Ikasturtea hasita iritsi diren ikasleen %39 A edo B eredura bideratu dituzte

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eskolatze batzordeek aukeratzen diete eskola. %56 sare publikora bideratu dituzte 2021-2022ko ikasturtean

Irati Urdalleta Lete.
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Ikasle guztientzat ikasturtea ez da irailean hasten: milaka dira ikasturtea hasita Euskal Herriko ikasgeletara iristen diren eskola umeak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemara iazko irailetik aurtengo martxora iritsitako ikasleen datu xeheak eskuratu ditu BERRIAk. Orotara, HH Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bitarteko 5.858 ikasle hartu dituzte. Banaketa ez da orekatua: %39 A edo B eredura bideratzen dituzte —hurrenez hurren, gaztelera hutsezko eredua, euskara irakasgai izanda eta erdia euskaraz eta erdia gazteleraz egiten duten eredua—, eta %56, sare publikora. Nafarroako datuak ez dira hain zehatzak: guztira, 1.605 iritsi dira, eta %74 bideratu dituzte ikastetxe publikoetara.

Baina nork eta nola erabakitzen du haur horiek ikastetxe batera ala bestera bidaltzea? Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, lurralde bakoitzeko Eskolatze Batzordeak egiten du proposamena. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko funtzionarioek osatzen dituzte batzorde horiek. Nafarroan, Hezkuntza Departamentuak kudeatzen du matrikula bizia esaten zaiona, eskolatze atalaren bidez, tokiko hamar eskolatze batzordeekin koordinatuta. Tokiko eskolatze batzorde horien eginkizunetako bat da hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen presentzia orekatua izatea ikastetxeen artean. Bertan biltzen dira hezkuntzako ikuskatzailea, ikastetxe publiko eta itunpekoen ordezkariak, gurasoen ordezkari bat eta gizarte zerbitzuetako langile bat.

Legez jasota dagoenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hainbat irizpide eduki behar dituzte kontuan ikastetxea adjudikatzean, familiek adierazten duten borondateaz gain. Lehena, euskarari lotutakoa: D eta B ereduak hobetsiko direla jartzen du, baina beste faktore batzuk ere kontuan hartu ditzaketela, hala nola adina eta ikaslea bizi den eremuko hizkuntza eskaintza. Eta bigarrena, segregazioari lotutakoa: esaten du eskolatze «inklusiboa eta orekatua» egingo dutela diru publikoa jasotzen duten ikastetxeen arteaneta eremu bakoitzeko «ikasleen aniztasunaren erakusgarri» izango dela. Ipar Euskal Herrian, Peio Jorajuria Seaskako lehendakariaren hitzetan, apenas jasotzen duten ikastoletan ikaslerik behin ikasturtea hasita: «Bakar batzuk gertatzen dira, baina aski gutxi». Azaldu duenez, lekualdatzen den ikasleari beti bermatzen diote lekua publikoan, eta eskola pribatuan matrikulatzeko aukera izaten dute, gurasoek hala eskatuz gero.

Banaketarako bide

Irizpideak irizpide, datuek erakusten dutenez, ikasleak desorekak egon badaude banatzeko garaian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikus daitezke, bederen. Batetik, hizkuntzari dagokionez: irailaz geroztik iritsi diren ikasleen %13 A eredura bideratu dituzte, eta %26, B eredura. Alegia, hamar ikasletik ia lau A edo B ereduan matrikulatu dira. ISEI Irakats Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak emandako azken datuen arabera, oro har, adin horietako ikasleen %4 pasatxok ikasten dute A ereduan, eta %19k B ereduan. Beren-beregi ezin da alderaketa egin, ISEIk emandako datuak aurreko ikasturtekoak baitira, eta BERRIAk eskuratutakoak HHko bigarren ziklotik aurrerakoak soilik direlako, baina ideia bat egiteko balio du alderaketak.

Lurraldez lurralde desberdina da egoera: Araban, %57 bideratzen dituzte A eta B ereduetara; Bizkaian, %46; eta Gipuzkoan, %16. Adinean aurrera egin ahala, gero eta ikasle gehiago matrikulatzen dituzte gaztelerazko ereduetan: Arabara DBH egitera ikasturte honetan iritsitakoen %90 A edo B eredura bidali dituzte; Bizkaian, %68; eta Gipuzkoan, %30. Zenbat eta umeago izan, orduan eta euskara gehiago eskaintzen diete. Araban, HHra iritsitakoen %24 bideratu dituzte A edo B eredura, eta LH Lehen Hezkuntzakoen %46; Bizkaian,HHkoen %26 eta LHkoen %37; eta Gipuzkoan, HHkoen %6 eta LHkoen %11.

Segregazioari ere bidea zabaltzen dio egungo banaketak: ikasleen %56 eskola publikoetan matrikulatzen dituzte, nahiz eta, oro har, ikasleen %51 hartzen dituen sare horrek. Bereziki aipagarria da ikastoletara bideratzen dituzten ikasle kopurua: %8 eskas, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen %14 pasatxo hartzen badituzte ere. Gainerako itunpekoetan ikasle iritsi berrien %36 jasotzen dituzte, sistema osoaren %35 izaki.

Arabako egoera da muturrekoena: %75 bideratzen dituzte sare publikora. Aldiz, Bizkaian %46 bidaltzen dituzte ikastetxe horietara, eta Gipuzkoan, %59. Nafarroako datua ere ildo beretik doa: irailetik sare publikora bideratzen dituzte ikasleen %74 —sare publikoak ikasleen %65 inguru hartzen ditu—. Hezkuntza Departamentuak nabarmendu duenez, gero eta ikasle gehiago hartzen dituzte itunpeko ikastetxeek: 2020-2021eko ikasturtean, %12 izan ziren, eta 2021-2022an, %26.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.