Jon Urbe / Foku
Balio erantsi gutxiko produktua izanagatik, errentagarri bihurtu da egungo jokalekuan. Maskarak behar-beharrezkoak bilakarazi ditu COVID-19ak, eta euskal enpresa batzuek azkar mugitzen jakin dute. Mondragon taldeko Bexen Medicalek martxan dauka jadanik Etxebarrian (Bizkaia) hilero hamar milioi maskara ekoizteko instalazioa. Hernaniko kooperatibak Cikautxo enpresaren areto zuri batean dituen lerroak ez dabiltza gaitasunaren %100 oraindik, baina merkatuan jarriko dituen maskarak pilatzen ari da egunotan.
Fabrika ez dute gaur inauguratuko, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak atzo esan zuen moduan, baina Aretxabaletako (Gipuzkoa) Mondragon Assemblyk denbora errekor batean Txinan egindako hiru makina lanean ari dira dagoeneko, proba fasea gaindituta. Denbora luze baterako kontratua egin du Bexenek Espainiako Gobernuarekin, eta haren hornitzaile izango da.
Soilik Etxebarrian ekoitziko diren maskara kopurua kontuan hartuta, Euskal Herria erreferentzia bihurtu da sektorean, Europa osoan. Baina esparruko eragile gehiago daude jada euskal enpresen artean. Gasteizko Grado Cerok Jundizko bere instalazioak egokitu ditu maskarak egiteko. Zazpi makina erosi ditu Txinan bi milioi euroko inbertsioa eginda, eta 42.000 maskara ekoitziko ditu orduero egun gutxi barru. Grado Cerok 85 langile ditu, eta hondeatzeko makinentzako osagaiak egiten ditu.
Ezin da ahantzi, bestalde, Zamudioko (Bizkaia) Sibol enpresa aspaldian ari dela maskarak ekoizten; bada, bere ekoizpena halako hiru egiten ari da pandemia dela eta. Babes handiko maskarak egiten ditu Bizkaiko Parke Teknologikoan. Iberiar penintsulan segurtasunik goreneko maskarak ekoizten dituen enpresa bakarra da, eta Europan bakarrenetakoa. Maskaraz gain, mota guztietako babes ekipamenduak eta sistemak garatzen ditu.
Sektoreko poloa
Euskal Herria maskaren sektoreko poloa bihurtzeko bidean da, beraz, hiru enpresak ekoizpen handia lortuko dutelako, eta ezin delako baztertu maskarak ekoizteko lerro gehiago zabalduko direla aurki. Aurretik esanda doa: koronabirusa amesgaiztorik okerrena da industriaren zatirik handienarentzat, ekoizpenerako eragin dituen arazo larriez gain, merkatu globalak moteldu edota erabat geldiarazi dituelako. Baina gutxi batzuek jakin dute egoera berrira moldatzen.