Sekulako astindua eragin zuen Kamerunek futbolean 1990eko Italiako Munduko Kopan. Final-laurdenetarako sailkatu zen Roger Milla aurrelari beteranoa buru zuen selekzioa. Ezuste handia eman zuen. Historian gordeta dago txapelketa hartan Afrikako selekzioak egindakoa. 27 urte geroago, beste balentria bat egin dute lehoi menderakaitzek: Afrika Kopa irabazi zuten herenegun, Egiptori 2-1 irabazita. Horrek ez du aurreko mendekoaren danbatekoa eragin futbolean, baina ezustetik asko izan du oraingoak ere.
Ez zegoen faboritoen artean Hugo Bross flandriar entrenatzailearen selekzioa. Aspaldian baitzebilen bezatuta lehoien taldea. Afrikako lehiaketa nagusian, esate baterako, hamabost urte ziren txapeldun azkeneko aldiz izan zela. Finalera duela bederatzi urte heldu zen azkeneko aldiz. Baina, zenbaki horien gainetik, honako honek baztertu zituen Gabongo txapelketako talde indartsuenen multzotik: egun batzuk lehenago, zenbait jokalarik uko egin zioten selekzioan aritzeari. Europan ari dira jokalari horiek, eta, haiek gabe, taldea asko ahulduta azalduko zen. Ustez...
Hasi zen txapelketa, eta, zarata handirik atera gabe, txapeldun izan da azkenean. Jokalarien ezezkoak indartu egin du taldea, horretan ez da batere dudarik. Gertatzen dira horrelakoak, eta oinarri sendo horri heldu dio Brossen selekzioak aurkari guztiak gainditzeko.
Sei partida jokatu ditu txapelketan, eta ez du alerik galdu. Irabazi, erdiak irabazi ditu, eta beste hiruretan berdindu egin du.A multzoan zegoen Kamerun, eta partida bakarra irabazita igaro zen final-laurdenetara: Ginea Bissau menderatu zuen (2-1). Burkina Fasorekin eta Gabonekin berdindu egin zuen —1-1 eta 0-0, hurrenez hurren—. Burkina Fasoren atzetik sailkatu zen final-laurdenetarako, eta hor askatu behar izan zuen korapilo zailenetakoa. Senegalek estu hartu zuen, eta, hutsean berdindu ondoren, penalti jaurtiketetan menderatu zuen Kamerunek. Fabrice Ondoa atezainak geratu zion bosgarren jaurtiketa Sadio Maneri, eta, gero, Vincent Abubakar aurrelariak sartu zuen gol erabakigarria.
Finalerdietan, zain zeukan azkenaldian bera baino indartsuago dabilen selekzioa: Ghana. Baina faborito izaerarena izenean utziz, aise gailendu zen Kamerun (2-0), Ngadeu eta Bassogogen golekin. Finalean zen berriz ere, bederatzi urteren ondoren, eta Afrika Kopa gehien irabazia duen selekzioa izango zuen parez pare: Egipto. Orain, Kamerun jarri da egiptoarren atzetik palmaresean, igandeko garaipena bosgarrena baitu; bira dauka igandeko galtzailea.
Emaitza irauli behar izan zuten Brossen jokalariek, eta N'Kulu eta Abubakar izan ziren golegileak. 89. minutuan sartu zuen garaipenaren gola Kamerunek, eta garaipenaren gozoa dastatu ahal izan zuen urte mordoa igaro eta gero.
Txapelketa guztian, taldeak hartu dio gaina bakarkako jardunari, jokalari batzuen jarduna nabarmendu bada ere, egoera jakinetan erabakigarriak izan direlako. Eta talde izaera hori da, hain zuzen, oso ohikoa ez dena Afrikako taldeetan. Sekula ez da jakingo zer egingo zuen uko egin zuten jokalariekin, baina ez harritu hain talde izaera ona ez ematea.
Txapelketako jokalari onena Christian Bassogog izendatu dute, Danimarkako Aalborgen ari den aurrelaria. Ondo azaltzen du nolakoa den Kamerun berri hau: gaztea. 21 urte besterik ez dauka Bassogogoek. Hamaikako onenean daude Ondoa atezaina eta Michael Ngadeu atzelaria ere. Taldearen indarra nabarmentzen du horrek.
Munduko Kopara heldu nahi
Garaipenaren gozoan dago orain Kamerungo futbola, eta indarra emango dio hurrengo erronka handiari behar bezala heltzeko. Hasita dauka datorren urteko Munduko Koparako sailkatzeko fasea, eta, bi partida jokatu ondoren, bi puntu baino ez ditu. Nigeriak sei dauzka bere multzoan, eta lehen lekuan doa. Beste aurkariak Aljeria eta Zambia dira. Multzoko lehena bakarrik sailkatuko da Errusiako txapelketarako.
Ikusteko dago zer gertatuko den orain selekzioari uko egin zioten jokalariekin —sailkatze faseko lehen bi partidetan jokatu zuten—. Herrialdeko agintariek izango dute azkeneko hitza. Gauza bat, behintzat, garbi dago: Afrika Kopa irabazi duen talde gazte hau fidagarria da. Urte luzez kaiolatik ateratzen asmatu ez duen selekzioa libre bilakatu dute, menderakaitz.
Kamerungo futbol selekzioa
Lehoia kaiolatik atera dute
Kamerunek bosgarren aldiz irabazi du Afrika Kopa, aurreko garaipena lortu eta hamabost urtera. Ez zegoen faboritoen artean, ustez onenak diren zenbait jokalarik uko egin ziotelako selekzioan jokatzeari lehiaketa hasi baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu