IV. Foro Sozialaren bigarren partea, Irunen hil amaieran

2018ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Urtarrilaren amaieran egingo dute IV. Foro Sozialaren bigarren partean Irunen (Gipuzkoa); urtarrilaren 26an eta 27an, hain zuzen ere. Eta iheslarien auzia izango dute eztabaidagai nagusi.

Teresa Todak eta Nazario Oleagak gogorarazi duenez, 2013tik 125 bat iheslari itzuli dira euren herrietara, baina oraindik badago konpondu beharreko arazorik. Joan den urriaren 2an Iheslari Politikoen Kolektiboko ordezkariekin izandako bileran adierazitakoaren arabera, oraindik 85-100 lagun daude sorterrira itzuli ezinik, horietatik 20 bat deportaturik; gehienak adinekoak dira, batzuek osasun arazoak dituzte, eta, juridikoki, haien egoera ziurgabetasun handikoa da, abokatuek ez dutelako haien txosten juridikoak eskuratzerik.

Horregatik, ihesean eta deportazioan dauden pertsonen egoera aztertzea, eta presoen, iheslarien eta deportatuen gizarteratzea lortzeko egin beharrezko urratsez eztabaidatzea izango dira IV. Foro Sozialaren bigarren parte honen zeregin nagusiak.

Aurrekoetan bezala, Irunen jasoko dituzten ekarpenak landuko dituzte, eta «ondorioak adosten» ere saiatuko dira «ahalik eta eragile gehienekin», hau da, erakundeekin, alderdi politikoekin, sindikatuekin eta gizarte zibileko elkarteekin.

Laster emango dute egitarau zehatzaren berri, baina aurreratu dute nazioarteko adituek ekarriko dutela munduko beste zenbait tokitako esperientzien berri, iheslari ohien lekukotza entzungo dela, eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.