Tortura. Patxi Arratibelen salaketa Estrasburgon

Tortura, lotsaizun Europaren aurrean

Estrasburgoko Auzitegiak Espainiaren kontrako epaia plazaratu du, Patxi Arratibelek salatutako torturak ikertu ez zituelako.Kontrako epaiak metatzen ari zaizkio 2010etik

gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Europako Itunaren 3. puntua urratu du Espainiak, Jon Patxi Arratibelen tortura salaketa ez zuelako ikertu. Halaxe ebatzi du Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Auzitegiak. Eta ez da kasu bakarra. 2010etik metatzen ari zaizkio kontrako epaiak Espainiari, Estrasburgoko Auzitegiak behin eta berriro jarri baitu Espainia agerian Europako iritzi publikoaren aurrean tortura salaketei entzungor egiteagatik.

Patxi Arratibel 2011ko urtarrilaren 18an atxilotu zuten guardia zibilek, Etxarri Aranatzen, Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz, Ekineko kidea izatea leporatuta. Operazio hartan beste bederatzi lagun ere atxilotu zituzten. Arratibelek eta beste hiru atxilotuk salatu zuten Guardia Zibilaren eskuetan egon ziren bitartean torturak eta tratu txarrak pairatu zituztela. Polizia etxean egindako deklarazioetako batean, Arratibelek aztnugal idatzi zuen sinaduraren ondoan -laguntza, alderantziz idatzia- pairatzen ari zen tratu txarrak jasota geldi zitezen.

Hala ere, Iruñeko Auzitegiak salaketa ez zuen aintzat hartu, eta, ondoren, Nafarroako Auzitegi Probintzialak eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zituzten erabaki horren kontra aurkezturiko helegiteak.

Ikerketarik ez

Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenaren arabera, ez zen salaketaren «ikerketa sakon eta eragingarririk» egon, are gehiago kontuan hartuta atxilotua inkomunikatuta egoteak «agintarien ahalegin handiagoa» eskatzen duela gertaerak argitzeko. Auzitegiaren ustez, inkomunikazioak«zaurgarritasun berezia» ezartzen die atxilotutakoei, eta, horren ondorioz, kontrolek zorrotzagoak izan behar dute «gehiegikeriak» eragozteko.

Era berean, Arratibel zaintzeko ardura zuten guardia zibilei deklaratzera deitu ez izana deitoratu egin du auzitegiak: «Horrek lagunduko zukeen gertaerak argitzen, norabide batean edo bestean». Erabakia aho batez hartu dute auzitegiko kideek.

Albistea jakindakoan, Patxi Arratibelek BERRIAri adierazi dio«sentsazio kontrajarriak» eragin dizkiola ebazpenak. Alde batetik, ezin zuen poza ezkutatu. «Nahiko urduri nengoen, baina jakin dugunean Espainia zigortu dutelaitunaren 3. puntua urratzeagatik, asko poztu naiz». Edozein modutan, «hainbat eta hainbat torturatu, horraino iristerik izan ez dutenak eta apur bat itzalean gelditu direnak» ere gogoan hartu ditu Arratibelek: «Behintzat, bada beste olatu txiki bat estatuaren harkaitzaren kontra».

Arratibelen ustez, «albiste ona» da «gero eta kasu gehiago Estrasburgoraino iristea, eta Espainiako Estatuak gero eta zigor gehiago edukitzea». Ez daki zein den aldeko epaien ugaltzearen arrazoia: «Badirudi azken bolada honetan ez direla gai izan salaketak gelditzeko, edo beharbada lehen presio handiagoa egiteko bidea zeukaten. Ez dakit oso ondo zein den gakoa. Baina argi dago torturaren erabilera sistematikoa izan dela, helburu politiko nabariarekin; kasu asko dira, eta gero eta zailagoa zaie egin dituzten astakeria guztiak estaltzea»

Dena dela, Arratibelek uste du badela garaia Estrasburgoko Auzitegiak ere «beste pauso bat» emateko: «Salaketak etengabe iristen bazaizkie, eta kondenak ere gero eta ugariagoak badira, ezin dira mugatu esatera tortura kasuak ez dituztela behar bezala ikertzen».

Antzeko iritzia du Iratxe Urizar Giza Eskubideen Behatokiko kideak. Behatokiak jarri zuen Espainiako Estatuaren kontrako salaketa Estrasburgon. «Lehenengo balorazioak positiboa izan behar du, horrelako epai bat errekonozimendua delako, Patxirentzat eta gainerako torturatuentzat», esan du. «Horri gehitu behar zaizkio hilabete honetan Espainiak entzun behar izan dituen guztiak». Adibidez, nabarmendu du aurreko astean Nazio Batuen Torturaren Aurkako Batzordeak kargu hartu ziola Espainiako Estatuari, eta tortura eragozteko hartu dituen neurriez galdetu. «Dena den, bada garaia, ikertzen ez dela esateaz gain, galdetzeko zergatik ez den ikertzen eta zein den horren erantzulea».

Urizarren ustez, Espainiaren kontrako epaien ugaltzea «praktika baten erakusgarri» da. «Estrasburgotik datozen epaiak, Europako Kontseiluak egindako txostena, Torturaren Aurkako Batzordearen galderak eta abar dira Espainiako Estatua nazioartean uzten ari den lorratza. Norbaitek nazioartean jakin nahiko balu zer den Espainiako Estatua, agiri horiek topatuko lituzke». Espainiako hedabideek gaia nola jorratuko duten, baina, ez dauka hain argi: «Bere garaian, Patxi Arratibelek laguntza eskatu zuen. Hedabide batzuek ez zuten ezer atera horren inguruan. Orain errekonozimendua iritsi da; ikusiko dugu zer egiten duten».

«Tresna krudela»

Sorturentzat, berriz, epaiak erakusten du tortura ez dela «polizia baten gehiegikeria», baizik eta «estatuak kontrol sozial eta politikorako erabili ohi duen tresna krudel eta arbuiagarria». Horregatik, torturapean egindako deklarazioetan oinarritutako «epaiketa politikoak» bertan behera uzteko eskatu du. Asteon hamar gazteren kontra egiten ari dena aipatu du beren-beregi. Era berean, iraganean izandako tortura kasuak ikertuko dituen Egiaren Batzordea eratzeko eskatu du.

Espainiako Gobernuko Justizia ministro Rafael Catalak, berriz, azpimarratu du Estrasburgoren epaiak Espainiari balio diola zuzenbide estatuaren «bermen sistema hobetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.