Egunkaria auzia. IRITZIA

Egunkaria libre!

Joanmari Larrarte.
2014ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Bihar, urriak 16, 11 urte beteko dira Egunkaria-ren kontrako bigarren operazioa egin zenetik, eta atzo jakin genuen haren ondoren martxan jarri zuten auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki dutela.

Berri ona da dudarik gabe, baina kosta zait lerro hauek idazten jartzea. 11 urte luze horietan izan dugun zama ez da nolanahikoa izan, batez ere atzo arte inputatuta egon direnentzat. 11 urte bidegabekeria bidegabekeriaren gainean: bukatzekotan zela zirudien bakoitzean, biktimen elkarteren bat edo fiskaltza agertzen zen errekurtso berri batekin, urteak bata bestearen atzetik pilatuz. 11 urte jakinda deliturik ez zela egin, delitu bakarra herritarrentzako informazio tresnak sortu, euskara sustatu eta herri baten garapenerako oinarriak jarriz joatea izan zela. Egunez egun agerian uzten diguten gisan, nahikoa Espainiako estatuarentzat susmagarri eta terrorista izateko.

2003ko otsailaren 20an itxi zuten Egunkaria, eta, handik aurrera, atxiloketak, torturak, kartzela, epaiketak eta beste hainbat sufrimendu jasan izan behar ditu lagun askok. Herri euskaldunari euskaraz bizitzeko zituen tresna garrantzitsuetako bat kendu zioten, bortxaz, gerora inondik frogatu ezin izan duten salaketak zirela medio. Izan ere, zer inporta du ba, helburua Egunkaria ixtea zen, eta hura egin zuten, eta hari eutsi diote urte luzeetan, etengabeko kriminalizazio ahaleginean.

Eta, horren aurrean, herri bat, gertatutakoa salatu eta euskaraz bizitzeko aukera ez zigutela kenduko aldarrikatzeaz gain, proiektu berri bat martxan jartzen. Otsailaren 21ean, langileen ekimenari esker, Egunero kioskoetan eta postontzietan jaso zen; eta otsailaren 22an milaka lagun atera ginen Donostiako kaleetara. Bi ekinaldi horiek izan ziren ondoren etorriko zenari aurre egiteko ezinbesteko urratsak; horri esker lortu zen tortura eta espetxeratzeen aurka ez gelditzea eta BERRIA sortzeko egitasmoari are eta indar handiagoz heltzea. Eta ez dut ahazteko, ez, herri bat bainoago bi herri izan zirela kalean eta lanean, salatzen eta proiektu berria garatzen, herri euskaldunarekin batera herri katalana ere lagun izan baikenuen hilabete haietan eta izan baitugu hamaika urtez.

Urte gogorrak izan dira, ez dut ukatuko, horrelako zama gainean izatea ez baita samurra. Baina, era berean, urte aberatsak izan dira, inguruan etengabeak izan direlako babesa eta laguntza. Ikaragarria izan da jendearen laguntza, babesa eta lana, bai Egunkaria-ren itxierari aurre egiteko, bai BERRIA martxan jartzeko. Sekulakoa herritarren erantzuna BERRIA eratzeko akzioak erosteko orduan. Handiagoa oraindik Egunkaria-ren kontrako epaiketaren inguruan sortu zen mobilizazioa. Dudarik gabe, Euskal Herriari asko zor diogu, dena esango nuke nik; herritarren ekimen hori gabe zaila izango baitzen gertatu izan den guztia. Eskerrik asko, beraz. Ahal dela, gaurtik aurrera, alde honekin geratu nahiko nuke. Eta egindakoak ez badira ahaztu behar ere, hobe dugu, nik uste, Euskal Herriaren erantzun eta lan gaitasun hori kontuan hartu eta eredu izatea, herri gisa egiteko dugun bidea gure esku dugula sinesteko.

11 urteko ibilbide honetan, auzipetuetako batzuk hil egin dira, eta haiek gogoratu nahiko nituzke bukatu aurretik, haiek ere merezi baitute gogoan izatea: Martin Ugalde, Luis Goia eta Inma Gomila. Eta horiek aipatuta nik ezin ahaztu egoera hartan proiektu berriaren buru jartzeko adorea izan zuen Joxan Lizarribar laguna.

Azkenik, bihoakie besarkada bana zorte bera izan ez zuten eta kartzelan diren Egin-eko kideei. Eta opa diezaiegun zorte hobea azken urteetan kriminalizatzen ahalegindu diren gainerako hedabideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.