11 argazki, 11 toki eta 11 istorio bildu ditu Goiatz Labandibarrek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985) Fotogramak narrazio liburuan (Elkar). Gustuko dituen argazkiak aukeratu, eta, zinemagilea balitz bezala, geldirik dauden irudiak mugimenduan jarri ditu. Argazkiei bizia eman die, nolabait. «Argazki bat, azken finean, momentu bat da, bizitzarik ez duena. Momentu horren atzean dagoena edo momentu horretara iristeko gertatu den hori asmatzeko lizentzia eman diot neure buruari. Egia da erabat subjektiboa dela. Niri gauza bat iradokiko zidan argazki batek, eta beste bati, ziur aski, beste zerbait». Bigarren lana du Labandibarrek: 2013an Geltokiak edo Helduta entzuteko abestiak kaleratu zuen. 2014ko udan, berriz, Donostia 2016k eta Wroclaw 2016k emandako artisten mugikortasunerako beka bati esker, Hala bazan... klixk! proiektu literarioa garatu zuen Polonian.
Istorio guztiek dute oinarrian argazki bat. Baina ipuin liburu bat da Labandibarrek sortu duena. Ez dago argazkirik orrialdeetan; hitzak baino ez. Hark azaldu duenez, argazkiak ikusi gabe berdin-berdin irakur daiteke liburua, baina lagungarri izan daiteke haiei begirada bat botatzea. Horregatik, www.elkarargitaletxea.eus/fotogramak ataria sortu dute, eta han argazki bakoitza eta haien inguruko informazioa aurki daitezke. Gehienak, argazki «ezagunak» dira, Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editorearen arabera: «Azken hamarkadetan prentsa kazetaritzan ikusi ahal izan dira, eta, gaur egun, sarean ere ikusten dira. Guztiak puntako argazkilariak dira, eta oso argazki onak». Labandibarrek adierazi duenez, haietako bakoitzera bide batetik iritsi da: baten bat albiste baten bidez aurkitu zuen, besteren bat erakusketa batean ikusi zuen...
Liburuaren azalean jarri dute irudi horietako bat, Ameriketako Estatu Batuetako hippy giroa islatzen duena. 1968an Kalifornian Dennis Stockek egindako argazki bat da, Venice Beach Rock Festivalean. Emakume bat dantzan ari da, soineko zuri bat jantzia duela, ileak astintzen dituen bitartean. Irudi horrek iradoki dionetik abiatuta, Behin mundua berea izan zen ipuina ondu du idazleak.
Toki eta garai ezberdinak bisitatuko ditu irakurleak liburua esku artean duela: 1950eko Hegoafrikako apartheid sistema, 36ko gerra, Parisko moda... Askotan, erabat fikziozkoak dira narrazioak, baina, beste batzuetan, badute oinarri erreal bat. «Akaso, protagonista bada argazkilaria edo argazkian agertzen den pertsona hori. Ez da beti gertatzen, baina, kasu batzuetan, datu historikoak eta argazki horren benetako testuingurua erabili ditut istorioa asmatzerakoan», agertu du idazleak.
Edukiak bezala, forma ere desberdina du ipuin bakoitzak, Mendizabalek azaldu duenez. «Ipuin bakoitzak badu bere ukitu estilistikoa; Goiatz [Labandibar] hor saiatu da formula ezberdinak erabiltzen, eta lortu du hamaika estilo desberdin sortzea».
Dena den, badute ezaugarri komun bat istorioek: pertsonaia gehienak emakumezkoak dira. Labandibarren esanetan, ez da izan «kontzienteki» egin duen zerbait. «Ni ere konturatu naiz horretaz, baina ondoren. Nire barrurako egiten dudan ariketa da, eta errazago identifikatzen naiz emakume bat ikusten dudanean argazkietan. Edo errazago imajinatzen dut haren atzean dagoen istorio edo testuinguru hori. Ez da propio hartutako erabaki bat, baina aurreko proiektu batean ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Ipuin denetan dago emakumezko bat gutxienez; gizonak, batzuetan bai, eta besteetan ez».
Kazetariaren begia
Bi urte eta erdiko prozesu baten ostean eman du argitara liburua Labandibarrek. Baina, idaztenhasi zenean, ez zuen inongo asmorik horretarako. «Ariketa huts bat bezala hasi nintzen. Argazki bat hartu nuen; hain zuzen, lehen ipuinekoa. Argazkiak niretzat indar berezi bat zuen, eta hortik sortu nuen istorio bat. Eta ariketa horrekin jarraitu nuen: gustuko argazki bat ikusten nuen bakoitzean, hartu, eta istorio bat sortzen nuen. Ez dakit kazetaria naizelako den, baina fotokazetaritzak eta argazkigintzak atentzioa ematen didate, eta badut ohitura argazkilari baten bizitza begiratzekoa, haren lanak ikustekoa...». Pixkanaka, materiala bilduz joan zen, eta liburu bat kaleratzea erabaki zuen.
Mendizabalek ere uste du idazlearen kazetari sena nabarmena dela liburu osoan: «Ipuinen motiboa argazki bat da, eta hor uste dut lekukotasunaren zentzuak baduela zerikusia. Kazetari begia eta sena nabari zaio». Hark azaldu duenez, aurreko narrazio liburuan Europan barrena bidaia bat planteatu zuen Labandibarrek, eta oraingoan ere formula antzekoa baliatu du, nahiz eta esparrua zabaldu duen. Oraingoan, bidaia hori mundu osoan barrena egingo da, eta argazkilarien eta Labandibarren arteko elkarlan «bitxi» batek gidatuko du. «Liburu bat egiteko beste era bat da, eta, irakurlearentzat ere, irakurtzeko beste modu bat da, beharbada».
Argazkiei bizia ematen
Argazkietatik abiatuta sortu ditu Labandibarrek 'Fotogramak' liburuko 11 ipuinak. Emakumeak dira istorio gehienetako protagonistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu