Atzean utzi du kartzela Xabier Alegria euskal preso ohiak. Zortzi urte pasatxo egin dute preso jarraian 18/98 sumarioaren baitan Orain SAko administrazio kontseiluko kide izateagatik, ETAko buruzagi izatea egotzita. Auzitegi Nazionalak hemezortzi urtera zigortu zuen. Auzitegi Gorenak hamabira jaitsi zuen zigorra gero. Guztira ia hamabi urte egin ditu.
Goizean irten da kartzelatik, Etxekoak zituen zain, eta berehala Euskal Herrirako bidea hartu dute. Jende askok agurtu nahi zuen, baina nahiago zituen denak Euskal Herrian agurtu. Horregatik etxekoek eta hurbilenekoek jaso dute espetxe irteeran, 10:30 aldera, eta ia hamaika orduko bidaiaren ostean, itzuli da etxera. Amaginarreba agurtu nahi izan du lehenik, Miren Garmendia. Alegriak berak duela bi urte eta erdi galdu zuen ama, eta Itziar Goienetxe bikotekidearen amarengana joan nahi izan du lehenengo, hark ere bazuelako kezka bera bizirik zela aske ikusiko ez zuelako. Lehen agurra Pasai Donibanen egin diote. Handik Lezora joan da (Gipuzkoa), eta dozenaka lagunek hartu dute bertan ere.
Kartzelatik irten eta minutu gutxira hitz egin du BERRIArekin Alegriak. Behin kalean eta libre, orain, «entzutea eta begiratzea» dagokiola esan du. Hala ere, azkenaldian eman diren urratsak ikusita, «Euskal Herria ahalduntzen» ari dela uste du, «kimu berriak ikus daitezke». Horregatik uste du Espainiako Gobernuak «jai duela» kartzeletan hartu duen bidearekin. Baina ez du ukatu euskal presoen egoera oso gogorra dela: «Zitala da. Egun osoko bakartzea ezartzen diete kide askori». Algecirasko kartzelako presoen kasua edota Arantxa Zulueta eta Jon Enparantzarena aipatu ditu, besteak beste. Preso gaixoen egoera are eta zitalagoa dela nabarmendu du. Mezu bertsua errepikatu du Lezon, jendaurrean. Espetxean geratu direnak hartu ditu gogoan, gaixo dauden presoak batez ere. Eta gogorarazi du, senideek eta lagunek egin behar izaten dituzten kilometroak.
Xabier Alegriaren espetxeko egoera ere ez da xamurra izan. Lau urte eta erdiz egon da bakarturik. Bere esanetan, azken espetxealdia izan da gogorrena: «Lehenengo egunetik esan zidaten ez nintzela besteen baldintza berberetan izango». Utzi berri du Puerto III espetxea atzean, Euskal Herritik 1.000 kilometrora.
Kartzelatu, eta frogak eraiki
Alegriak hainbat auzi izan ditu irekita, eta gehienetatik absolbitu egin dute. 1998ko uztailaren 15ean atxilotu zuten lehenik, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Orain SA enpresako administrazio kontseiluko kide zelako. Egin egunkaria eta Irratia itxi zituzten operazio hartan, eta berarekin batera beste zazpi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Auzi horregatik kartzelan zela, 1998ko azaroaren 20an, Garzonek KAS legez kontrako jo zuen. Halaber, ETA eta Egin-en ustezko lotura eginda 26 lagun inputatu zituen, tartean Alegria bera. Kartzelaldi hartatik 60.000 euroko bermea ordainduta atera zen aske, 1999ko ekainaren 15ean. Orduko udaletarako hauteskundeetan Lezoko (Gipuzkoa) zinegotzi atera zen gainera, EHtik.
Baina ez zuen denbora asko egin libre. 2000ko irailaren 13an berriz atxilotu zuten, beste hemeretzi lagunekin batera, Ekin-en aurkako operazioan. Baltasar Garzonek agindu zuen operazio hori ere. 2001eko ekainera arte egon zen preso Alegria.
Espainiako Poliziak egin zituen aurreko bi operazioak, eta atxilotua izan zen bi aldi haietan tratua zuzena izan zela adierazi zuen. Inputatuta, baina kalean, auzi horien epaiketen zain zela atxilotu zuten berriz, 2003ko otsailaren 20an, Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako polizia operazioan, beste bederatzi lagunekin batera. Guardia Zibilak atxilotu zuen, eta ohartarazi zioten: «Oraingoan bestela izango da. Orain Guardia Zibilaren esku zaude. Bukatu da ez deklaratzen hori». Bost egun egin zituen inkomunikatuta, eta tortura oso gogorrak jasan zituela salatu zuen. Torturapean sinarazi zizkiotenak ere salatu zituen Alegriak, 18/98ko epaiketan deklaratu zuenean. Egunkaria auziko prozesutik atera egin zuten Alegria gero, loturarik ez zuela ebatzita. 2004ko azaroan atera zen kartzelatik, bermea pagatuta.
18/98 makrosumarioaren kontrako epaiketa 2005eko azaroan hasi zen. Alegriak 2006ko urtarrilean deklaratu zuen Auzitegi Nazionalean. Ez gorabehera gutxirekin. Zigor eskaera handiena bere aurka egin zuen Enrique Molina fiskalak: 51 urte.
Epaiketa hamasei hilabetez
Angela Murillo epaimahaiburuak galdetu zion ea fiskalaren eta herri akusazioaren galderei erantzungo zien, eta uko egin zion «tortura lan tresna gisa erabiltzea bermatzen duen auzitegi berezian ez dut erantzungo», esan zuen. Murillok bere hizketaldia eten zuen. Baina Alegriak gero bere mezua zehaztu ahal izan zuenez, esan zuen Espainiak «ezinbestean» erabili behar duela tortura «Euskal Herriaren nortasuna ukatzeko tresna gisa». Epaiketaren irregulartasunak irregulartasun, eskatu zuen ez zedin «lardaskeria juridikoan» gera, eta aro politiko berri baterako plataforma bihur zedin galdegin zuen.
Alegriak epaiketan eduki ahal izan zuen defentsari zegokionean, Arantza Zulueta abokatuak epaileari eskatu zizkion Alegria KAS-ETA erakundeko kidea zela egozten zioten polizia txostenak. Ordu eta erdiko etenaren ostean, ez zuten lortu Zuluetak eskatutako dokumentua topatzea. Beste txosten bat jarri zion epaileak abokatuari eskura, eta harekin galdeketa hasteko eskatu zion. Bidezko defentsa baterako eskubidea ukatzen zitzaiela, eta eskatutako dokumentua emateko eskaera berretsi zion Zuluetak. «Diligentzia hauek oso-oso gaizki daude» onartu zuen Murillo epaileak berak, bozgora. Baina bereari eutsi zion, eta abokatuek plantoa egin zuten saio hartan. Eten egin zen epaiketa, eta martxoan hartu zuen hurrena hitza Alegriak. Epaiketak iraun zuen hemezortzi hilabetetan izan ziren irregulartasunen lagin txiki bat baino ez da hori.
Alegriak epaiketan azaldu zuenez, Guardia Zibilak, deklarazio hartzean, «eskaintza» zehatza egin zion. Eta galdera batzuei erantzuten hasi zen, egoera hura bukatzeko «behar ia fisikoa» sentitu zuelako. Halaxe hasi ziren, Alegriaren hitzetan, gerora egin beharreko deklarazio formala «entsaiatzen». Hiru saio egin zituzten. Guardia zibilek batez ere izenak nahi zituztela azaldu zuen, «nirekin harremana izatea inputatzeko nahikoa arrazoi balitz bezala». Deklarazioa «hitzartzean» izen batzuk sartzera derrigortu zutela esan zuen: «Adibidez, Joseba Permach KAS Teknikoko bileratara joaten zela derrigor esan beharra nuen». Edo alderantziz: «Nahi banuen Rafa Diez talde horretan ez neukala sartu beharrik». Jose Maria Dorronsoro ETAko kideari ustez atzemandako agiriak, Garikoitz-en eta ETAren arteko eskutitzak, deklarazio polizialean bere egin bazituen, guardia zibilek aginduta egin zituela azaldu zuen, zer agiri ziren begiratu ere egin gabe izenpetu zituela, jasaten ari zena behingoz bukatzea nahi zuelako.
Guardia Zibilaren aurrean esandako guztiak «erantzun derrigortuak» izan zirela ziurtatu zuen Alegriak. ETArekin ez duela inoiz inolako harremanik izan ziurtatu zuen.
Deklarazioaren jatorria
Egunkaria-ren kontra egindako operazioan atxilotu eta torturatu ostean lortutako deklarazio hori izan zen fiskalaren akusazioaren oinarria, 18/98 sumarioan sartu zuelako gero. Baina Egunkaria-rekin ez zuela inolako harremanik ere zehaztu zuen. Hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion Murillo epaimahaiburu zuen salak. Gorenak hamabira jaitsi zuen zigorra. 2007ko azaroaren 30ean hasi zuten 46 lagunen kontrako atxiloketa, tartean Alegriarena..
Egunkaria auziagatik atxilotu eta kartzelan zela, 2003ko apirilean, Udalbiltzaren kontra egin zuen Garzonek, eta auzi horretan ere auzipetu zuten Alegria. Hamar eta hamabost urte artean eskatu zuen auzipetuentzat. Guztiak absolbitu zituzten gero.
EPPK-ko mintzakide ere izan da Alegria, eta ez dira gutxi izan kartzela barruan egin dituzten borrokaldiak oinarrizko eskubideen alde.
Euskal presoak. Xabier Alegria aske
Etxean, baina barrukoak gogoan
'Egunkaria auzian' atxilotu, torturatu eta hango deklarazioetan jasotakoa baliatu zuen fiskalak 18/98ko sumarioko akusazioak egiteko.Ia hamabi urte kartzelan pasatu ostean utzi du Puerto III espetxea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu