Ertzaintzaren biktimak ere bagara

Andoni Beroiz, Urtza Alkorta, Gaizka Gañan, Adrian Donnay
2016ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Artikulu hau sinatzen dugunok Ertzaintzak torturatu gaitu. Torturatuak izan gara, Ertzaintzaren biktimak, eta horregatik, kategorizazio guztietan azken mailan gaude. Orain arte ez gara izan.

Aplikatu zizkiguten metodoak finak izan ziren, eta, horregatik, ez zizkiguten beste polizia batzuek, basakeria banderatzat hartu dutenak, uzten dituzten aztarnak utzi. Horrek ez du esan nahi zauririk utzi ez digutenik. Kontrakoa, trauma iraunkorra utzi digute, orban ireki bat.

Zerbitzu sekretu tetrikoengandik metodo horiek ikasi dituzten ertzainak ez dira elektrodoak esku batean eta tenazak gori-gorian bestean dituzten soziopatak; baina horrek ez du esan nahi galdeketa metodo birrintzailerik ez dutenik ikasi. Metodo horiek beti izan dira edozeini eta edonoren aurka inkulpazioak indarrez ateratzeko metodo eraginkorrak.

Errealitatearekin zerikusi izpirik ez zuten aitorpenak sinatzera derrigortzen gintuzten, abokaturik gabe eta tortura sesioak errepikatzeko mehatxupean. Egozten zigutena ezinezkoa izan zitekeen, leku eta orduak argi eta garbi ezin zirelako bat etorri. Hamaika aldiz ukatu genituen aitorpenak berresten genituen, geure burua horretara bortxatua. Bortizkeriaz bidali gintuzten kartzelara, eta bortizkeriaz bidali zituzten gure hainbat kide, gaur egun kartzelan jarraitzen dutenak kondena amaigabeekin.

Gure oihuak polizia-etxe osoan entzuten ziren, baina prebentzio sistemek eta instalatuta omen zeuden grabazio sistemek ez zuten funtzionatu. Torturatzailearen kiderik ez zen egon ahotsa altxatu zuenik, gertatutakoa kontatzeko eta geldiarazteko ausardiarik izan zuenik.

Auzitegietan salatu genuen. Beste guztiek pairatu zuten tratu bera izan genuen, alegia, Giza Eskubideen Europako tribunalean bukatu duten zortzi kasuen bezala. Izan ere, jakin badakigu Espainiako justiziak daukan papera zein den: inpunitate osoa ematea terrorismoaren aurka lankidetzan aritu diren indar polizialei.

Gure testigantzak errefusatzeko ez ziren teoria konspiranoikorik izan, Barne Ministerioko Goebbels baten bertsio ofizialak. Bazterrean utzi ziren, besterik ez. Harropuzkeria moralez jokatu zuten, eta, kontrolatuak zituzten komunikabide publikoen bitartez, euren jarrerak babesa jaso zuen. Ez da torturarik egon, euskaldun baten hitzak hala badio.

Gure torturatzaileak ertzainak izan ziren, egunero euskal errepideetan ikusten ditugun edo hitzordu garrantzitsuetan kalean ikusten ditugun horietakoak.

Uste genuenean jada ez zegoela ezer egiterik, berifikazio prozesu batetik pasatzeko aukera eman zigutenean, gure testigantzak egiazkoak zirela frogatzeko. Egiaren makina bat, traumen detektorea, Berri Txarrak-en poligrafoa, agian, abestiak esaten duen moduan, denbora kontua baita. Istanbuleko protokoloaz hitz egin ziguten. Eta Ertzaintzaren biktimak hasi ginen izaten. Sufritu genuena, egin zigutena hasi da izaten. Eta tortura utzi zigun eta oraindik barruan dugun trauma, bere krudeltasun eta tamaina osoan, bada.

Baina traumak min egiten jarraitzen du. Zauriak irekita jarraitzen du, odola dariola. Irainduak izaten segitzen dugu. Paco Etxeberriak bere txostena atera eta berehala, Jorge Aldekoa Ertzaintzaren zuzendariak bere errelatoa kontatu zuen. Harrokeriaz eraikitako errelato jasanezina egin zuen. Prebentzio mekanismoak ikusi ditu berak, 311 tortura kasu dauden toki berean. Errelato onartezina egin zuen, berak karrera garbi-garbia ikusten du, beste guztiok Iñigo Cabacas kasua ikusten dugun leku berean. Iraina da Ertzaintzak bere historian izan dituen giza eskubideen urraketak bertute osoko eredu polizial bezala defendatzea.

Iragan eredugarria eta goitik behera garbitzat duten horretan, inpunitate nazkagarri bat egon dela jakin badakigunean. 311 tortura kasu egon dira, Ertzaintzaren eskuetatik pasatu zirenak. Eta ez ikusi, ez entzun, ez esan egiten duten tximinoen antzera, bertan zeuden begi eta belarri guztiek ez zuten ezer ikusi, ez zuten ezer entzun. Ordea, 311 kasu larregi dira ezkutuan gordetzeko, kasu gehiegi dira. Jorge Aldekoak agerian utzi du prebentzio mekanismoetan aditua dela, bai: justizia prebenitzeko mekanismoak, ikerketa prebenitzeko mekanismoak, torturatzaileei jazartzea eta zigortzea prebenitzeko mekanismoak, torturatuei aginduak eman zutenen ardura eta erantzukizuna ez hartzea prebenitzeko mekanismoak, autokritika prebenitzeko mekanismoak. Autokritikak, beti besteek egin behar dituztenak.

Baina bukatu da dena. Ertzaintzak torturatuak izan garenak bagara.311 gara, ziur asko gehiago, inoiz ez gutxiago. Izango dira, izan bagarelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.