Corcueraren «gaurik txarrena»

25 urte bete berri dira bonba-pakete bat lehertuta Jose Antonio Cardosa Errenteriako postaria hil zela. Ez da ez epaiketarik eta ez zigorrik izan auzi horretan. 1999ko legeak terrorismoaren biktima gisa aitortu zuen. Badaude zantzuak baieztatzeko gerra zikineko ekintza bat izan zela. HBren eta haren inguruaren kontra abian jarritako bonba-paketeen bidezko kanpaina batek parean harrapatu zuela.

enekoitz telleria sarriegi
2014ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Errenteriako (Gipuzkoa) Juan de Olazabal kalean gertatu zen. 23. zenbakian. 1989ko irailaren 20an. Jose Antonio Cardosa postariak 22 urte zituen orduan, bezperan betetakoak. Ildefonso Salazar HBko zinegotziaren buzoian zihoan pakete bat sartzera. Lehertu egin zen, eta bete-betean harrapatu zuen. Bertan hil zen. Eskailerak garbitzen ari zen bizilagun bat ere harrapatu zuen uhin hedakorrak. Arin zauritu zen hura. Txikituta gelditu zen ataria.

Aljerko prozesua bertan behera gelditu berria zen, eta ETAk bonba-pakete bidezko kanpaina bat jarria zuen abian. Handik hilabetera gertatu zen Madrilgo Alcala hoteleko atentatua. Josu Muguruza hil eta Iñaki Esnaola larriki zauritu zituen bertan GALek, HBko diputatu aukeratu berriak biak. Testuingurua da hori. Hiru baziren jada urte hartan ETAren kanpaina horretan hildakoak: Joaquin Aperribai euskal enpresariaren txofer Gregorio Cano Garcia, Donostian (1989ko ekainaren 29a) —Realeko egungo presidentearen aita zen Joaquin Aperribai—. Las Palmasen destinatuta zegoen espetxe funtzionario baten ama, Conrada Muñoz, Granadan (1989ko abuztuaren 11). Eta arrandegi baten jabe Luis Reina Mesonero, Bilbon (1989ko irailaren 12a) —izen bereko beste lagun batekin nahastuta hura—. Izan ziren saiakera gehiago, eta Errenteriakoa baino lehenagokoak ziren posta zerbitzuko langileek egindako protestak, kanpaina horrek beharginen bizitza arriskuan jartzen zuela salatzeko.

Errenteriakoa gertatu eta ordu gutxira irten ziren jendaurrera Tasio Erkizia eta Iñaki Esnaola HBko buruzagiak, eta Ildefonso Salazar zinegotzia. Haiek ez zuten zalantzarik izan: Estatuaren Gerra zikineko ekintza izan zen. Areago, egun batzuk lehenago Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidenteak esandakoen bidetik zetorren: ETAren kontra «beste era bateko ekintzak» abian jarri beharraz mintzatu ei zen Gonzalez. Erkiziak Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zuen hizpide: «Hark eman dio hasiera kanpaina honi, HB eta ETA gauza berbera direla esan duenean». Esnaolak Goñi Tirapu, Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkaria: «Jose Ramon Goñi Tirapuk nik baino askoz gehiago daki atentatu honi buruz». Eta hildako postaria «ezker abertzaleko borrokalaria» zela ere bai, hiru hilabeteko behin-behineko kontratuarekin ari zela lanean, eta beste 30 egunez luzatu ziotela berriki. Ezaguna zen Errenterian intsumisoa eta mugimendu antimilitaristako kide aktiboa zelako.

Eta Ildefonso Salazar zinegotziak zioen baietz, postariak ezagutzen zuela bera eta bere familia, eta ongi zekiela non bizi zen eta zein zen bere buzoia. 46 urte zituen orduan Salazarrek, ETAri laguntza ematea egotzita urtebeteko zigorra betetakoa zen, bost aldiz atxilotuta egondakoa, eta Guardia Zibileko sarjentu baten kontra torturengatik salaketa jarritakoa. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak zigortu egin zuen sarjentu hura (Cepeda), eta Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen zigorra (hilabete eta egun bateko arrastatzea, eta bi hilabetez soldatarik ez jasotzea). Salazarrek onartu zuen azken boladan mehatxuak ari zela jasotzen, telefonoz. «Hurrena bide bazter batean agertuko zara», esaten zioten.

Salaketa iragarri zuen HBk. Hiletetan istiluak izan ziren. Greba orokorra egin zen Errenterian. Denborak aurrera egin ahala, gerra zikinaren zurrunbiloan galduta eta estalita gelditu zen auzia, beste asko bezala.

Roldanen deklarazioa

1995eko uztailaren 28an ireki zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak17/95 sumarioa. Oñaederra sumarioa deitu zitzaion, Ramon Oñaederra Kattu ETAko kidearen hilketa argitzeko jarri zelako abian, nahiz eta gero beste hainbat sumariorekin nahastu zen.

Eta sumario horren baitan, Luis Roldan Guardia Zibileko zuzendari ohiak egindako deklarazioan irten zen berriro argitara Cardosaren auzia. 1996ko apirilaren 30ean hartu zion lehen aldiz deklarazioa Garzonek Roldani. Bi zatitan egin zuen, «nekeak jota» zegoelako Roldan. BERRIAk eskuratu ahal izan ditu deklarazio horiek, eta atsedenaldiaren ostean egindakoetan aipatzen du Roldanek Errenterian gertatutakoa. Ez, gainera, edonola. Kasu hori jartzen baitu ETAren eta GALen «akzio-erreakzio» estrategiaren adibide argi gisara. Roldanek deklarazio horretan dio 1989ko udan, ETAk eskutitz-bonba kanpaina oldarkorra jarri zuela abian eta irailaren hasieran, bilera izan zutela Barne Ministerioan, terrorismoaren kontrako koordinazio taldekoek. Bilera amaitu eta bazihoala, Rafael Vera Segurtasuneko estatu idazkariak gelditzeko eskatu ei zion. Bakarrik gelditu ziren Roldan, Vera eta Corcuera Barne ministroa, azken horren bulegoan. Verak hitza hartu, eta ministerioaren izenean esan zion ETAren azken ekintzak kontuan hartuta «erantzun sendo bat» ematea pentsatu zutela: «Bonba-paketeen sorta bat prestatu, eta Herri Batasunako kide zehatz batzuei bidaltzea, haiek izutzeko».

Roldanek bere deklarazioan dio, «basakeria» bat iruditu zitzaiola, horrela jakinarazi ziela Verari eta Corcuerari, eta ez zegoela prest Guardia Zibileko jendea horretara jartzeko, bi horiek eskatuta bezala. Ez zuela horretarako aukerarik ikusten, eta ez zela «bideragarria».

Bilera hori izan eta astebete edo bira, Errenterian bonba-pakete batek eztanda egin eta postari bat hil zela jakin ei zuen Roldanek. Gertatu eta ordu gutxira, Rafael Veraren dei bat jaso zuen, eguerdi partean. Joateko «berehala» ministeriora, berak eta Corcuerak berarekin nahi zutela hitz egin. Esan ziotena: «Bonba paketea HBko morroi batentzat zela, eta ministerioaren gai bat zela». Roldanek esaten die hori «desastre hutsa» dela, eta «harrituta» gelditzen da jakinarazten diotenarekin: «Pakete gehiago zeudela, eta ahalegin guztiak egin behar zirela horiek eztanda egin ez zezaten. Jakinarazi ziotela hori Goñi Tirapu Gobernadoreari, eta emateko abisua Rodriguez Galindori, eta hura arduratuko zela zeuden tokitik hartzeaz».

Roldanek aitortzen du Verak eta Corcuerak bi paketeren berri eman ziotela, eta Rodriguez Galindori deitu ziola horren berri emanez. Hark erantzuten dio baietz, hitz eginda zegoela Goñi Tirapurekin, eta bi pakete horien bila hasita zeudela.

Azkenean, eta egun berean (irailak 21), bi pakete horiek topatu zituztela esaten du Roldanek. Donostiako postetxean bata eta Azpeitikoan edo Azkoitikoan bestea —ez da ongi gogoratzen—. Galindok dei baten bidez eman ziola horren berri Roldani berari, eta hark Corcuerari eta Verari deitu ziela berehala. Verak erantzun ei zion jakinaren gainean zegoela bai. Eta Corcueraren orduko lasaitua: «Esan zidan bere bizitzako gaurik txarrena pasatu zuela».

Iñigo Iruinentzat

Roldanek bere deklarazioan argitzen du, Galindori galdetu egin ziola ea norentzat ziren azkenean indargabetzea lortu zituzten bi bonba pakete horiek. Erantzuna: «Iñigo Iruin abokatua zela bata, eta gogoratzen ez duen norbait bestea, baina inor garrantzitsua ez, bestela akordatuko litzatekeela bere izenarekin».

Maiatzaren 7ra arte ez zuen berriro Garzon epailearen aurrean deklaratu, eta maiatzaren 8koan apirilaren 30ean esandakoak berresten ditu. Veraren eta Corcueraren aginduz prestatu zela Errenteriako postaria hil zuen bonba paketea. Galdetzen zaio Roldani berreskuratu ziren bi bonba paketeen inguruan inoiz salaketarik jarri edo diligentziarik ireki ote zen. «Ezetz erantzuten du. Ofizialki ez zela horien berri eman, eta Rodriguez Galindoren jendeak jaso zituela».

Eta 1997ko urrian jarri zuen horri buruzko ikerketa bat abian Baltasar Garzonezk berak. GALen sumarioaren baitan auto bat ireki zuen. Jarri zen harremanetan Donostiako postetxearekin, Azkoitikoarekin eta Azpeitikoarekin, eta baita Donostiako Guardia Zibilaren eta Poliziaren polizai etxeekin ere. BERRIAk eskuratu ahal izan ditu ikerketa horren emaitzak. Donostiako postetxeko zuzendariak erantzuten dio garai hartan bera ez zegoela bulego nagusi horretan, baina aritu dela artxiboetan begira, eta ez dela inon agertzen bertara 1989ko irailaren 21ean bonba-paketeren bat jasotzera inor agertu zenik. Beste horrenbeste erantzuten dio Azkoitiko bulegoko zuzendariak. Espainiako Poliziaren Donostiako polizia etxetik erantzuten diote ez dutela euren artxiboetan horrelako ezer gordeta. Guardia Zibilak esaten dio haiek ez dakitela ezer bi pakete-bonba horiei buruz.

Azpeititik, ordea, oso bestelako erantzuna jasotzen du epaileak. Hango postetxeko nagusi M.R.C-k jakinarazten dio komunikazioen erregistroan, 1989ko irailaren 22ko datarekin, ageri dela bonba-pakete bati buruzko erreferentzia. Donostiako Guardia Zibileko kideak izan zirela han, baina ez ziotela jakinarazi paketerik topatu zuten edo ez. 1997ko abenduko zigilua darama idatziak.

1999ko irailaren 6an hartzen dio Garzonek deklarazioa Azpeitiko postetxeko buruari. Erakusten diote 1997an Garzoni bidalitako idatzia, eta berak idatzi zuela onartzen du. Han aipatzen den komunikazioen erregistroari buruzko erreferentzia, ordea, jada suntsituta dagoela esaten du, horrela jakinarazi ziola Gai Periferikoetarako bere buruak; bost urteren ostean suntsitu egiten zirela. Baina bertan zer idatzi zuen akordatzen dela. 1989ko irailaren 21ean, 21:00 edo 22:00 inguruan, Udaltzaingoaren abisua jaso ostean, postetxean agertu zela, eta Donostiako Guardia Zibilaren dotazioa zegoela bertan. Bulegoa irekitzeko eskatu ziotela, postetxeko beste bi lankide ere han zirela berak deituta (senar-emazteak haiek). Guardia zibilek zakurrak zituztela, sartu zirela bulegoan, eta han zeuden 4 edo 6 zakuak irekitzeko agindu ziotela. Uko egin ei zion berak, beldurrez, esana ziotelako bonba-paketeren bat egon zitekeela. Eta bere lankideetako batek ireki zituela zakuak. Ondoren, kanpora irteteko agindu ziela Guardia Zibilak.

Azpeitiko postetxeko buruak dio bi bat orduz izan zirela han, baina ez zietela amaitutakoan inolako argibiderik eman, eta ez zuela ikusterik izan zerbait eraman ote zuten. Etxera joateko agindu zietela.

M.R.C postetxeko buruak bere deklarazioan aipatzen dituen senar-emazteei 2000ko otsailaren 14an hartu zien deklarazioa Garzonek. 1989an Azpeitiko postaria zen bata (P.C.N) eta hango behargina emaztea (M.A.E). Postariak berresten ditu postetxeko buruak esandakoak: nola egon ziren zain kanpoan Guardia Zibilak bere lana bukatu bitartean, nola sartu ziren barrura eta dena «hankaz gora» zegoen... baina beste gauza asko ez dituela gogoratzen. Emazteak ere berresten ditu postetxeko buruak esandakoak: bi bat orduz egon zirela kanpoan zain, sartutakoan zaku guztiak «irekita» zeudela, Errenterian gertatu zena bazekitela, baina inork ez zuela horrelakorik esan... eta beste gauza asko ez dituela gogoratzen.

Gogoratzekoa, 2000. urtean bertan, hilabete gutxira, auzia artxibatzea erabaki zuela Baltasar Garzon epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.