1970eko hamarkadatik ostegunero egiten duen bezala, Hebe de Bonafini Maiatzeko Plazako hitzordura abiatu zen atzo arratsaldean, Argentinako diktaduran desagerrarazi zituztenen aldeko justizia aldarrikatzera, baina ez zen beste ostegun bat izan. Giza kate handi batek egin zion korridoretik ihesi atera behar izan zuen, Maiatzeko Plazako Amen egoitzatik, elkarteko presidenteak, Poliziak atxilo eraman ez zezan; furgoneta batean eraman zuten bere ingurukoek, plazan esatekoak zituenak herritarrek entzun zitzaten. Epaitegietara ez joateko erabakia berretsi zuen: «Hau irain bat da. Nekatuta nago epaitegietatik epaitegietara ibiltzeaz», esan zuen milaka herritarren aurrean. «Preso sartu behar banaute, sar nazatela. Nire bizitzak jada ez du ezer balio, 90 urte dauzkat».
Hebe de Bonafini atxilotzeko eta elkartearen egoitza miatzeko agindua eman zuen epaileak arratsaldean, ez zelako agertu goizean epaitegietan zeukan hitzordura. Auzitegiko iturrien arabera, Buenos Airesko komisaldegi batean gaua igarotzeko agindua eman zuen epaileak, hurrengo egunean deklaratzera behartzeko. Izan ere, Sueños compartidos auziari buruz azalpenak ematera joan behar zuen atzo, Amen fundazioak etxebizitza sozial batzuen proiektuan estatuaren dirua ustez bidegabeki erabiltzeagatik.Kausa berean, magistratuak pertsona gehiago deitu ditu deklaratzera, horien artean Nestor Kirchnerren gobernuan karguak izandakoak. «Fundazioa iruzur egiteko erabili» zuten jakin nahi du epaileak. Beti ukatu du Bonafinik ezein iruzurretan parte hartu izana. Auzipetzeko beste arrazoi bat dagoela uste du De Bonafinik: «Desagerrarazi nahi gaituzte».
Kritika gogorra justiziari
Atzo goizean bigarren aldiz uko egin zion deklaratzera joateari, eta berretsi du ez duela deklaratuko. Abokatuen bitartez auzitegian aurkeztu zuen eskutitzean, ordea, jazarpen politikoa salatu du, eta justiziari kritika gogorra egin dio. Marcelo Martinez de Giorgi epaileari hitz egin dio eskutitzean: «1977tik, zehazki urte hartako otsailaren 8tik, gaizki deitutako justiziaren erasoak jasaten ari naiz. Nire kalbarioa une hartan hasi zen, 168 aurkezpen egin nituen nire seme Jorgeren alde, eta gero beste seme Raulengatik gauza bera egin nuen; urte bereko abenduan desagerrarazi zuten, eta orduztik peregrinazio etengabeaizan zen nirea epaitegietatik, beti injustizia berak jasanez, eraso berak. Gero 1978ko maiatzean nire errain Maria Elena desagertu zen; ez zen ezer aldatu».
Hebe de Bonafiniren giza eskubideen aldeko borroka gertaera haiek markatu zuten, eta harrez gero, borroka amaigabean izan da Argentinan desagerrarazitako guztien alde. Eskutitzean, sarrera hori egin eta gero, borroka luzean pairatutako injustiziez mintzo da, eta injustizia horiek banan bana salatu ditu. Amaieran, Maiatzeko Plazako Amen lana nabarmendu du: «Amek beti defendatuko ditugu gizartearen elkartasun baloreak, eta besoak zabalduko dizkiegu ahulenei, beren ametsak bete ditzaten, egun hauetan eta etorriko direnetan. Eta borrokatzen jarraituko dugu egunen batean gure gorputzetan justiziaren balorea senti dezagun lan egingo duten epaileak aurkitzeko». Eskutitz horretan ere Maiatzeko Plazara arratsaldean joateko deia egin zuen: «1.999. martxa izango da gaurkoa».
Esan eta hantxe egon zen, plazan, milaka pertsonan aurrean. Lasai zegoen, umoretsu, plazara iritsi zenean. «Primeran» dagoela erantzun zuen kazetari batek zer moduz zegoen galdetu zionean: «Presioa 12/8 daukat, eta glukosa 125. Ederki asko nago».Gaua luzea zuen aurretik.
AEBren dokumentuak
Paradoxikoki, De Bonafiniren atxiloketa agindu zuten bitartean, John Kerry AEBetako Estatu idazkaria Mauricio Macri presidentearekin zegoen. Kerryk iragarri du Argentinako diktadura garaiko dokumentu desklasifikatu sorta bat emango diola orain Argentinari, eta aurrerago beste sorta bat, Barack Obamak hitzeman zuen gisan. AEBek Argentinako diktadurako azken aroko aktak dira, 1976-1983 artekoak.
Hebe de Bonafini: «Desagerrarazi nahi gaituzte»
Argentinako epaile batek Maiatzeko Plazako Amen presidentea atxilotzeko agindu du 'Sueños compartidos auzia'-n deklaratzeari uko egin izanagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu