Enpresariei eta langileei nork bere aldetik jartzeko esan die Imanol Lasak

«Eusteko garaia da», ohartarazi du Gipuzkoako Aldundiak; Ekonomia diputatuak ez du «eztabaida antzurik» nahi, ekonomia geldi ez dadin

Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko diputatua, atzoko agerraldian. BERRIA.
jokin sagarzazu
Donostia
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun

Dagoeneko instituzioek ere ez dute ezkutatzen latza izango dela udazkeneko kolpea: nabarmen egingo du gora langabeen kopuruak, eta laster batean edo luze gabe egoerak ez du hobera egingo. «Garai gogorrak datoz». Mezu horrekin abiatu du urte politikoa Gipuzkoako Foru Aldundiak. COVID-19aren krisia lurraldean uzten ari den panoramaren analisi ezkorra egin du, baina enpresei eta langileei esan die haien «bidelagun» izango dela. Uste du «indarrak batzea» ezinbestekoa dela, eta lehentasuna enpleguari eustea izan behar dela. «Gogor eusteko» esan die aldeei, eta xede hori lortzeko nork beretik jartzeko, «inplikatzeko», eta «eztabaida antzuetan» ez erortzeko.

 

Atzo eginiko prentsaurreko batean, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko diputatuak ez zuen neurri berririk aurreratu, baina jakinarazi zuen aldundia datozen asteetan ehun eragile ingururekin elkartuko dela «ekintza plan bat zehazteko», orain arteko neurriak «iraungita» daudelako edo ez direlako egokitzen egungo egoerara. Plan hori 2021. urteko aurrekontuetan islatuko dela azaldu zuen, baina zerga bilketan izandako jaitsierak —%20 ingurukoa— aurrekontuan nola eragingo duen galdetuta, erantzun zuen berari ez dagokiola hori zehaztea. Hala ere, aurreratu zuen aldundiak ekonomia suspertzeko diru funtsak handituko dituela. «Inoiz baino gehiago, benetan garrantzitsua eta saihetsezina denaren artean bereiztea eskatuko dute aurrekontuek».

Orain artekoaz eta bereziki COVID-19agatik apirilean abiatutako laguntzei buruz mintzatu zen Lasa, eta «balantze baikorra» egin zuen. Diru sailaren %95 dagoeneko «aktibatuta» dagoela azaldu zuen: 562 enpresek jasoko dituzte laguntzak, eta 10.000 langile ingururi eragingo diete. Dena den, gogorarazi zuen urteko lehen sei hilabeteetan, eta bereziki martxotik ekainera, 8.400 lanpostu galdu direla lurraldean, %9koa dela langabezia tasa, eta urte amaieran «bi digitutik gorakoa» izatea aurreikusten dutela. Horrekin batera, beste datu bat eman zuen: Gipuzkoako hamar enpresatik zazpi baino gehiagori %20 jaitsi zaiela fakturazioa.

«Itxaropena» nazioartetik

Datozen asteetan albiste txar gehiago izango diren arren, azpimarratu zuen «notizia ona» dela orain arte behintzat Gipuzkoan enpresa handirik itxi ez izana, eta gaineratu zuen sektore batzuetan %100ean ari direla lanean; beste batzuetan, aldiz, egoera okerragoa dela aitortu zuen —aeronautika, metalgintza eta garraioa aipatu zituen—, eta errekuperazioa geldoagoa izango dela, nazioarteko ekonomiaren eboluzioaren araberakoa izango delako hura. Hala ere, Txinatik eta Alemaniatik datozen berriak «itxaropentsuak» direla adierazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.