Euskal errugbia presente izanen da

Lau euskal jokalari ariko dira bihartik aurrera errugbiko Sei Nazioen Torneoan, guztiak Frantziako selekzioarekin: Arthur Iturria eta Celine Ferer baionarrak, Camille Lopez mauletarra eta Patricia Karrikaburu altzürükütarra.

Eneritz Baiona
2017ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Ez ditu garai onenakIpar Euskal Herriko errugbiak. Miarritze Frantziako Bigarren Mailan dago. Baionak, berriz, Top 14ko sailkapeneko azken postura kateatuta jarraitzen du. Halere, aurtengo Sei Nazioen Torneoan euskal errugbiak ukanen du bere tokia. Euskal Herriak selekzio propiorik ez dauka errugbiko lehiaketa ofizialetan jokatzeko eskubidearekin. Eta Espainiako selekzioa Sei Nazioen B Torneoan ari da. Horrenbestez, Frantziako selekzioan atzematen dira Sei Nazioen Torneoko euskal jokalariak.

Lau dira Frantziako selekzioekin ariko diren euskal herritarrak: Celine Ferer (Baiona, 1980) eta Arthur Iturria (Baiona, 1994) lapurtarrak eta Patricia Karrikaburu (Altzürükü, 1988) eta Camille Lopez (Maule, 1989) zuberotarrak.

Jatorria antzekoa badute ere, ezberdintasunak anitz dira lauren artean. Lopez eta Iturria Clermonten ari dira, Top 14ko lehen sailkatuarekin. Profesionalak dira biak, Iturria maila gorenerairitsi berria bada ere. Ferer eta Karrikaburu, berriz, erabat amateurrak dira. Biek, hala ere, badute eskarmentua Frantziako selekzio nagusiarekin. Iaz, adibidez, titulua irabazi zuten Sei Nazioen Torneoan.

Abuztuan Munduko Kopa jokatuko dute emakumezkoek Irlandan, eta haien egoera erabat amateurrak gauzak baldintzatu ditu. «Batzuek laneko nagusiekin hitz egin behar izan dugu oporrak noiz hartu erabakitzeko. Ikasten ari direnek ere antzekoa egin behar izan dute. Abuztuan jokatuko da lehiaketa, baina prestaketa goiz hasi nahi dugu, eta ez da erraza egunak libratzea», aitortu du Fererek.

Gisa horretako kezkarik ez dute gizonezkoek. Lopezentzatzein Iturriarentzat torneo garrantzitsua izanen da. Zuberotarrak beste aukera bat izanen du selekzioarekin. 2015eko Ingalaterrako eta Galesko Munduko Kopatik kanpo utzi zuen Philippe Saint-Andre hautatzaile ohiak, eta geroztik ez du beste aukerarik izan. Francois Trinh-Ducek udazkenean min hartu eta gero, haren alde egin du Guy Noves hautatzaile berriak. Anitz izanen du frogatzeko, beraz, Lopezek.

Iturria, ordea, lehen aldiz ariko da selekzioen arteko lehiaketa garrantzitsu batean. Sasoi hastapen ederra egin du baionarrak Clermontekin. Lan bikain horri esker sartu du Novesek azken deialdian. Haren postuan —bigarren lerrokoa da— beste gazte baten alde egin zuen iaz Frantziako hautatzaileak, Paul Jedrasiaken alde, baina Iturriak Clermonten postua kendu dio Jedrasiaki, eta selekzioarekin jokatzeko aukera izan du. Ikusi beharko da jokatzeko aukerarik duen.

Harrobi osasuntsua

Sei Nazioen Torneoan lau euskal jokalari ariko direla kontuan hartuta, erran daiteke osasuntsu dabilela euskal errugbia. Gehiago izan zitezkeen. Izan ere, hasiera batean Guy Novesek Charles Ollivon senpertarra deialdian sartu zuen. 2014an, Baionan ari zelarik, bitan jokatu zuen selekzioarekin, eta geroztik ez zuen beste aukerarik izan. Udazken honetan, baina, oso ongi aritu zen Zeelanda Berriaren aurka, eta titular postua irabazi zuen. Duela aste batzuk, baina, min hartu zuen, eta ekitaldi honetan jokatu ezinik geldituko da.

Emakumezkoei dagokienez, Sei Nazioen Torneoa prestatzeko lehen deialdian zegoen Amaia Gonzalez kanboarra, Jean-Mixel Gonzalez Baionako eta Miarritzeko jokalari ohiaren alaba. Horrek ez dio mesederik egin. Izan ere, urte amaieran haren aita kendu zuten emakumezkoen selekzioko hautatzaile kargutik. Erabakiak hautsak harrotu zituen. Gonzalezen ordezkoak Amaia Torneoa prestatzeko ekarri zuen hasiera batean —zerrenda hori Gonzalez aitak egindakoa zen—, baina azkenean kanpoan utzi du.

Euskal jokalariek, beraz, badute lekurik Europako goi mailako errugbian. Deigarria da gizonezkoetan ariko diren bi euskal jokalariak Frantziako talde batean aritzeak, Clermonten. Baiona Top 14an ari da, baina bertako jokalaririk ez du deitu Novesek. Ollivon bera ere, Frantzian ari da, Toulonen. Selekzioan aritzeko, talde handiagoetara alde egin behar izan dute euskal jokalariek.

Halere, euskal harrobiak badu indarrik selekzioan. Euskal herritarrak izan ez arren, Baionan zein Miarritzen hazitakoak dira Frantziako selekzioan ari diren jokalari anitz. Baionan hazitakoak dira Iturria eta Ollivon. Miarritzeko harrobitik datoz, berriz, hasierako deialdian zen Raphael Lakafia —lesionatuta dago, eta ez da ariko— edo iaz Sei Nazioen Torneoan aritu ziren Teddy Thomas eta Wenceslas Lauret.

Emakumezkoen artean ere hiru dira Baionan ari direnak: Ferer, Gonzalez eta Camille Cabalou okzitaniarra. Karrikaburu, berriz, Paue ondoko Lons taldean ari da. Denak ala denak goi mailako errugbian hazten eta irauten entseatuko dira. Frantziako selekzioak bihar jokatuko du estreinako partida, Londresen, Ingalaterraren aurka (20:35). Partida garrantzitsua da, bi selekzioak baitira titulua irabazteko hautagaiak, Irlandarekin batera. Lehia gaur hasiko da, Eskozian, etxeko taldeak eta Irlandak jokatuko duten norgehiagokarekin (19:35).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.