Hasieratik, emakumeek funtsezko egitekoa bete dute Rojavako iraultzan, bai erakunde politiko berriak sortzen kantonamendu autonomoetan —herri kontseiluak, eskolak, elkarteak, eta abar—, bai Gizarte Hitzarmena idazten —agiri konstituzionala da, osagai berritzaile eta bereziz betea, Rojavako gizarte berriaren osaeraren parte—, baita eskualde horretan aldarrikaturiko autonomiaren aldeko lanean ere. Emakumeek defentsako herri unitate batzuk osatu dituzte: emakumez bakarrik osaturiko milizia armatuak.
Kobaneko guduan, kurduek 40 egun baino gehiago daramatzate hiria defendatzen Estatu Islamiko ondo armatu horretatik (EI), eta bi emakume komandante ari dira zuzentzen gudua. Arrunt egoera gaiztoan egonik ere, zeren guztiz bortitzak baitira borrokak, haietako bat, Meryem Kobane komandantea, prest agertu da telefonoz mintzatzeko. Haren argazkirik ezin izan du lortu BERRIAk.
Zaila da Meryem Kobanerekin komunikatzea: seinalea behin eta berriz eten, eta elkarrizketa osatzeko egun batzuk behar izan dira. Fronteko lehen lerroan dabil, arma eskuan, borrokan eta bere unitateak gidatzen: gazteak dira, emakume eta gizon. Estatu Islamikoa eraso basatiak egiten ari da Kobanen; azken egunotan, islamistak hasiak dira bonba-autoak erabiltzen, etsi-etsian hiriko eremuak hartu nahian —izan ere, gero eta arma gutxiago dituzte eta kide asko galtzen ari dira, miliziano kurduen kemen handiaren ondorioz—. YPJ eta YPG herri miliziek segitzen dute erasoei eutsi eta eutsi. Meryem Kobanek gogoan ditu askatasunaren eta aniztasunaren alde gudu heroiko horretan erori diren kide ugariak, eta segurtatu du, indar handiz segurtatu ere, hiria defendatu ez ezik askatu ere egingo dutela guztiz.
Kobaneko komandante burua eta emakumea zaren aldetik, azalduko diguzu nola osatu den YPJ (Emakumeen Babes Unitateak) eta zer egiten ari den hiria defendatzeko?
Munduko emakumeek, eta batez ere beren burua demokratatzat duten herrialdeetako emakumeek, oraindik ez dute lortu parte hartze autonomo eta independentea izatea, gizarte matxista eta patriarkalek menperatu dituztelako bizitzaren alderdi guztiak, menderen mende eta orain ere bai.
Emakumeen historiari erreparatzen badiogu, argi eta garbi ikusten dugu emakumeek parte hartu dugula oso borroka garrantzitsuetan eta, hala ere, bigarren mailara beheratu dutela guk egindakoa; halaxe gertatu da, esaterako, Latinoamerikan, Vietnamen eta beste toki batzuetan.
Hori guztia kontuan harturik, Rojavan iraultzari ekin genionean, emakumeok erabaki genuen organizazio bereizi bat osatuko genuela; hartara, bultzatu egingo genuen emakumeok parte hartzea iraultza honetan, eta hori gure bereizgarri bat izango zen Ekialde Hurbilean. Horregatik, bost emakumek osaturiko batzorde batean Rojavako YPJ sortu genuen. Etxez etxe joan ginen, kalez kale, hitz egin eta emakumeak antolatzeko, armada bat antolatzeraino.
Orain, emakume armada horrek garrantzi handia du bai Kobane eta bai Rojava guztia defendatzeko. Ni erresistentzia horren parte naiz, ez Meryem Kobane izeneko kurdu bat naizelako bakarrik: baita emakume afrikar, vietnamdar, latinoamerikar edo europarra banintz bezala ere, haien guztien ordezkari hiri honetan. Munduko edozein emakumeren izenean nago hemen, haien parte naiz eta.
Berrogei egun setioan: zuen erresistentziak agerian uzten ditu Estatu Islamikoaren kontra gerran daudela deklaratzen dutenen eraginkortasun falta eta hipokrisia. Zergatik eta zertarako ari zarete Kobane defendatzen?
Estatu Islamikoen kontra daudela diotenek amore eman diote, besteak beste, Deir ez-Zor eta Mosul hirietan: gau batez egin zioten gogor, besterik ez. Kobane ez da Mosulgo auzo bat baino handiagoa. Estatu Islamikoaren indarrek egun batean kendu zizkioten Deir ez-Zor, Minbik, Raqqa eta Jarablus Siriako Armada Askeari. Hain zuzen, batzuek iragarri zuten Kobanek ez zuela iraungo ezta astebete ere, eta hilabete eta erdi da gogor egiten ari zaiola: Estatu Islamikoaren indarrak ez dira gai hiria konkistatzeko, nahiz eta gehiago izan eta teknika aldetik hobeto hornituak.
Kobaneraino egin zuten 40 tankerekin eta Mosulen harrapaturiko materialarekin, eta Siriako erregimenaren armadari kenduriko trepetekin. Bataila hasi zenean, Stalingradekin konparatu nuen Kobanekoa; han bezalatsu ari gara hiria defendatzen, 40 egun baino gehiago. Kobane ez da ari bere burua defendatzeko borrokan bakarrik: Kobane gizadiaren izenean ari da terrorismoaren kontrako borrokan. Kobane, hain zuzen, emakumeak azpiratu eta haien kontrako indarkeria ezin latzagoa bultzatzen duen mentalitate baten kontra ari da borrokan. Izan ere, gizadiaren izenean ari gara borrokan erlijioak, etniak, hizkuntza eta abar onartzen ez dituen pentsaera baten kontra.
Komandante bipilak galdu ditugu gudu honetan; kide gazte ausartak galdu ditugu, eta Kobane defendatzea, alde horretatik, gizadia eta Kurdistango jendearen nazioa defendatzea da.
Zuetako gehienak kurduak zarete, baina milizietan badira beste komunitate eta erlijio batzuetako kideak ere. Zergatik? Nolakoa da harremana eguneroko borrokan?
YPG eta YPJko borrokalarietan ez dago bereizkeriarik: denok borrokatzen gara Siria eta Ekialde Hurbila demokratikoak izan daitezen. Egia da gure artean komunitate etniko eta erlijio guztietako borrokalariak daudela. Filosofia demokratiko batez ehuntzen dituzte beren arteko harremanak. Guztien hizkuntza, kultura eta fedea errespetatzen ditugu. Izan ere, guztiak aniztasuna eta genero askapena zaintzeko ari dira borrokan. Alde horretatik, gure boluntarioek ez dute jarrera txarrik desberdintasunen eta aniztasunaren inguruan.
Gizonak eta emakumeak batera borrokan, armak eskuan, elkar harturik?
Egiaz, zailtasun asko izan ditugu. Gizonek, hasieran, ez zuten emakumeenganako konfiantzarik. Batzuek esan izan dute: «Nola eutsiko diete posizioei? Nola borroka egin?». Baina emakumeok sakrifizio jarrera izugarria erakutsi dugu: emakume askok beretzat gorde dute azken bala, posizioak ez uzteko; bonbak aldean ezkutatu dituzte, eta Estatu Islamikoko borrokalarien artean lehertu; arma mota guztiak erabiltzen ari dira, eta jakinaren gainean esan dezaket emakume batzuk ari direla gudua gidatzen. Bataila honetako bi komandante buruak emakumeak gara. Guduari geroago loturiko gizon asko, kemen horrek hunkiturik, hasiak dira emakume ofizialen aginduetara borrokan. Alde horretatik, emakumeak ez dira ari Estatu Islamikoaren kontrako borrokan bakarrik: gure arteko matxo gailenaren mentalitatearen kontra ari dira, eta tabu batzuk deuseztatu dituzte. Kobanen, emakumeek gidatzen dute erresistentzia; Estatu Islamikoa borrokatzearekin batera, balio matxistak suntsitzen ari dira, eta jarrera libertario bat sustatzen emakumeen aldera, bestelako gizarte batean bestelako tokia bete ahal izan dezagun.
Deklarazioak, sobran, eta arma egokiak, hornidurak eta miliziak indartzeko bideak, berriz, faltan. Zer behar duzue Kobanen Estatu Islamikoa gelditu eta garaitzeko?
Beharbada, munduak ez du sinetsiko nolako erresistentzia heroikoa egiten ari garen orain hemen, baina bizirik ateratzen bagara, geuk kontatuko diogu munduari. Dudarik gabe, gauza asko behar ditugu: AK fusilekin ari gara tankeen eta arma astunen kontra. Munduaren laguntza behar dugu, armak behar ditugulako Estatu Islamikoaren nagusitasun tekniko eta materialari buru egiteko. Munizioa behar dugu, baina laguntza morala ere bai. Kobaneko guduan, Estatu Islamikoak hamalau bonba-auto zartarazi ditu, eta badu artilleria astuna ere; haiei irabazteko armak behar ditugu, eta korridore bat, hornitu ahal izateko.
Damaskok, Bagdadek, Arbilek, Washingtonek, Bruselak... denek diote miretsita daudela zuen erresistentzia ikusirik, baina ez dute ezertxo ere egiten; zuek, bitartean, kalez kale borroketan. Mesfidantza diete kurduei, autodeterminazioa eta autonomia eskatzen baitituzte.
Ez da nahikoa gure erresistentzia mirestea edo laguntza bidaltzea. Baliteke erresistentzia hau liburuetan kontatzea, baina hori ere ez da nahikoa. Denek parte hartu eta batu behar lukete erresistentzia honetara. Kobane ez da prentsako titulu bat, edo ohiko kontu bat: Kobane epika bat da. Hemen, gure borrokalariek desafio egiten diote heriotzari, eta gizadiaren alde borrokatu eta hiltzen dira; gure jarrera miresten bide duten potentzia horiek ez digute batere laguntzen. Guk herrien autonomia nahi dugu; gure ustez, hori da herri guztiak askatzeko bidea, eta askatasun izpi bat ere bai Ekialde Hurbileko zapalduentzat.
Badirudi Turkiarentzat mehatxu arriskutsuagoa zaretela Estatu Islamikoa edo halakoak baino. Zergatik die kurduei halako erresumina?
Turkiako Estatuak lotura handia du Estatu Islamikoarekin. Nolanahi ere, orain sufritzen ari garen zapalkuntza hau bihar mehatxu larri bihur dakioke gure auzoari, Turkiari.
Historian, kurduak turkiarren ondoan egon dira, eta lagundu diete egoera bihurrietan. Zaila zaigu ulertzea Turkiako Estatuak zergatik duen jarrera hori Rojavako kantonamenduei eta gure nortasunari dagokienez. Turkia gure kontra jarri da, ez gure ondoan. Etsaikeria hori alboratzeko eskatzen diogu Turkiako Estatuari. Kurduen kontrako erresumin horren sorburua hau da: kurduak gara mentalitate uniformatzaile eta ukatzailearen kontra eta Turkiako Estatuaren egituraren kontra matxinatzen garen bakarrak. Gu gara demokraziaren aldeko indarra.
Askoren ustez, autonomia demokratikoaren proiektua arriskutsua da, eta horixe uste du Mendebaldeak ere.
Kontua da guk ere nekez ulertzen dugula zergatik iruditzen zaien arriskutsua herri baten autogobernua. Halako autonomia ereduak ugari daude; esaterako, Suitza eta Europako bertako beste batzuk. Uste dut galdetu behar diegula herri horiei zergatik pentsatzen duten oso arriskutsuak garela.
Esan dezakezu zenbatsu hil diren zuen guduan?
Egiaztaturiko daturik ez dugu. Borrokalari asko galdu ditugu gudu bortitz honetan, eta gardentasunez ari gara, iritzi publikoari informaziorik ezkutatu gabe. Egiaztatu ditugun datuak jakinarazi ditugu, aldizka, gure prentsa txostenen bitartez.
Kobaneko erresistentziak dagoeneko aldatu du eskualdeko oreka. Nolako eragina izango du Turkiako elkarrizketa prozesuan eta Iraken mendeko Kurdistango eskualde gobernuarekiko harremanetan, batez ere Sinjarkoa gertatu eta gero?
Sinjarkoa gertatu eta gero [Pexmergek ezustean alde egiteak islamisten mende utzi zituen kurdu yezidiak, eta horrek berekin ekarri zuen Estatu Islamikoaren kontrako aliantza bat sortzea, AEBak buru direla], eta ikusirik noraino iritsi diren Kurdistan hegoaldearekiko harremanak, bistan da funtsezkoa dela gehiagotan elkar hartuta aritzea. Baliteke Kobanen egiten ari garen erresistentziaren ondorioz Turkiako Estatuak gurekin duen jarrera aldatzea; ez dakigu nolako eragina izango duen elkarrizketa prozesuan. Litekeena da Turkiako Estatuak are jarrera oldarkorragoa hartzea Kobanekoa dela eta; alde horretatik, ikusiko dugu nola jokatzen den eta zer pauso ematen diren, segun zer gertatzen den hurrengo egunetan.
Uste dut Stalingradek nazioarteko orekan izandako eraginaren parekoa izango duela Kobanek Ekialde Hurbilean. Gure erresistentziak modua eman digu ageri-agerira ekartzeko herri kurduaren estatusa; esan dezakegu kurduentzako toki bat sortu dela mundu berri honetan.
Nolako harremanak dituzue Siriako oposizioa deiturikoarekin eta Siriako Gobernuarekin?
Ez dugu inolako harremanik Siriako erregimenarekin. Oposizioari dagokionez, Siriako Armada Askeko militante batzuekin Burkan al-Firat unitatea sortu dugu, eta harekin batera borrokatzen gara. Ez dugu beste harremanik edo aliantzarik.
Meryem Kobane. YPJ milizien komandante burua Kobanen
«Erresistentziak kurduentzako toki bat sortu du mundu berrian»
Kobanen 40 egunetik gora daramatzate borrokan Estatu Islamikoaren kontra, AK fusilekin arma astunei aurre egiten. Erresistentzia hori argi izpi bat da Ekialde Hurbilean eta mundu osoan gizarte berri bat sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu