PSE-EEk eta EPk denbora eskatu dute hezkuntza itunari ekarpenak egiteko

EH Bilduren irudiko, «hezkuntzaren egiturazko beharrari» erantzuteko «abiapuntu ona» ezartzen du Eusko Legebiltzarrean aurkezturiko testuak

RAUL BOGAJO / @FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun

Pil-pilean dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordioaren inguruko eztabaida. Joan den astean, Eusko Legebiltzarrean akordioa lortzeko sortutako lantaldeko presidenteak lehen zirriborro bat aurkeztu zuen, eta erreakzio erreskada eragiten ari da. Testu horri ekarpenak egiteko egunak dira aste honetakoak: ostiralera arte dute aukera alderdiek eta hezkuntza eragileek. Epeak kritikatu dituzte Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk, eta denbora gehiago eskatu dute.

 

Formalki egin du Elkarrekin Podemos-IUk, Eusko Legebiltzarrean eskaera bat erregistratuta; PSE-EEk, berriz, ahoz, Eneko Andueza idazkari nagusiaren ahotik. «Hezkuntza itunak behar duen denbora ematea merezi du. Eztabaida lasai egin behar da, agente guztiei entzunda», arrazoitu du Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUren legebiltzarkideak. Anduezak esan du ez duela «erritmo frenetikorik» nahi.

PSE-EEren idazkari nagusiak erantsi duenez, gaur-gaurkoz ez dago akordiorik alderdien artean, baina Alfredo Retortillo hezkuntza idazkariak Radio Euskadin argitu du zein den PSE-EEren lehentasunezko bazkidea: lehenik EAJrekin lortu nahi du «sintonia», gero gainerako alderdiak batu daitezen. «Desberdintasun garrantzitsuak ditugu, baina PSE-EEren borondatea da kontsentsu sendo bat lortzea, gutxienez indarrean dagoen legeak duen adinako adostasuna».

Dokumentuari erreparatuta, pare bat balorazio egin ditu. Retortilloren irudiko, eskola publikoa «erroko kontu bat» da, baina ia ez dute aipatzen testuan. Erantsi du ez dela haren aldeko apusturik egin, eta nabarmendu du horrela «aukera berdintasunaren eta ekitatearen» aurka egiten dela. Euskararen inguruan ere mintzatu da. Ematen dioten tratua «zuzena» iruditzen zaio, baina zehazten du ez dela onartu «hezkuntzarako esparru eleaniztunik». Hori «fintzeko» beharra ikusten du.

EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriarteren ustetan, hezkuntzaren «egiturazko behar bati» erantzuteko garaia da. Aurreko asteko dokumentua «abiapuntu ona» delakoan dago, eta uste du aukera ematen duela eztabaida «lasai eta sakon bat» egiteko. Hala ere, Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan esan du EH Bilduk ekarpenak egingo dituela testua hobetze aldera: «Uste dut ekarpenak egiten jarraitu daitekeela eta hobetzeko aukera dagoela». Akordiorako aukerak badaudela uste du, «sintonia handia» daukatelako, baina «jarrera alderdikoiak» alde batera uztea galdegin du.

Carlos Iturgaiz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko buruak ere zabalik ikusten du akordioa erdiesteko atea, PPk parte hartuko ez duen arren «EH bilduk hariak mugitzen dituen akordio batean». Horrenbestez, haren esanetan, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk izenpetuko dute testua: «Sozialistek akordio bat nahi dute EAJrekin eta EH Bildurekin; EAJrekin, gobernuko bazkideak direlako, eta EH Bildurekin, ezkerreko fronte bat nahi dutelako etorkizunerako». Iturgaizek dokumentuaren edukia ere kritikatu du Radio Euskadin izan duen solasaldian. Uste du Kataluniako eredua kopiatzen duela, gaztelera desagerraraziko duen erabateko murgiltzea proposatzen duela eta itunpeko ikastetxeek zailtasunak izango dituztela.

Akordiotik legera

Orain eztabaidagai den testutik behin betikoa egin ostean, Eusko Jaurlaritzari helaraziko diote, eta haren esku egongo da datozen 30 urteetarako legea egitea. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak zirriborroaren balorazio orokor bat egin du: «Ikaslea da ardatza, iparra, erreferentea eta kezka».

Eztabaidagai nagusiari, euskarari, ere heldu dio sailburuak: «Ez dut ikusten inor ereduen gaia zalantzan jartzen ari denik». Ikasleek euskara jakiteko daukaten eskubidea aipatu du: «Ez dut uste eztabaida 'ereduak bai edo ereduak ez' denik. Eztabaida Euskararen Legean dago. Esaten du ikasleak behin Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen duenean eskubidea duela —ez eginbeharra— euskara eta gaztelera jakiteko, baita gutxienez atzerriko hizkuntza bat ere. Betetzea tokatzen zaigu parlamentuak lege horren bidez derrigortzen diguna».

Gaur-gaurkoz, legea bera bainoago, adostasuna du begiz jota, Onda Cero irratian azaldu duenez. Mahai gainean jartzen ari diren eztabaidak «oso interesgarriak» iruditzen zaizkio, eta esan du hezkuntza eragileei entzuten jarraitzeko asmoa duela urrian legea gobernu kontseilura eraman arte. Horrela, «guztientzat ona» izango den dokumentua erdietsi asmo du. «Politikakeriak utzi eta hezkuntzaren inguruko eztabaidan zentratzen bagara, uste dut euskal hezkuntza sistema oso indartuta aterako dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.