Demokraziaren ilusioa ihartzen ari da Myanmarren

Rohingya herriak bizi duen krisi humanitarioak eta talde etniko armatuen aurkako gerrak ilundu egin dute Aung San Suu Kyik boterean egin duen lehen urtea.

Bamar budistak rohingya etniaren kontrako manifestazio batean, Sittwen. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun

Duela urte eta erdi, lehenengoz hauteskunde orokorretan botoa ematera joan zenean, Moe Thwayk ezin zion zirrarari eutsi. Generation Waferen sortzailea izanik —2007an Azafraiaren Iraultzaren babespean sortu zen gazte ekintzaileen taldea—, sentitzen zuen une horrek betiko aldatuko zuela Myanmarren norabidea. Eta arrakastaz burutuko zela borroka. 1962tik lehenengoz, antzinako Birmania bozkatzekotan zegoen presidente demokratikoa aukeratzeko, eta imajina zitekeen boto bakarra Demokraziarako Liga Nazionalaren (NLD) aldekoa zen. «Ez dio axola militarrek idatzitako konstituzioak ez uztea hautagai izaten Aung San Suu Kyi NLDko liderrari [haren seme-alabek atzerriko pasaportea dutelako]. Badakigu hark aginduko duela Htin Kyawren bidez», esan zion orduan BERRIAri.

Hain zuzen ere, NLDren hautagaiak erabateko arrakasta lortu zuen bozetan, eta, joan den urteko martxoan, presidente izendatu zuten, 652 botoetatik 320 lortu baitzituen. «Armadak aulkien %25 gordetzen ditu, konstituzioaren erreforman beto eskubidea ematen diotenak, eta funtsezko hiru ministerio bereganatzen ditu. Zaila izango da berrikuntzak sartzea, baina aldaketa garrantzitsuak espero ditugu», iragarri zuen demokraziaren aldeko aktibistak. Haren moduko asko atera ziren kalera ospatzera burutua zela historiako demokratizazio prozesu ezohikoenetarikoa. Izan ere, Junta Militarrak berak erabaki zuen, 2010ean, prozesu hori era baketsuan hastea.



Orain, ordea, Moe Thwayk ez du irribarre egiten. Gobernuarekin atsekabetuta dauden birmaniar ugarietako bat da. Eta atsekabetuta daude Dama-rekin ere; hala esaten diote Suu Kyiri. 1991n, Bakearen Nobel saria eman zioten: hauteskunde demokratiko batzuk irabazi ondoren, hamar urte baino gehiago eduki zuten etxean atxilotua, militarrek ez baitzituzten onartu hauteskunde emaitzak. «Uste genuen haren ibilbideak eta esperientzia pertsonalak bidezko gobernu bat bermatzen zutela, herrialdea estutzen zuten askotariko arazoak konpontzen ariko zena. Baina, dirudienez, oker geunden», dio orain.

Pentsaezina zena

Generation Waveren sortzailea ez da itzalpeko presidentea kritikatzen duen bakarra, inondik inora. Badirudi desagertu egin dela Suu Kyiren inguruko aura mistikoa. Are gehiago, pentsaezina zena gertatu da: haren aurkako manifestazioak gero eta gehiago dira, eta NLDk jokoan zeuden hemeretzi aulkietatik bederatzi baino ez zituen lortu apirileko hauteskunde partzialetan. Zalantzarik gabe, izugarrizko aldea da 2012ko emaitzekin; orduan, jokoan zeuden 44etatik 43 lortu zituen.

Egoerak hainbeste egin du okerrera, ezen Suu Kyik berak bere okerrak aitortu baitzituen telebistan, boterera iritsi zeneko lehen urteurreneko hitzaldian, hain zuzen. «Uste baduzue ez naizela aski ona herrialdearentzat eta herriarentzat, inork edo erakunderen batek uste badu guk baino hobeto egin dezakeela, dimititzeko prest gaude», adierazi zuen. Askok uste dute hori dela arazoa: ez dagoela alternatibarik. Eta, bitartean, esparru ekonomikoan, desberdintasunak gero eta gehiago dira; askatasunak gain behera doaz, eta herrialdeko gaitz soziopolitiko larrietatik bat bera ere ez dute konpontzen.

«Estatistika makroekonomikoei begiratuta, Myanmar arrakastaren erakusgarri da. Adibide on bat ikusteko nola islatzen den demokrazia hazkunde ekonomikoan. Baina zenbakiek egia ezkutatzen dute: oparoalditik benetako etekina ateratzen dutenak gutxi batzuk direla, eta, hain zuzen ere, aurreko erregimen militarrarekin lotura dutenak», salatu du Birmania Ausarta Berria Federazioko kide Zin Mar Linek. «Etxebizitzen prezioak izugarri igo dira. Jende guztiak nahi ditu hotelak eraiki eta turismoa sustatu, baina uniformeak traje eta gorbatarekin aldatu zituztenak dira lurraren eta eraikinen jabe. Pobreak pobreago dira orain».

Bestalde, ez dira iritsi aro honetarako espero ziren askatasunak. Demokraziaren aldeko ekintzaileak eta kazetariak ere manifestatu dira Telekomunikazioen Legearen 66(d) atalaren aurka. 2013an onartu zuten, eta hiru urte arteko espetxealdiarekin zigortzen du prentsan edo sare sozialetan difamatzea. Lege testua hain da lausoa eta zabala, non erraza baita botereari deseroso zaizkionak auzipetzea; hala egin dute 50 bat kasutan baino gehiagotan kazetarien, blogarien eta ekintzaileen aurka. NLDko kide nabarmenak ere auzipetu dituzte Facebooken edo Twitterren idatzitako postengatik, hala nola U Myo Yan Naung Thein. Haien delitua, gobernua edo armada kritikatzea.

Etniarik jazarriena

Edozein modutan, arazo horiek guztiak txikikeriak dira gobernu demokratiko berriak herrialdearen periferian irekita dituen bi fronte handiekin alderatuta; haietan ez du lortu aurrerapen garrantzitsurik. Alde batetik, rohingya herriaren tragedia humanitarioa dago; Rakhine estatuan bizi da batez ere gutxiengo musulman hori, mendebaldean, eta, Nazio Batuen Erakundearen arabera, munduko etniarik jazarriena da. Beste aldetik, hortxe dago oraindik armadaren eta hogei bat talde etniko armaturen arteko gerra. Gehienek su-eten akordioak sinatu zituzten hauteskunde demokratikoen aurretik, baina batzuek, Kachin Independence Army-k (KIA), esaterako, borrokaldi odoltsuak izaten dituzte oraindik, eta halakoetan herrialde barruan dozenaka mila desplazatu eragin dituzte.



Desplazatuen egoera ere ez da aldatu. «Espero genuen egoerak asko egingo zuela hobera Aung San Suu Kyi iristean, eta hala espero dugu oraindik; baina, egia esan, indarkeria ugaritu egin da, eta gobernuak lehenago irekita zeuden bide humanitarioak itxi ditu», salatu du Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko Mark Cuttsek, Al-Jazeerari emandako elkarrizketa batean. «Beharrezkoa da sufritzen ari den jendeak laguntza jasotzea», baieztatu du.

KIAren kontrolpeko eremuan, desplazatuen egoera etsigarria da. Jeyang esparruan, adibidez, kachin etniako (kristaua) 8.500 kide inguru bizi dira oso egoera txarrean; etxea utzi behar izan dute gobernuaren tropek aurrera egin ahala. «Militar birmaniarren basakeria imajinaezina da. Herri osoak suntsitzen dituzte: emakumeak bortxatzen dituzte, eta etxeak arpilatuta edo deseginda geratzen dira. Munduak ez daki zer gertatzen ari den hemen, eta, okerragoa dena, birmaniarrek ere ez dakite», kexatu da Labang Dai Pisa, esparruak kudeatzen dituen erakundeko zuzendaria; 85.000 desplazatu aterpetu dira han dagoeneko.

Laiza hiria, KIAren gotorleku nagusia, Txinako mugan dago, eta metrailadoreak eta granada jaurtigailuak bazter guztietan daude. Kanpoaldeko trebakuntza guneetan ere ez dago atsedenik. Ehunka nerabe entrenatzen dira zurezko fusilekin, kalaxnikov AK-47aren etxeko bertsioari heltzen ikasteko. Bitartean, armadak KIAri kokalekuak kentzen jarraitzen du, bidean hildakoen arrastoa utzita. «Bake prozesua hasteko, gobernuak nazio mailako su-etena proposatu du, beste talde batzuekin sinatu duenaren antzekoa. Guri ondo iruditzen zaigu, baina borrokak ez dira eten, eta geure burua defendatu behar dugu», azaldu du matxinatuen jeneralak, Gun Mawk. Beste talde armatu asko bezala, KIA ere Myanmar independente denetik ari da armadaren aurka borrokan, eta estatu federal deszentralizatua exijitzen du.

Hego-ekialdera 250 kilometro eginda, gerra oso desberdina da. Rakhine estatuan, askok garbiketa etnikotzat dutena ari da gertatzen. Bamar budistek, Ashin Wirathu monje polemikoa buru dutela —Bin Laden birmaniar izendatu zuen bere burua—, guztiz arbuiatzen dute rohingya etnia, eta Bangladeshera itzularazteko eskatzen dute; herrialde horretan ere ez dituzte herritartzat hartzen, nahiz eta hangoak diren jatorriz. Rohingyek tortura sistematikoak, bazterketak eta bortxaketak jasaten dituzte, eta horrek bultzatuta sortu dira estatu indarren aurka borrokatzen diren gerrillari talde estremistak.

Batzuk eta besteak balekin eta historiaren interpretazio interesatuekin elkarren aurka ari diren honetan, 140.000 zibil rohingya inguru bizi dira errefuxiatu esparruetan, egoera latzean; elikagai eskasiaz eta osasun eta hezkuntza eskubiderik gabe. Heriotza bizilagun desatsegina bihurtu zaie. Umeei etorkizuna lapurtu diete.

Zalantzarik gabe, rohingya herria da Suu Kyiren orbanik ilunena. Nahiz eta Damak behin baino gehiagotan agindu duen giza eskubideak errespetatuko dituztela eta herritar guztiei laguntza humanitarioa emango dietela, uko egin dio etnia horren egoera gaitzesteari. Areago, NLDk uste du ez dela erabili behar rohingya terminoa, haren ustez, legez kanpo immigratu zuten bengalarrak baitira. «Nazioarteko komunitateak estutu gaitu horrela esateko, baina ez dugu ulertzen zergatik. Bengalarrak dira», ebatzi du Suu Kyiren alderdiko buruzagietako batek, U Nyan Win-ek, zeina diktadura garaian hiru urte eduki zuten espetxean epaiketarik gabe. «Edozein modutan, 1982ko Nazionalitatearen Legea zuzentzearen aldekoak gara, bengalarrak ez daitezen apatridak izan, eta, horrela, gatazka eten dadin».

«Ziur asko, arazoa da esperantza handiegia jarri dela pertsona bakarrarengan. Suu Kyi ez da jainkosa bat, politikari bat baizik. Hautesleak ditu lehentasun, beste edozeinek bezala. Eta eskuak lotuak ditu askotan, armadak beto eskubidea duelako oraindik», azaldu du tonu adiskidetsuan Tort Reignek, naga gutxiengo etnikoko ekintzaileak. «Pentsa liteke urtebete denbora asko dela, baina ez da ezer kontuan hartzen badugu mende erdiko diktadura batetik atera garela. Pazientzia izan behar dugu, eta konfiantza eman behar diogu herrialdearengatik bere bizitzatik hainbeste sakrifikatu duenari. Epai dezagun Suu Kyi bost urte barru».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.