Amelia Barquin.

Ni ere generoaren polizia ote naiz?

2016ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Horixe galdetu zidan herenegun hamasei urteko nire iloba Elenek, institututik bueltan.Berak badaki zer den «generoa», besteak beste klasean gaia landu dutelako; izan ere, kontziente da neska izateagatik jaiotze momentutik bertatik «pakete bat» egokitu zaiola (hainbat ezaugarri, funtzio, jokatzeko modu...). Eta bere nebari gauza bera gertatu zaiola mutila izateagatik. Eta badaki familiak, eskolak, telebistak, pelikulek, bideoklipek, liburuek... hamaika mezu bidali eta bidaltzen diotela neskentzat markatutako bidetik eramanarazteko. Kontziente da, halaber, heterosexualitatea pakete horren barruan dagoela.

Argi dago legea ez dela sartzen norberaren bizitzan, ez dizula esaten nolakoa izan behar zaren edo nola jokatu behar duzun, norekin irten behar zaren, nola joan behar duzun jantzita..., eta, hala ere, badirudi ezin duzula edozein gauza egin, ezin duzula markatutako bidetik nabarmenki atera, zeren, hala egiten baduzu, zigor sozial moduko bat jasoko duzu.

Ez badago legerik, nola dakizu zer dagokizun «neska» ala «mutil» moduan? Bidetik ez ateratzeko modu eraginkor bat honakoa da, lagunen eta ikaskideen komentarioak jasotzea, «generoaren poliziarena» egiten dutenean, alegia, ohartarazten dizutenen zerbait ez zarela ondo egiten ari neska zaren heinean edo mutila zaren heinean.

Elenek galdetu dit, beraz, ea uste dudan berak ere kolaboratzen duen, konturatu gabe, alboan dauzkan lagunen eta ikaskideen bizitzak kontrolatzen eta mugatzen. Ez dut jakin zer erantzun; izan ere, galderak baino ez zaizkit bururatu:

—Zuk beldur diezu zure lagunek eta ikaskideek egin ahal dituzten komentarioei zure itxura eta zure jokaeraren inguruan? Horrek baldintzatzen zaitu eta zure nahiak eragozten ditu?

—Neska baten gorputzak ez baditu edertasunaren industriak markatutako arauak jarraitzen (argala baina ez argalegia, ez oso altua ez oso baxua, ondo depilatua, ile luze eta zaindua, modaz pasata ez dirudien arroparekin...), eroso sentituko da zurekin eta zure inguruko lagunekin, ala kritiken beldur egongo da? Beldurra izango diote besteek zuk esan zenezakeenari?

—Neska baten jokaera mutilekiko ere kritika iturri izan daiteke? (Ausarta baina ez ausartegia, sexy jantzita baina pasatu gabe...).

—Zenbat neska ezagutzen dituzu neskengan interesatuta daudenak zure inguruan? Zenbat mutil mutilengan interesatuta? Bat ere ez baduzu ezagutzen, edo oso gutxi, zergatik izango da? Agian ez dutelako nabarmendu nahi, norbaiti gaizkiirudituko zaiolakoan? Agian zuk erejarrera kritiko bat erakutsiko duzulakoan?

Mutilek jasotzen dute askotan genero presio handiagoa, gehienetan beste mutilengandik, eta beste batzuetan neskengandik. Komentarioen bidez, ohartarazten zaie ez dituztela «nesken gauzak» egin behar, ez dutela homosexualak («marikoiak» esango lukete) iruditu behar. Batzuetan txantxetan esaten zaie, umore tonu eta keinuez. Baina umore hori ez da enpatikoa, ezta dibertigarria ere, bestearen jokaerak kontrolatzeko tresna baizik. Eleneri galdetu diot ea honako esaldi hauek edo antzekoak entzun dituen bere inguruan, ea berak ere inoiz esan dituen:

—«Nora zoaz txima horiekin? Neska bat dirudizu, kar-kar-kar!».

—«Zelako koloreak, zapatila horiek neskenak dira, txabal».

-«Hara, zelako txaketa, begira ze marikoikeria daraman horrek».

—«Ui ui ui. Martinekin maiteminduta zaude, zure nobioa da, e?» (Mutil bat beste batengana «gehiegi» hurbiltzen bada).

—«Baina oraindik ez zara neska horrekin enrollatu? Zu pringao bat zara».

Elene pentsakor geratu da. Duela gutxi institutuaren sarreran zintzilikatuta dagoen tapiz horretaz hitz egin zidan. Zeuk ere jakingo duzu zein den: duela bi urte ikasleen talde handi batek idatzitako ehun zatiekin osatuta dago, zati guztiak josita, eta genero bortizkeriaren kontrako hitzak eta esaldiak aurki daitezke bertan: Ez gaude inoren menpe, Nire gorputza errespetatu, Emakumeen kontrako indarkeriarik ez, Matxismorik ez... Irudi gutxi daude patchwork estiloko tapiz eder horretan, hamar bat baino ez, baina hara non, fijatzen bazara, irudi guzti-guztietan agertzen diren pertsonak mundu musulmanarekin lotuta daude: burkak ikusten dira, zapiak, lapidazioak edo harrikatzeak... Elenek zera esan zidan: «Badirudi askoz errazagoa dela beste gizarteetako bortizkeria hautematea gurean dagoena baino». Baliteke, eta ziur aski sumatzeko zailenak hauek dira: guk geuk eragiten ditugun mikrobortizkeriak, alegia, eguneroko bizitzan besteen askatasuna (gure adiskideena, gure ikaskideena) mugatzen duten gure presioak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.