Gatazken konponbidean laguntzea eta aholkatzea helburu duen Conciliation Resources erakundeko zuzendaria da Jonathan Cohen, eta haren aurpegiak argi erakusten du Kanboko (Lapurdi) ekitaldiaz egiten duen balorazioa. Badaki eragile askoren ahalegina behar izan dela Aieten hasi eta Kanbon bukatu den bidea arrakastatsua izateko. Diskrezio zalea da, eta ez da asko atera hedabideetan, esperientziak erakutsi baitio tentuz eman behar duela iritzia, inor ez mintzeko. Elkarrizketa ostiralean egina da, Kanboko ekitaldia bukatu eta berehala.
Aurreneko aldia da euskal gatazkaren konponbidean parte hartzen duzuna?
Ez, urte asko daramatzagu lanean gatazka honetan.
Zer esparrutan egin duzu lan?
Gure oinarrizko lana elkarlanerako aukerak sortzea da; gatazkak eraldatzeko estrategiak landu ditugu Lokarrirekin, ezker abertzalearekin... Pedagogia moduko bat egitea da gure funtsezko lana.
Noiztik ari zara lanean ezker abertzalearekin?
Badira hamar urte baino gehiago. Oso lan diskretua egin dugu; elkarrizketa asko eduki ditugu beste gatazken konponbideen azterketa konparatzeko. Oinarrizkoa da elkarrizketarako aukera sortzea, eta horretarako asko lantzen dugu gizarte taldeen ikuspegia...
Zer ondorio atera duzu urteotan?
Oso gauza ezohikoa gertatu da: gobernuak ez du parte hartu nahi izan. Ez gaude ohituta halako prozesu aldebakarrekoak kudeatzera. Aldaketarako garaia gizarteak markatu zuen zuen herrian, ikusi baitzuen aldatu beharra zegoela. Gure lana gizarteari eztabaidarako eta subjektu aktiboa izateko era eskaintzea izan da.
Ikasle onak izan dira ezker abertzalekoak?
Gaur egon naiz haietako batzuekin, eta oso jarrera onean ikusi ditut haien esperientzia beste gatazka batzuetako eragileekin partekatzeko. Gu ez gara irakasleak izan, eta haiek ez dira ikasleak izan: arazoari irtenbidea bilatzen lagundu nahi zuen pertsona talde bat izan gara. Ikuspegia zabaldu dute, konfiantza hartu dute irtenbidea bazegoela.
Egun garrantzitsua da gaurkoa?
Bai, noski; atal bat itxi da gaur, baina oraindik konpondu beharreko hari asko daude. Harremanak berrosatzen hasteko garaia zabalduko da orain.
Nortzuen arteko harremana?
Bortxa jasan eta eragin dutenak, eragile sozialak, alderdiak... Denon artean egin behar dugu lan.
Asko dago egiteko?
Gaurkoa garrantzitsua da, baina lerro artean geratzen dira konpondu beharrekoak. Beste gatazka batzuetan ikasi dugu kosta egiten dela biolentzia ardatz izan den eskema batetik biolentziarik gabeko batera aldatzea. Urteetako ohitura da.
Nola baloratzen duzue Madrilek parte hartu nahi ez izatea?
Ez da gure ohitura gobernu baten jokabidea epaitzea, baina ezohikoa da. Gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzen dira, konponbidea betirako izateko berme bakarra baita. Eskuzabal izatea ere garrantzitsua da behar bezala bukatzeko. Etsigarria da elkarrizketetan Madril ez egotea.
Eduki duzue inolako harremanik Espainiako Gobernuarekin?
Gatazka honetan ez. Gure lana gizarte eragileekin jardutea izan da. Beste kasu batzuetan gobernuekin egin dugu lan.
Herritar askori oso luzea egin zaio Aietetik Kanborako tartea.
Nola begiratzen duzun, ez da horren luzea; ez behintzat gatazka armatuak iraun duen denborarekin alderatzen baduzu.
Beste kasu batzuekin konparatuta?
Denbora luzea behar da jokabide batzuk aldatzeko. Ez da ona azkarregi joatea; hori eginez gero, azalean geratzeko arriskua dago. Aldaketa iraunkorra izan dadin, jendeak sinistu behar du jarrera batzuk aldatu egin behar direla.
Adiskidetzeko beharra aipatzen da sarri. Nola gaude Ipar Irlandarekin alderatuta, adibidez?
Ez dut asko ezagutzen zuen gizartearen egoera. Ipar Irlandakoarekin alderatuta, ematen du errazagoa beharko lukeela. Hemen, gizarte taldeak dauzkazue lanean; ekintzaile asko dago lanerako prest, eta horregatik da garrantzitsua Espainiako Gobernuak parte hartzea. Asko erraztuko luke adiskidetzea. Ipar Irlandan gobernuek eta gizarte zibilak parte hartu dute, baina herritar askoren partetik erresistentziak daude.
Nola animatu herritarrak urrats hori egitera?
Pazientzia handiarekin eta errespetuarekin, bakoitzak bere abiadura daukalako. Herritarrek ezin dute sentitu prozesutik kanpo geratzen ari direla, aurka jartzeko arriskua baitaukagu.
Espetxe politika da korapiloetako bat.
Esperientziak diosku elkarbizitzarako garrantzitsua dela presoek prozesuetan parte hartzea. Kanpotik gatozenok kontu handiz hitz egin behar dugu, gobernuak gaizki har gaitzakeelako, baina agerikoa da desagertu dela presoak urruntzeko argudiatutako arrazoia: ETAko kide izatea. ETA desegin da.
ETA desagertu izanak lagundu beharko luke?
Bai. Arazo bat kendu da. Baliatu beharreko aukera bat da, erraztu beharko lukeena Euskal Herrian eta Espainian erreferentzialak diren ahots batzuk agertzea aldaketa eskatzen. Gauza bera Europan.
Nola egiten da hori?
Boterean daudenengan eragina daukaten eragileekin egin behar da lan.
Bukatu da zuen lana euskal gatazkan?
Lan ederra egin dugu orain arte, eta gure asmoa da guk egin dezakeguna egiten segitzea. Urtean bizpahiru aldiz egon, egoera aztertu, analisiak egin, idatzi... Garrantzitsua da jende askoren elkarlana; elkarlan horretan, gu pieza txiki bat gara, eta rol jakin bat jokatzen dugu.
ETAren amaiera. Elkarrizketa. Jonathan Cohen. Conciliation Resources-eko zuzendaria
«Etsigarria da elkarrizketetan Madril ez egotea»
Azken hamarkadan, Cohenek oso gertutik erreparatu dio Euskal Herriko gatazkari bukaera adostua eskaintzeko ahaleginari. ETA desagertuta, uste du presoak urruntzeko argudioa ere desagertu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu