Imajina ezazu zeure burua honako egoera honetan: 500 egun, eta kantak dion moduan 500 gau bakar-bakarrik, inorekin mintzatzeko, besarkatzeko, barre edota negar egiteko paradarik gabe. Zer egingo zenuke? Nola egongo zinateke?
- Zeure buruarekin solastatuko zinateke? Ez duzu ispilurik, ordea...
- Irakurtzen? Bi liburu gehienez hilabetean. Hori da araua.
- Kirola egiten? Ez duzu inolako tresnarik, ez eta espaziorik ere. 10x20 metroko patio umela besterik ez.
- Kanpoaldeko basamortuko kilometro luze bezain bizigabeek eskaintzen duten parajeari so eta orduak pasatzen utzi? Hormigoia besterik ez zenuke izango lagun. Beheko solairuan zaude, pareta sendoz inguratuta, sareak nonahi. Begiradak hamar metrora talka. Egunean lau ordu dituzu eguzkiaren argiaz gozatzeko, baina gaur ere ekhiak ez du tarterik aurkituko bere ibilbidean zulo hotz hura goxatzeko. Hauexek baldintzak.
-Ikasketak egiteko baliatu zenezake. Egunean hogei orduz hiru metro karratutan egongo zara, zeure ziegan. Hori bai, hotzak ez dizu denbora luzez esertzen utziko. Hezetasunak hormigoizko mahaia eta lurra busti ditu. Sabaitik zintzilik dagoen bonbilla zaharra argitzat. Barrotez jositako leihotxotik begiratuz gero, porlanezko beste hormatzarra. Komuna edo... halako zulo zikin bat lurrean. Ezin kexatuko zara! Dena eskura, luxu guztiak helmenean. Horiek arauak, hauxe joko zelaia.
Oxigenoa hartzeko eskubidea ere baduzu, zaude lasai. Astean behin maite dituzunak ikusteko aukera emango dizute, 40 minutuz, kristal baten atzean eta telefonoa eskuan hitz egin beharko duzularik. Dena entzun eta grabatzen dute. Hamabostean behin ordu eta erdi etxekoekin, barrotedun leihoa duen gelatxo batean giltzapetuta, grabatuta. Horixe izango da kontaktu fisiko bakarra, profita ezazu! Noski, maiteek 500 edo 1000 kilometroko bidaia egin ostean. Bisita duzu arnasa. Bidaia senideei inposatutako kondena ankerra...
Egunero espetxe funtzionarioak ikusteko abagunea izango duzu. Zorionekoa zu! Patiora irteten zaren bakoitzean goitik behera miatuko zaituzte, egunean birritan, baita zure ziega ere.
Horiek joko arauak, beraz. Bisitaldien denbora tartea kendu diogu jada, espetxe aldaketetan jendearekin topo egiteko izan dituzun aukera urriak ere eta zer egingo zenuke geratzen diren 500 egun eta gau luzez zeuk bakar bakarrik?
Sekretu bat esango dizut: baduzu arauen aurka jotzeko bidea, eskubidea. Debekaturik dago edozein gizaki horrelako egoeran edukitzea. Nazio Batuetako Batzar Orokorrak duela gutxi berrikusi dituen hainbat arauren artean zera erabaki du: «Debekatuta dago hamabost egunetik gorako isolamendua, hortik aurrera tortura gisa hartuko da». Demostratua dago hamabost egunetik gorako erabateko isolamenduak ondorio psikologikoak ekar ditzakeela, baita luzapenaren arabera atzera bueltarik ez duten ondorio bortitzak ere. Giza eskubideak zure alde daude, Nazio Batuak ere bai... Baina kontuz! Edozein giza eskubide, lege europarrak eta nazioarteko erabakiak gainetik salto egiten dituen salbuespeneko legedia erabiltzen duten estatuak dituzu aurka.
Arantza eta Jon ia bi urtez ari dira pairatzen bakartze basati hori. Tarteka hainbat preso izan dute horrela. Etengabe, emeki-emeki, aplikatzen ari zaizkien egun luze eta amaigabeetako tortura da bakartzea. Baita haiek maite ditugunentzat ere. Bakartuak egonagatik ez daude bakarrik, bihotzean daramatzagu.
Eta hori guztia epaitu gabe daudelarik. Kausa bereko beste denak kalean daude, juridikoki eutsiezina bada ere lotsagarria baita euskal preso politikoen bitartekari izateagatik espetxean atxikitzea. Baina fiskalak zera esan zuen: «En el caso del resto deciden los jueces y en el caso de Arantza y Jon deciden los ministros». Eta ez omen dira preso politikoak... Kalean utzi edo bi urte gehiagoz luzatzeko erabakia hartuko du Espainiako Auzitegi Estatalak abenduan. Isolamenduari bukaera eman diezaiotela, ekar ditzagun etxera, utz ditzatela aske.
Espetxealdiaren helburua presoen gizarteratzea bideratzea omen da. Hain dramatikoa ez balitz, barrez lehertuko nintzateke! Gizarteratu non? Ikastolan? Familian? Danborradan? Auzoan? NBEko torturaren kontatzaileak dio bakartzearen luzapenak gizarteratzearen aurkako jarrerak garatu ditzakeela... Norbaitek zalantza ote du oraindik pertsona akabatzeko modua besterik ez dela espetxe politika hau eta horren adibide isolamendua eta bakartzea? Garaipen politikorik atera nahi badute hemendik, alferrik ari dira. Eta badakite hori; horregatik ari dira horrela estutzen. Garaipen politikorik ezean, pertsona bera gizaki gisa ezeztatu nahiak bultzatuta.
Zer egingo zenuke zuk horrelako egoera batean? Are zailago: ea lortzen duzun gure lekuan jartzea. Zer egingo zenuke gehien maite duzun pertsona, semea, emaztea, aita... ia bi urtez bakarrik horrelako egoeran egongo balitz?
Eta herriaren ordezkariak zareten horiei, giza eskubideen alde lan egiten duzuen orori: zer egin behar duzue zuen herritarrek egoera prebentiboan ia bi urtez tortura hiltzailea pairatzen ari direla jakinik?
Bakardadea pertsonak suntsitzeko erabiltzen den arma da. Ez al da egoera bortitza, ankerra, onartezina Espainiar zein Frantziar espetxeetan gertatzen ari dena? Ez al dugu amaitu behar sufrimendu ororekin? Herri honetan jende gehiegik sufritu du, alde guztietan. Familia batzuk orbainak itxi nahian dabiltza; hori ere egin behar dugu; beste herritar batzuen zauriak odoletan ari dira, ordea. Noiz bilakatuko ditugu orbain?
Hamaika gutun idatz genitzake bakoitzak bere senideak pairatzen dituen bidegabekeriak adieraziz. Une honetan Arantza eta Jonekin pauso bat gehiago eman dute, baina gogoan dut Eneko, hiru hilabetez jada bakarturik Alcalan, gogoan ditut gaixorik eta egoera larrian dauden euskal preso politikoak. Gogoan neurri politiko gizagabeak nozitzen dituen euskal preso politikoen kolektiboa. Une oro gogoan ditut haien familiak. Defentsa eskubiderik gabe, senide izate hutsagatik errepidean bizitza arriskuan jartzera kondenatua izandako oro, salbuespenezko legedi hiltzailearen ondorioak pairatzen duen familia oro, eta bereziki, laguna edo senidea ikustera zihoazelarik errepidean hildako hamasei euskal herritarrak eta haien familiak.
Lehentasunez, orain eta denon artean ekarri behar ditugu etxera.
Jon Enparantza eta Arantza Zulueta torturapean, noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu