Puzzlea osatzen ari da

Aranzadi elkarteak erromatar garaiko aztarnak aurkitu ditu San Adriango koban; horien artean, txanpon bat. Goi Paleolitotik XX. mende hasierara arteko sekuentzia erakusten du tunelak

Denario indigena, erromatar garaiko txanpona. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Zegama
2016ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Aizkorri mendigunearen bihotzean, Gipuzkoa eta Arabaren arteko muga marrazten du San Adriango kobak —edo tunelak—, eta mendeetan izan da, gainera, gizakiaren igarobide. Zegamako (Gipuzkoa) lurretan dago San Adrian, baina, tuneletik goiko sarreratik irtenda, kilometro erdira iristen da bisitaria Araiako lurretara (Araba). Gaur egun, ermita txiki bat —XIX. mendean eginikoa— da gizakiak tunelaren barruan egin eta zutik mantentzen den eraikin bakarra, baina kobaren zoruak eta hormek milaka urteko historia dute iltzatuta. Ezkutuan.

Hori azaleratzea dute helburu Aranzadi zientzia elkarteak 2008. urtean hasi eta gaur egun ere jarraitzen duten indusketa arkeologikoek. San Adriango koba historiaren sekuentzia luze baten lekukoa baita. Duela 13.000-14.000 urteko aztarnak aurkitu dituzte bertan, baita Erdi Aroan —XI. mende inguruan— gizakiak egindako lanabesak ere, eta, 1915. urtean mikeleteek bertan zuten ostatua utzi arte, gizakiaren presentziaren arrastoak nabariak izan dira koba-tunelean bertan eta baita inguruetan ere.

Baina sekuentzia horrek bazuen hutsune bat, erromatar garaiko aztarnarik ez baita aurkitu 2008tik. Orain arte esan behar, Aranzadik azkeneko bi asteetan San Adrianen egindako indusketetan K.a. I. mendearen eta K.o. I. mendearen artean koka daitezkeen zeramika puskak eta denario bat —garai hartako txanpona—aurkitu baititu. «Ez da txanpon erromatar bat, baizik eta txanpon indigena bat. Erromatarrak hemen ziren, baina bertakoek lan egiten zuten mertzenario gisa, eta txanpon mota horiek erabiltzen zituzten trukerako», azaldu du Alfredo Moraza Aranzadiko kide eta indusketako zuzendariak.

Txanpona garbitu ostean jakin ahal izango dute zein hitz dauzkan idatzita eta zein txanpon etxetan egin zuten, baina oraingoz badakite ez dela denario iberiar bat, «oso zabalduta egon zena», eta bai, ordea, indigena, orain arte gutxitan agertu izan dena.

Madelein aldiko tresnak

Aztarnategiaren gune nagusian 13.000-14.000 urte duen eremu bat induskatzen ari da Moraza buru duen hamahiru laguneko taldea. Eta atzo bertan aurkitu zuten, kazetariak han zeudela,suharriz egindako ertz bat, gezi edo lantza baten punta izan daitekeena. Aurtengo kanpainan, horrelako tresna ugari aurkitu dituzte —suharrizko xaflak, gezi puntak eta karraskagailuak—, eta Goi Paleolitoko garai hartan gizakiak izan zituen aldaketen berri ematen dute. «Historiaurrearen une inportanteenetakoa da hori», zehaztu du Morazak: «Azken glaziazioa pasatua zen, eta gizakia ohitzen ari zen giro epelago batera. Desagertuz zihoazen zenbait animalia espezie, eta beste batzuk agertzen hasiak ziren: oreinak, basahuntzak...». Orain arteko indusketek erakutsi dute San Adrian bizitoki hartu zuten gizakiak ehiztariak zirela. Nomadak izanik, denboraldi bat egiten zuten Aizkorri magalean, ehizatzen, eta koban bertan larrutzen eta erretzen zituzten animaliak.

13.000-14.000 urte dituen lur geruzan ari dira gaur egun, baina lurrean behera egin nahiko lukete datorren urtean. Ez dakite zer egon daitekeen estratu zaharragoetan, baina «aurreikuspen» onak dituzte, Morazak dioenez. «Bertako haitzera iritsi arte zortzi metroko sakonera daukagu. Horrek ez du esan nahi okupazio arrastoak aurkituko ditugunik, baina itxaropentsu gaude».

Erdi Aroan, gaztelu ere izan zen San Adrian, etxez edo eraikinez osatutako gune bat. Eta horren arrastoak ugari dira koban. Paretetako zuloek ematen dute tunelaren alboetan altxatzen ziren egurrezko etxeen berri, baina sutegiak ere aurkitu ditu arkeologo taldeak: «Bitxia da, baina sutegi horiek ermita zaharra zegoen lekuan daude».

Gainera, kobatik kanpoko beste gune batean ere indusketak egin dituzte aurten, eta Erdi Aroko zeramika puska ugari, animalia hezur andana eta brontzezko eraztun moduko bat ere aurkitu dituzte. «Ez dakigu zehazki eraztuna den edo zigilu bat».

Aztarnategi handi bat

«Tunel osoa aztarnategi handi bat da», bota du esaldi borobila Morazak. Ez da esaldi huts bat, induskatu duten eremu guztietan aurkitu baitituzte aztarna interesgarriak. «Kobaren %5 miatzen ari gara, eta maila guztiak ikusten ditugu. Gune batean Erdi Aroko aztarnarik ez dugu izango, baina Brontze Aro aberats bat aurki dezakegu; beste batean, Paleolitoko aztarnak daude...».

Ikuspegi arkeologikotik San Adrian «altxor bat» dela uste du Morazak, «historiako garai ezberdinak dokumentatzen dituelako. Eta ez dira asko horrelako aztarnategiak». Jasotako materialaren ugaritasunak eta material horren datazio ezberdinek, gainera, erakusten dute Aizkorri azpiko gunea «toki oso egokia» izan dela bizitzeko. «Lehengai guztiak zituzten inguruan».

Erromatar garaiko eta Behe Erdi Aroko aztarnak jasota, historiako bi garai horien arteko faseko material dokumentaturik ez dute jaso, baina badakite «egon egongo dela». «Aurten lagin batzuk eta hezur batzuk bidaliko ditugu aztertzera eta datatzera, eta ziur gaude aro horretakoak ere izango direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.