arabera, Dmitri Jarox Eskuin Sektoreko buruaren eta Andri Parubi Autodefentsakoaren sinadura dauka oharrak. Eskuin muturreko bi talde horiek dira Kieven borrokaren abangoardian daudenak. Svoboda eskuin muturreko alderdiak —laugarren indarra parlamentuan—, berriz, Poliziak balak erabili izana salatu du, eta erran du «hiltzera» tiro egin dutela.

«Haien kideak askatzeko legeak utzitako beharrezko baliabide guztiak erabili ditzake Poliziak, armak barne», ohartarazi die Zakhartxenkok. Eta jasotako kritiken aitzinean defendatu du Barne Ministerioaren jarduna. «Ez duzue herrialde demokratiko bakar bat aurkituko non bere polizia egiturek halako neurritasuna eta tolerantzia erakutsi duten».Barne Ministerioaren arabera, asteartetik hamahiru polizia hil dira borroketan, eta 130 tiroz zauritu dituzte.

Kieveko erdiguneak gerra eremu baten itxura hartu zuen atzo. Hainbat hilketa inguruko eraikinetan gordetako frankotiratzaileri leporatu zizkieten. Bi aldeekelkarri egotzi zioten, ordea, frankotiratzaileak erabiltzea. Euromaidaneko ekintzaileek [Independentziaren plazari eman dioten izena] plazaren alde batean Poliziaren lerroa desegitea lortu zuten goizean, eta hortik aitzinera piztu ziren borrokak. Hainbat iruditan ikusi ahal izan ziren hildako manifestarien gorpuak plazan bilduta. Liskarretan, bi polizia etxe inguratu eta armadaren egoitza bat ere blokeatu zituzten Kieven. Interfax agentziaren arabera, Kieven erdigunean bizi diren herritarrak Dnieper ibaiaren mendebaldeko hegira alde egiten hasi dira. Nahiz eta indarkeria larritu, Volodimir Makeienko alkateak metro zerbitzua berriz ere martxan paratzea erabaki zuen atzo.

Mendebaldetik hiribururako tren zerbitzuak ere martxan paratu zituzten atzo. Lviv probintzian, parlamentuak jakinarazi ondoren ez dituela gobernu zentralaren aginduak jarraituko, probintziako segurtasun indarrek adierazi dute Lviveko parlamentuaren aginduak jarraituko dituztela, UNN agentziaren arabera. Barne Ministerioak ukatu egin du polizien «desertzio masiboak» gertatu direla.

Disidentzia parlamentuan

Janukovitxi, ordea, alderdiko zenbait kide nabarmen aldendu zaizkio. Eskualdeen Alderdiko hamabi diputatuk oposizioarekin bat egin dute parlamentuan, Barne Ministerioak herenegun iragarritako «terrorismoaren aurkako operazioa» debekatzeko. 236 diputaturen botoarekin onartu zen —238 agertu ziren saiora, eta 450 dauzka Radak—. Ministroen Kabineteari ere agindu dio Kieveko sarrera mugatzeko erabakia bertan behera uzteko. Kieveko alkate Makeienkok, hain zuzen, Eskualdeen Alderdia utzi du. «Ukrainarren bizitzak salbatzea da nire lehentasuna. Ez da oligarka bakar bat hil, ez da politikari bakar bat hil. Ni, Kieveko administrazioko burua naizenez, dozenaka jende xehe lurperatzen ari naiz», adierazi du.

Elkarrizketarako tartea txikitzen ari da. Janukovitxek Mendebaldeko agintarien eta Errusiakoen bisita eta dei andana izan zituen atzo. Arratsean, oposizioko hiru alderdi nagusietako buruzagiak hartu zituen presidentetzako egoitzan. Edizio hau ixterakoan elkartuta zeuden oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.