Fiskaltzak terrorismoa eta matxinada egozten dizkio joan den asteartean Viladecansen atxiloturiko CDR Errepublikaren Aldeko Batzordeetako kideari. Tamara Carrascok atzo deklaratu zuen Auzitegi Nazionalean, eta Diego de Egea epaileak ministerio publikoak leporatzen dizkion delituak baztertu ditu. Kausa irekita dago oraindik desordena publikoen delitua egotzita, baina behin-behinean aske utzi du ekintzailea, kautelazko neurriak jarrita; esaterako, ezingo du Viladecansetik atera epailearen baimenik gabe.
Kataluniako egoera dela medio CDRek Aste Santuan egindako protesta ekintzak sustatzea egozten dio fiskaltzak; hain justu, autobideetako ordainlekuetan ez ordaintzeko kanpainaren inguruko azalpenak eta estrategiak zabaltzea.
Sergio Atienza Carrascoren abokatuak atzo adierazi zuenez,haren «sustraitzeaz» eta lanaz soilik galdetu zion magistratuak CDRetako kideari. Abokatua beldur zen epaileak ez ote zuen fiskaltzaren tesia defendatuko.
Carrasco atxilotu zuten operazio berean, CDRetako beste kide bat atxilotzea eskatu zuen epaileak, Esplugues de Llobregaten. GuardiaZibilak, ordea, ez zuen topatu. De Egeak ere hura atxilotzeko eskatu du.
CDRek komunikatu bat plazaratu zuten atzo arratsaldean, eta «zenbait komunikabide eta alderdi politiko» egiten ari diren «kriminalizazio kanpaina» salatu zuten. «Eskualde, herri eta auzo guztietan» mobilizazioei eustera deitu dute. «Eraso guztiei eutsiko diegu».
Katalunia
Desordena publikoen delitua egotzi diote CDRetako atxilotuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu