Foro Sozial Iraunkorrak uste du ETA desegiteak «baldintzak» sortu zituela «elkarbizitza demokratikoaren eraikitze fasea irekitzeko», eta iragarri du norabide horretan «sakondu» nahi duela urte politiko berrian. Gaur-gaurkoz, biktimak, euskal presoak eta memoria dira «askatu gabeko korapiloak», Agus Hernan eta Teresa Toda foroaren eledunek Donostiako prentsaurreko batean azaldu dutenez. Halaber, Espainiako Gobernua eratzeko dagoen «ezegonkortasuna» deitoratu dute, «aurrerapausoak atzeratzen ari delako», eta alderdien «kontakizunaren guda amaigabea» ere kritikatu dute.
Aitzitik, euskal eragileen artean adostasun garrantzitsuak daudela nabarmendu du Foro Sozialak, eta ekinbide esanguratsuak ere badirela; biktima mota asko ikusten ditu «elkarbizitzaren alde argi hitz egiten eta eskuzabaltasunez». Uste du aurrera egin dela: «Gure herrian bake eta giza eskubideen kultura bat eraikitzeko oso baldintza indartsuak sortzen ari dira. Urte hauetan pilatzen ari garen eskarmentuari esker, egun, kolektiboki begiratuta, pertsona hobeak, solidarioagoak eta enpatikoagoak gara».
Euskal gatazkako biktimen arteko elkarlanean, euskal presoei buruzko eztabaidan eta memoria barneratzailearen lanketan sakonduko dutela adierazi duteTodak eta Hernanek. Hala, indarkeria adierazpen desberdinen biktima «guztiei» egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea bermatu behar zaizkiela esan dute, eta galdegin «biktima batzuekiko dagoen diskriminazioa» amaitzea. Presoen, iheslarien eta deportatuen aurkako «salbuespen» egoera salatu dute, eta haiek «gizarteratzeko araudi arrunta» eskatu; «Presoek egin behar duten ibilbidea definitu behar da, lehen gradutik bigarrenera pasatzea ahalbidetzeko eta, batez ere, bigarrenetik hirugarrenera». Era berean, eledunek deritzote «memoria kritikoaren eta barneratzailearen» norabidean aurrera egin behar dela, «dauden kontakizun guztiak onartuz».
Topaketak eta ekarpena
Ardatz horiek langai hartuta, Foro Sozialak jendaurreko topaketak antolatuko ditu datozenhilabeteetarako. Nazioarteko eta tokiko esperientziak jaso nahi ditu. Gainera, «elkarbizitza demokratikoari buruzko sakoneko ekarpen bat» egiteko proposamen bat lantzen ari da.
Biktimak, presoak eta memoria, «askatu gabeko korapiloak»
Foro Sozialak dio ETA desegin zenetik badirela «elkarbizitza demokratikorako» baldintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu