Josep-MariaTerricabras. Friendship taldeko kidea

«Pozgarria da ikustea gizarte osasuntsu bat ari dela bake bila»

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
ERCko europarlamentariak «ulertezin» iritzi die Espainiaren eta Frantziaren jarrerei, eta haiek prozesuarekin «engaiatzea» ezinbestekotzat jo du.

Zergatik da garrantzitsua ETAren armagabetzea?

Bake prozesuak luzeak eta zailak izan ohi dira, baditugu zenbait aurrekari hori erakusten dutenak. Bake prozesu guztietan, garrantzi handikoa izaten da armagabetzea, baita Euskal Herriko bake prozesuan ere. ETAren erabakia oso garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da Espainiako eta Frantziako Gobernuen jarrera. Ulertezina da urteetan esatea ETAren biolentzia ikaragarri suntsitzailea zela, eta orain garrantzia kentzea ETAren erabakiari. Desarmatzeak izugarrizko garrantzia du, eta, beraz, Espainiako eta Frantziako Gobernuei eskatu behar zaie ez soilik prozesuari oztoporik ez jartzeko, baizik eta prozesua bera ahalbidetzeko. Azken batean, ETAk gizarte zibilarengana jo behar izan du armagabetu ahal izateko, inplikatutako gobernuek ez dutelako inolako interesik erakutsi laguntzeko eta bake prozesu batean onargarriak ez diren bideak erabilita desarmatu nahi zutelako.

Espainiari eta Frantziari armagabetzea ahalbidetzeko eskatu diozue. Oztopoak jarriko dituztela uste duzue?

Ez dakit, baina orain arte mespretxuz jokatu dute. Harrigarria da. Ulertezina da bi gobernuek ontzat ez jotzea behin betiko bakearen aldeko urrats berri hau. Gobernuek engaiatu beharko lukete prozesuarekin, eta pozik egon beharko lukete ETAren erabakiarekin.

Luhusoko atxiloketak izan zireean, gizarte zibilaren rola nabarmendu zenuten, eta orain ere gizartearen lidergoa txalotu duzue.

Aieteko Adierazpenetik nabarmendu dugu gizarte zibilaren rola garrantzitsua zela prozesu honetan. Aiete mugarria izan zen, hortik egun gutxira ETAk jarduera armatua bertan behera uzteko alde bakarreko erabakia hartu zuelako. 2011n gertatu zen hori, eta, ordutik, berebiziko garrantzia izan du gizarte zibilak, prozesua gidatu, lagundu eta bultzatu duelako. Gizarteak hori egin behar izan du inplikatutako estatuek ez dutelako erakutsi inolako gaitasun eta borondaterik gauza bera egiteko. Oraingoan ere, pozten gaitu ikusteak gizarte osasuntsu bat ari dela bakearen alde lan egiten, ez baitu ezertarako balio bakea nahi duzula esateak, baina horren alde lan ez egiteak.

Armagabetze prozesua ezohikoa izaten ari da. Nola ikusten du Friendshipek?

Armagabetze prozesuak ez luke zertan horrela izan. Ohiko egoera batean, bi aldeek elkarrizketak izan beharko lituzkete eta armagabetzea hitzartu beharko lukete. Baina argi geratu da ez dela posible izan. Euskal gizarteak desarmatzea gidatzeko indarra eta gaitasuna erakutsi izana aparteko erabakia izan dela uste dut. Bake prozesua geldiunean gera ez zedin eman zitekeen pauso bakarra izan da, gainera.

Zer egin dezakete EBko instituzioek prozesuan laguntzeko?

Orain arte, gure taldea saiatu da Europako Batasuneko erakundeen inplikazioa lortzen. Orain, bilera eskari formala egin diegu Frantziak eta Espainiak EBn dituzten enbaxadore eta ordezkari iraunkorrei, eta, horrela, Europako Parlamentuaren engaiamendua adierazi nahi diegu.

Europak gehiago egin zezakeen Euskal Herriko prozesua babesteko?

Uste dut oraingoz egokiena dela gure lana gehiegi ez sakabanatzea. Friendship taldea egotea garrantzitsua da, urteak daramatzagu lanean, bidean eurodiputatu berriak atxiki dira, Euskal Herrira bisitak egin ditugu... Ona da tonu horri eustea, orain arte egindako lanari sinesgarritasuna ematen diolako. Nahiago dut egin dugun lanarekin jarraitzea eta hemendik denbora batera, egoki ikusten badugu, adierazpen zabalago bat lortzen saiatzea Europako Parlamentuan. Oraingoz, bide onean goazela uste dut.

Apirilaren 8tik aurrera, zer lan egin beharko da?

Lan handia egin beharko da, besteak beste presoen auzian eta espetxe politikan, eta horregatik diogu garrantzitsua dela Espainiako eta Frantziako Gobernuak engaiatzea. Presoak gerturatzea lagungarria izango litzateke egoera baretzeko. Euskal Herrian etakide ohien eta biktimen arteko gerturaketa bat egon den bitartean, Espainiak ez du inolako pausorik eman. Gauza asko egin behar dira, baina, bereziki, jarrera da aldatu behar dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.