Amelia Barquin.

'Go!azen', irrikan nago bollerak noiz aterako...

2017ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Izeba eta ilobaren arteko elkarrizketa EITBko Go!azen telesailaren lehenengo atalaren ondoren: Izeba: Zer moduz lehenengo atala? Iloba: Superondo! Bi neska bizki daude eta mutil berarekin gustatzen dira...

Izeba: Aizu, eta lesbianarik, gayrik, transik edo postgenerorik agertzen da?

Iloba: Ez, baina beltz bat ateratzen da.

Izeba: Hara. Eta asko ateratzen da?

Iloba: Beno, ez du ezer esaten; taldean dantzatzen du batzuetan.

Tira, nire ilobak ondo ezagutzen nau eta aniztasunaren ikurra (apurra) bilatu du niretzat: gazte beltza. Esaldirik gabeko beltza, bestalde. Ez zait asko iruditu...

Hurrengo atala nire ilobarekin ikusi dut. Hasteko, nire miresmen osoa itxura batean horren baliabide gutxirekin egindako telesail batentzat. Eta funtzionatu egiten du. Nire iloba ostiralean korrika etortzen da etxera «ebatzi gabeko maitasuntentsioaren» hurrengo urratsaikustera eta abestiak entzutera. 21:00etan txintxo-txintxo esertzen da telebistaren aurrean. Eta ni pozez txoratzen, gure nerabeak euskarazko kultur produktu bat boluntarioki kontsumitu nahi duelako! Ez da makala.

Ez dut hitz egingo egoeren sinesgarritasunaz. Barnetegiaren zuzendaria aipatuko dut soilik; munduan jada ikusten ez diren apaiz horietakoa. Beno, bai, Munilla Gipuzkoako apezpikuak barnetegi bat zuzenduko balu, baliteke antzekoa izatea. Tira, berdin da, sinesgarritasunak bost; produktu bat gustuko dugunean, behin-behinean ahazten dugu eta kito.

Gakoa betikoa da: maitasuna (hurbilpenak, zeloak, gaizki-ulertuak...) eta gazteen arteko harremana, bere tirabirekin (badaude gazte jatorrak, oso jatorrak, gaiztoa dirudiena baina jatorra dena, gaizto-gaiztoak, gaiztoa eta tontoa, jatorrak eta traketsak...). Gazte guztiak nahiko ondo orraztuta, denda-kate berean erositako arropa jantzita, norberari dagokion sailean, konbentzioetatik kanpoko aukerei kasu gutxi eginda.

Bost atal ikusi ditu nire ilobak jada. Pertsonaien arteko gorabeherak gustura laburbiltzen dizkit. Zain nago jakiteko barnetegiko bi neska edo bi mutil noiz enamoratuko/enroilatuko diren telesailean. Irrikan. Eta (ziur nago) gertaera hori ez da gatazkatsua izango, natural-naturala izango da. Edo gatazkatsua bai, baina ez genero bereko bi lagunek osatuta egoteagatik. Ez gure garaian, ez horixe.

Badakizue, Euskal Herrian ez dago lesbofoboa edo homofoboa den inor, baina badaezpada ere, genero bereko bikoterik ia ez dugu inoiz erakusten gure produktu kulturaletan (Pirritx eta Porrotx, mila esker gure salbuespena izateagatik). Beno, telesail honetan laster agertuko dira, ezta?

Eta ea mutil beltz horrek hurrengo ataletan hitz egiten ikasten duen. Eta izenik eta esaldirik gabe dauden eta jatorri atzerritarra izan dezaketen beste gazte batzuek ere bai (ikasleen %10 dira gazte horiek euskal gizartean; nola ez da bat edo bat gehiago Go!azen-en agertuko). Halaber, aniztasun funtzionala duen ikasleren bat barnetegian laster matrikulatuko delakoan nago. Gizartean dagoen aniztasuna islatuko du horrek guztiak, besterik ez, gazte horiek ikusgarritasun ezaren linboan ez gelditzeko. Badakigulako ze garrantzitsua den umeek eta gazteek erreferenteak izatea; eta errespetuaren adibideak ere izatea. Badakigulako kultur produktuak zein eraginkorrak izan daitezkeen horretarako. Behin eta berriro esaten dute adituek... Nola izango da gure telebistako Go!azen hau beste aukera galdu bat?

Ni hemen nago, hurrengo atalaren zain. Esperantzaz betea. Irrikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.